Zinema

'Hiru olatuak': Paul Urkijoren lehenengo film garaikidea

Bermeoko kondaira batean dago oinarritua, baina gaur egungo euskal gizartean girotua dago; Usurbilen izan dira eszena bat grabatzen. Zuzendariak inoiz baino aurrekontu handiagoa du filma ekoizteko, eta, hala, thriller psikologiko bat onduko du.

Paul Urkijoren 'Hiru olatuak' filmaketa, gaur, Usurbilen. DAVID HERRANZ
Paul Urkijoren 'Hiru olatuak' filmaketa, gaur, Usurbilen. DAVID HERRANZ
Odile Bourguignon Goñi
Usurbil
2026ko azaroaren 5a
18:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Paul Urkijoren munduan sartzera zoazte». Ez da izan, antza denez, prentsa deialdia egiteko egun aproposena. Baina ez zegoen egun hoberik. Orain arteko eszena batzuk gauez grabatu dituzte, noski, Urkijoren filmek izan ohi duten kutsu misteriotsuaren ildoari jarraitzeko. Eta, bestela ere, ezin kazetariak itsasora bidali. Usurbilgo Soroa eta Sarobe jauregian (Gipuzkoa) ari dira grabatzen Urkijoren Hiru olatuak filmaren pasarte bat, eta jauregiaren berezko estetika izan zitekeen arren, atrezzoa da, egun, barrenean ikus daitekeen dena. Arrantzaleen kofradia bihurtu dute eraikina, eta aktoreak herri batzar bat egitera doaz.

Anorakak eta belaunetarainoko katiuskak jantzita daude 25 lagun inguru, eguzkiak bisaia epeltzen dien bitartean. Eta bustita dituzte jantziak, baina ez du aspaldi euririk egin. Horietako baten bizkarrari zaplada bat emanez gero ohartu daiteke bat, hain zuzen, produktu likatsu bat igurtziz lortu dutela busti efektu hori. Horri esker, badirudi arrantzale horiek lehorrean hanka bat jarri dutenetik ordu gutxi batzuk besterik ez direla pasatu. Eta zalantza egin dute ingurukoek, baina txima luzedun arrantzale kaputxaduna Ramon Agirre aktorea da. «Isilik!!!». Filmaketa-set ilun batetik atera berri dira, baina beste mundu batetik etorritakoak dirudite. Eszena «perfektu» atera dela dio batek. 

(ID_17938904369075) (/EZEZAGUNA) Paul Urkijoren \'Hiru olatuak\'
Paul Urkijoren 'Hiru olatuak' filmaketa, gaur, Usurbilen. DAVID HERRANZ

Iñigo Aranbarri aktoreak dio arrantzaleok «ederrak eta ilunak» direla aldi berean: «Zauriz josita daude, zentzu guztietan. Denok bezala, baina haiek nabarmen dituzte zauriak, adinarekin, zimurrekin batera, kanpora ateratzen direlako norberaren kargak eta minak». Bera da filmaren protagonistetako bat: Isaac, Marta (Fariba Sheikhan) bikotekidearekin bizi den gasteiztarra. Guraso izatera doaz, baina Isaac duela 30 urte inguru hil zitzaion aitaren arrastoari segika abiatuko da bere jaioterrira. Zehazki, Euskal Herriko kostaldeko herri misteriotsu batera. «Isaacek amesgaiztoak ditu eta ez du bakerik», azaldu du Aranbarrik.

Pertsonaiaren aita itota hil zen itsasoan, baina, nola edo hala, agertu egingo da berriro ere. Hala, uretan eta portuetan —Elantxoben (Bizkaia) eta Mutrikun (Gipuzkoa), besteak beste— grabatu behar izan dituzte eszena asko eta asko. Eta Aranbarrik itsasoari dion gustua ikusirik, zera esaten omen zion lankideetako batek: «Hik arbasoren bat eduki behar duk itsasoan ibilitakoa!». Baina ez du halakorik, ez berak dakiela behintzat: «Lotura estua dut itsasoarekin; asko-asko gustatzen zait». 

«Barku bat zapaldu eta zorabiatu egiten naiz. Berdin pasatu zait: barkua zapaldu eta zorabiatu egin nintzen. Etzanda pasa nuen denbora osoa, eta grabatzeko eskatzen zidatenean, orduan zutitu, kareletik botaka egin eta segi»

URKO OLAZABAL Aktorea

Bestela izan da Urko Olazabalentzat: «Haurra nintzenetik izan dut itsasoa debekatuta, ze barku bat zapaldu eta zorabiatu egiten naiz. Eta oraingo honetan ere berdin pasatu zait: barkua zapaldu eta, nahiz eta itsas gizonaren itxura eman behar izan, zorabiatu egin nintzen. Etzanda pasa nuen denbora osoa, eta grabatzeko eskatzen zidatenean, orduan zutitu, kareletik botaka egin eta segi». Isaac protagonistaren haurtzaroko laguna da Olazabalen pertsonaia, Abel. Jaioterrian egingo dute topo berriro ere: «Iraganean murgildu eta orduan hasiko da istorioa».

Zuzendariak berak aitortu du filmaren erronka handiena itsasoan grabatzea izan dela: «Ezinezkoa da itsasoa kontrolatzea, eta, hein batean, horri buruzkoa da filma». Eta, gainera, erabili duten itsasontzia polita ez ezik, txikia ere bada: «Asko mugitzen da, baina filmaren pertsonaia egin dugu nolabait». Aipaturikoez gain, aktoreen artean daude Iñaki Beraetxe, Karmele Larrinaga, Belen Cruze, Iñake Irastorza, Goize Blanco, Elias Garcia eta Mikel Losada.

Mundu «alkoholiko» bat

Bermeoko (Bizkaia) kondaira batean oinarrituta egonik ere, Hiru olatuak Paul Urkijoren lehenengo film garaikidea izango da: «Kotxeak eta mobilak agertzen dira, nahiz eta ez ditudan bat ere gustuko». Azaldu duenez, filmaren protagonista arrantzale mundu «misteriotsu eta alkoholiko» batean murgilduko da, baita, horrekin batera, hiru olatuen mitoan murgildu ere. «Euskal Herriko mitologia, gehienbat, basoetan, kobazuloetan edo mendietan gertatu izan da. Ez dira horren ezagunak itsasoko kontakizunak. Bada, niri betidanik gustatu izan zait hiru olatuen istorioa, nola bale ehiztarien garai mitiko horretan agertu ziren hiru olatu, marinelak kastigatzen zituztenak».

Istorioaren iluntasunak zirrara sortzen dio zuzendariari; horregatik, thriller psikologiko garaikide bat ari da ontzen, baina, ziurtatu du, aurretik egindako filmen arrastoa ere izango duela. Zeren, Olazabalek baieztatu duen moduan, «Paul Urkijok bere unibertso propioa dauka». Zuzendariaren laugarren film luzea izango da honakoa. Aurretik egindakoak dira Gaua (2025), Irati (2023) eta Errementari (2017).

Olazabalek eta Urkijok unibertsitate garaitik ezagutzen dute elkar, eta orduz geroztik antzematen dio Olazabalek zuzendariari izena eta abizena dituen unibertso baten zantzua. Zailena, halere, unibertso hori kameren aurrean islatzea izaten da: «Garai hartan ja flipatu egiten genuen berarekin, pentsa orain! Jasotako aurrekontuekin pelikula borobilak egiten ditu». Orain arte jasotako aurrekontu handiena izango du Urkijok Hiru olatuak filmatzeko. «Ikusleek flipatu egingo dute», ziurtatu du Olazabalek. Edonola ere, Urkijoren ustetan «denbora eta baliabide» gehiago behar lituzkete, beti baitabiltza denbora gutxirekin grabatzen. 

«Gaur egungo euskal gizartearen elementuak eta ñabardurak topatuko ditugu, baita, noski, arrantzaleen edo bale ehiztarien garaira eramango gaituzten elementuak ere»

PAUL URKIJO Zuzendaria

«Nire estetika ipuin baten parte da, eta gustatzen zait topikoekin jolastea, karikaturak bilatzea», azaldu du zuzendariak. Eta, hain justu, Iñigo Aranbarrik ipuin kontalari moduan definituko luke Urkijo, eta, zentzu horretan, dio aktore moduan duen lana ipuin hori kontatzen laguntzea dela. Bada, zera topatuko du ikusleak Urkijoren ipuin berrian: «Gaur egungo euskal gizartearen elementuak eta ñabardurak topatuko ditugu, baita, noski, arrantzaleen edo bale ehiztarien garaira eramango gaituzten elementuak ere». Urkijok berak Caye Casasekin batera idatzi du gidoia. Eta inor konbentzitzeko asmo berezirik gabe, zera adierazi du Aranbarrik, «benetan»: «Ikusle moduan ere, egiten ari garen hau ikusteko gogoa ari zait pizten». 

Eta ekaitz akuatiko bat

Alicantera (Espainia) egingo dute bidaia aurki, zehazki, Lo imposible filma grabatu zen plato berberera. «Ekaitz akuatiko kontrolatu bat sortzera goaz», azaldu du Urkijok. Hiru aste eta erdi inguru dituzte aurretik filmaketa bukatzeko. Gero, muntaketa lanetan jarriko da zuzendaria, eta urtebete barru iritsiko zaio ikusleari filmarekin «flipatzeko» ordua. Hori dute asmoa. 

Ekoizpen lanetan, aurreko proiektuetan bezala, Ikusgarri Films dago, eta tandema osatuko du Irusoin ekoiztetxearekin. Aldi berean, proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren finantzaketa, eta EITB, RTVE, HBO Max eta Movistar Plus+en laguntza jaso du. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA