Hiru mundu elkarren ondoan

Bata bestearekiko oso ezberdinak diren hiru erakusketa aurkeztu ditu Zarauzko 30. Argazki Bilerak: Erika Ederen, Pio Gerendiainen eta aspaldiko argazkien bilduma bana jarri dituzte ikusgai udalerrian

2. Photomuseum. Bere diorametan landareak protagonista dituzten paisaiak irudikatu ditu Erika Ede argazkilariak; Grosse Tropenhaus (Negutegi Handia) eman dio izena bere erakusketari. ERIKA EDE.
Ainhoa Sarasola.
Zarautz
2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Mundu ugari erakutsi ditu dagoeneko Zarauzko Argazki Bilerak. Askotariko begiraden jabe diren sortzaileen munduak, askotariko argazkilaritza tekniken bidez landutakoak nahiz mundu errealeko txatalei hartutakoak. Eta bere 30. urteurrenean, beste hiru mundu, beste hiru begirada, beste hiru argazkilaritza eredu udalerri berean bildu ditu, Zarautzen (Gipuzkoa). Landaretzak hartutako paisaiak dira protagonista Erika Ede argazkilari bilbotarrak Photomuseumeko erakusgela nagusian jarritako Grosse Tropenhaus (Negutegi handia) erakusketan; Pio Gerendiain fotografo iruindarraren Vulkanoren sutegia bilduma osatzen duten erretratuei esker, Iruñeko Mañueta txurro dendaren barrunbeetan sartuko da Torre Luzera doan ikuslea; eta XX. mende hasierako Zarautz eta inguruak bertatik bertara ikusi ahal izango ditu bisitariak Sanz Enea kultur etxean, Zarautz. Aspaldiko argazkiak sortan. 

Azken hiru hamarkadetako urteroko ohiturari segida emanez, Aste Santuko opor egunen bueltan ireki dituzte ateak hiru erakusketek, eta maiatzaren bukaera aldera arte egongo dira zabalik; maiatzaren 21era bitarte Photomuseumeko nahiz Torre Luzeko bildumak; eta hil bereko 28ra bitarte, berriz, Sanz Eneakoa.

ERIKA EDE.
'GROSSE TROPENHAUS (NEGUTEGI HANDIA)'
Non: Photomuseumen.
Noiz arte: maiatzaren 21era arte.

Bere familiako argazki zahar bat du abiapuntu Erika Ede fotografoak Photomuseumeko areto nagusian jarri duen erakusketak. 1916ko data du, eta Berlingo Lorategi Botanikoko ikasle talde bat ageri da negutegiaren kristalezko egitura garaiaren aurrean. Argazki original hori beira arasa batean dago ikusgai, eta, hortik abiatuta, bere irudi lorategia sortu du Edek. Sarrerako horman jarri duten testuan, fotografoaren esaldi bat irakur daiteke: «Argazkilaritza beti izan da nire lorategi sekretua».

Berlingo lorategiko negutegiaren izen bera darama erakusketak: Grosse Tropenhaus (Negutegi handia). Munduko negutegirik handienetakoa da, eta bertan bildu zituzten, besteren artean, Alemaniak bere garaian menpean zituen kolonietako landareak. Ideia hori ere badu oinarri bildumak.

Izan ere, beste lurralde batzuetakoak diruditen paisaiak irudikatu ditu Edek, diorama deritzon teknika baliatuta. Lurralde horietako landareak lehen planoan ageri dira sarritan, edo paisaiaren parte dira bestela, eta, tartean, figura txikiak antzeman daitezke, gizakiak edo animaliak batik bat. Hala, kakao biltzaileak ikus litezke Kamerungo ingurune batean, gizon bat bizkarrez AEBetako kotoi landaren sail batean, edo jirafa bat sabanako belar horian. Argazkiak dira guztiak, baina margolan kutsurik ere badute, Martxel Altuna Photomuseumeko zuzendariaren iritziz. «Jolas horretan, argazkiak ote diren ere zalantzan jartzen duzu; emaitza polita da».

Bestelako paisaia batzuk erakusten dituzten hiru argazki handi ere badira aretoan, Piel de lluvia (Euri azala) seriekoak: harriz betetako hondartza bat ageri da lehenean, eta ur ertzeko eszenak dira beste biak ere, zeinetan zeruak ere presentzia handia duen.

PIO GERENDIAIN.
'VULKANOREN SUTEGIA'
Non: Torre Luzean.
Noiz arte: maiatzaren 21era arte.

Photomuseumetik Torre Luzera eginez gero, landareen mundutik atera eta sutegi berezi batean sartuko da bisitaria. Hain zuzen, Pio Gerendiain argazkilariaren Vulkanoren sutegia erakusketa dago han ikusgai, eta egileak ongi ezagutzen duen leku bat da sutegi hori: Iruñeko Mañueta karrikako txurro denda. 1872. urtean ateak ireki zituenetik, Elizalde familiako sei belaunaldik eutsi diote bizirik, eta, gaur egun, soilik sanferminetan eta urriko igandeetan izaten da zabalik; jende ilara luzea izaten da egun horietan karrikan, eta martxa bizia denda barruan.

Barrunbeetako jardun hori da Gerendiainek erretratatu duena. Iazko udan, dendaren 150. urteurrenean, Iruñeko Kondestable aretoan ikusgai egon zen erakusketa. Eta argazkilariak berak orduan azaldu zuenez, aspaldiko lagunak ditu elizaldetarrak, eta txikitatik ezagutzen du lekua. Sarri egin izan ditu bertan argazkiak; erakusketakoak, ordea, orain arte sekula egin gabeko modu batean hartu zituen: sakelakoarekin. Sarritan zuri-beltzean egin izan du lan Gerendiainek, baina kolorearen aldeko hautua egin zuen kasu honetan. Bere telefonoaren edizio programarekin ere probak egin zituen, eta gustura geratu zen irudietako tonu okre eta marroixkekin; berak «barroko» gisa definitzen duen atmosfera horrekin.

Iritzi bera du Altunak. «Kolore barrokoak, lurrunez betetako espazioak, koipea... giro hori dago argazkietan. Ia ez dakizu ikusten duzuna txurro denda bat den edo fundizio bat den».

Izan ere, egurra, kea, sua, labeak, txinpartak, olio iraina, lurruna, pertzak... eta tradizioari eutsiz lanean jo eta su dabiltzan familia bereko kideak dira argazkietako protagonistak; beroa eta usainak ere suma litezke, kasik, aretoko lau hormak alderik alde betetzen dituzten irudietan.

'ZARAUTZ. ASPALDIKOARGAZKIAK'
Non: Sanz Enea kultur etxean.
Noiz arte: maiatzaren 28ra arte.

Udalerriarekin lotura berezia duten irudiak Sanz Enean erakusteko ohitura hartu du azken urteotan Zarauzko Argazki Bilerak, eta hala egin du aurten ere. XX. mendearen hasieran udalerria, inguruak eta bertan bizi ziren jendeen bizimodua —aristokraziako zein goi klaseko familiena gehienbat— nolakoak ziren erakusten du Zarautz. Aspaldiko argazkiak erakusketak. Eta, aldi berean, argazkilaritza estereoskopikoaren nolakotasunak ezagutzeko aukera ere eskaintzen dio bisitariari.

Abiapuntu bitxia du bildumak, Conchi Lopez Photomuseumeko langileak azaldu duenez. Izan ere, Francisco Etxabe eta Juana Bengoetxea senar-emazteek dohaintzan eman eta museoaren bilduma iraunkorrean ikusgai izaten den bisore estereoskopiko batean —Sanz Enean jarri dute erakusgai orain—, XX. mende hasierako beira estereoskopikoen sorta bat topatu zuten. «Lau kaxoitxoak plakaz beteta zeuden, 50 bat aurkitu genituen. Lehenak aztertzen hasi, eta Zarautz zela jabetu ginen; zirrarak eta jakin-minak bultzatuta jarraitu genuen haiek aztertzen».

Garai hartan garatu zen argazkilaritza teknika hori giza ikusmenean oinarritzen da, hura imitatzen du nolabait: bi irudi sortzen ditu kamerak —begi bakoitzeko bat balira bezala—, eta beira bisore berezi batekin begiratuta, hiru dimentsiotako irudi baten efektua lortzen da. Erretratuei sakontasuna emateko erabili zen teknika.

Haiek aztertu, apur bat garbitu, eta digitalizatu egin zituzten museoko langileek, eta horien erreprodukzio digitalak dira ikusgai jarritakoak, aldamenean jatorrizkoaren argazki txiki bat dutela.

Ez dakite argazkien egilea nor izan zen, baina argi ikusten da Zarautz eta inguruak direla haietan irudikatutakoak. Udalerrira uda pasatzera joan ohi ziren goi klaseko eta aristokraziako familia eszenak ageri dira gehien. Hala, haurrak hondartzan jolasean edo haien zaintzaileekin, dotore jantzitako andreak elkarrekin solasean, txaletak eta lorategiak ikus daitezke, baita Viktoria Eugenia Espainiako erregina tenisean jolasten ere. Herritar xumeak erakusten dituzten argazki gutxi batzuk ere badira; idiei tiraka doazen baserritarrak nahiz latsarrian arropa garbitzen ari diren emakumeak dira protagonistetako batzuk haietan, besteak beste.

Zuri-beltzeko irudiak dira guztiak, baina kolorea ere antzeman daiteke gutxi batzuetan. Izan ere, hondartzako eszenak zeuzkaten hiru plaka autokromo ere aurkitu zituzten bilduma berean. Argazkiei kolorea eransteko aurreneko prozedura izan zen autokromoa, Lumiere anaiek 1907an patentatua, eta 1932ra arte erabili zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.