Hiru hamarkada elkar elikatzen

30 urte joan dira Idazleak Ikastetxeetan programa martxan jarri zutenetik, eta zenbaki monografikoa eskaini dio 'Hegats' aldizkariak

Felipe Juaristi, Iñaki Zubeldia, Garazi Albizua eta Patxi Zubizarreta, Donostian, aldizkariaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bere liburua besapean hartu, eta eskolara abiatu da idazlea. Zain ditu han ikasle eta irakasleak, aurrez gelan landu duten obrari buruz askotariko galderak egiteko prest. Azken hiru hamarkadetan sarritan errepikatu den eszena da, 30 urte bete baititu Idazleak Ikastetxeetan programak. Liburu bat irakurri ondoren, autorea eskolara joan eta ikasleekin solasaldi bat izatea du oinarri Euskal Idazleen Elkartearen proposamenak, eta, urteurrenaren harira, hari osorik eskaini dio Hegats aldizkariaren 58. zenbakia. Monografikoa izanik ere, askotariko ahotsak bildu dituzte Patxi Zubizarretak zuzendu eta koordinatu duen argitalpenean. Haren hitzetan, sustatzaileek badutelako zer ospaturik, baita zer hausnarturik ere.

Zubizarretaren ustez, bere belaunaldikoek izan ez zuten zorte edo pribilegio bat dute gaur egungo Euskal Herriko ikasleek: «Sortzailea, izan idazlea, izan marrazkilaria, izan musikaria, eskolara, ikastolara doakie». Haiek ez bezala, egungo haurrek irakurtzeko ere «sekulako aukerak» dituztela, eta Idazleak Ikastetxeetan programa horretarako pizgarri dela ere nabarmendu du. Euskal Herritik kanpora, halako egitasmoak ez direla ohikoak azaldu du idazleak, eta salbuespen hori ere aintzat hartzekoa dela. «Hemendik kanpo ez dago halakorik; argitaletxeek egiten ez baldin badute idazleen eta liburuen promozioa, haurrek ez dute pribilegio hori».

Edonola ere, ospatzeko ez ezik, gogoeta egiteko ere aitzakia ona izan daitezke urteurrenak, Zubizarretaren iritzian.

Bi elkarrizketa luze dakartza aldizkariak: batetik, Mariasun Landarekin solastatu da Miel A. Elustondo, programaren hastapenen inguruan; eta, bestetik, Asier Serranorekin Uxue Alberdi, egitasmoaren bueltan izandako bizipenei eta esperientziei buruz. Horiekin batera, beste hamaika testu bildu dituzte: Zubizarreta bera, Irati Jimenez, Joan Mari Irigoien, Yolanda Arrieta, Pako Aristi, Amaia Hennebutte, Castillo Suarez, Fernando Morillo, Jasone Osoro, Iñaki Zubeldia, Aitor Arana eta Joxemari Iturralde idazleak, eta Naroa Ogando euskara irakaslea ageri dira sinaduretan.

Gaur egun, 70 bat idazlek parte hartzen dute programan, eta, beraz, Zubizarretak zehaztu du Hegats-en bildutako ahotsak «izpi txiki batzuk» izan daitezkeela, baina balio dezaketela esperientzia kolektibo hori ordezkatzeko.

Saio baten prestakuntzarako jarraibideen dekalogo bat erantsi diote amaiera aldera, eta 11 ikastetxetako haurrek egindako margolanekin nahiz idazleen eta ikasleen arteko topaketetako argazkiekin jantzi dute aldizkari osoa.

Zubizarretak uste du aldizkaria lagungarria izan daitekeela idazleentzat eta sortzaileentzat, baina baita irakasleentzat ere.

Elkarrengandik ikastea

Programaren hastapenak ezagutu zituen Felipe Juaristi idazleak, eta, ikasleen zorteaz ez ezik, idazleenaz ere mintzatu da. Beren liburuek irakurleen artean zer-nolako harrera duten ikusteko, egileentzat egitasmo baliagarria dela uste du; idazleek ikuspegi «zehatza, baina ez oso zabala» dutelako, eta haurren eta gazteen kasuan, berriz, alderantziz delako. «Batetik, erakutsi egiten duzu; baina, bestetik, ikasi ere egiten duzu. Nik, behintzat, haiek esaten zizkidaten gauzak kontuan hartzen nituen. Izan ere, idazlearen arriskurik handiena da isolatzea, bere bakardadetik ez ateratzea eta gizartearekin harremana galtzea». Aldizkariaren aurkezpenean izan dira Mariasun Landa eta Iñaki Zubeldia idazleak ere, besteak beste, eta biak etorri dira bat harreman horren aberastasuna nabarmentzerakoan.

Garazi Albizua idazleak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren diru ekarpenaren laguntzaz 360 saio inguru antolatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; baina 400 bat izango dira guztira, hainbat udal zein eskolak ere beren aldetik ordaindu eta aurrera eramaten dituztelako. Nafarroan, berriz, 160 saio inguru egin zituzten iaz —urtarrilean zabalduko dute deialdia—, eta Ipar Euskal Herrian ere izaten dira batzuk. Horrela, Euskal Herri osoan 700 bat saio egitea espero dute.

Sortzaileen eta ikasleen arteko harremanaren garrantzia nabarmendu du Albizuak, eta irakasleen lanari ere aitortza egin dio. «Askotan, saioaren aurretik, zurekin harremanetan jartzen dira, liburua nola irakurriko duten azaltzen dizute, eta horrek ere bidea eraikitzen du. Guretzat oso inportantea den zerbait da, bai lanerako, bai liburua bizirik dagoela ikusteko».

Hain zuzen, «sinergia» horiek azpimarratu ditu Zubizarretak. «Programa honek konplizitateak bilatzen ditu». Izan ere, haren bueltan elkarteak, erakundeak, irakasleak, liburuzainak eta beste asko elkartzen dira «literaturaren bizipoza» ospatzeko. «Programak sostengu eder bat ematen digu idazleoi, argitaletxeei ere eragiten die... azken batean, sistema osoari eragiten dio».

Aurrera begira gogoetatzeko moduko auziak izan badituztela uste du idazleak. Eta galdera ere bota du: «Zer idatzi pantailari begirik kentzen ez dioten gaurko haur horientzat?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.