Egiari zor, lana «albo kalte bat» da; hori aitortu du Mitxelko Urangak (Berango, Bizkaia, 1978), hasteko. 2021ean UEUk eta Eibarko Udalak antolatzen duten Juan San Martin beka jaso izanak piztu zuelako txinparta bat, nolabait. Eduardo Apodaka eta Joseba Gabilondorekin batera ondutako Globalizazioaren ondorenaz: apokalipsia, egia-ostea eta subjektuaren autonomia proiektua nabarmendu zuen sariketa horretako epaimahaiak, eta, lan horretatik abiatuta, liburu bakarra ez, liburu bana idaztea erabaki zuten hiru autoreek. Egiari buruzko lan bat hasi zuen orduan Urangak. «Zergatik? Bagenekielako egia-ostea hitza pil-pilean zegoela, egia krisian zegoela erakusten zuten zantzuak ikusiak genituelako; bazegoelako zerbait hor», ekarri du gogora filosofoak. Azterketa lan hori Emognosia izenburupean jaso zuen gerora, eta Miguel de Unamuno 25. saria irabazi zuen iaz harekin. Liburu modura eman du orain saiakera, Erein argitaletxearekin.
«Liburua egiari buruzkoa da funtsean, baina egia da egiaz hitz egiten duzunean beste gauza askotaz ere hitz egin behar duzula», onartu du Urangak saiakeraren aurkezpenean, Donostian. Inazio Mujika Ereineko editoreak lagunduta esplikatu ditu liburuaren nondik norakoak, eta batak eta besteak utzi nahi izan dute agerian liburua zenbateraino den lotua gaur egungo joera eta auziekin. «Ikasgai askoko filosofia liburu bat da, gaur egungo gaiei erantzuten dien liburu bat», azpimarratu du Mujikak. Eta saiakeran jasotzen den diagnostiko bat ere eman du editoreak, mokadu gisara, autoreari hitza eman atarian: «Gaur egungo gizarteak joera du arrazoia baztertzeko; emozioa bihurtu da egia eta errealitatearen irizpide nagusia».
Hain justu ere, horrekin du ikustekoa Urangaren saiakerak izenburuan berean nabarmendua daukan emognosia kontzeptuak. Egileak eta editoreak aletu dutenez, emo —emozioak— eta gnosis —ezagutza— adieren batuketa eginez sortu du hitza Urangak. Hitz bakarrean bildu du, hala, azken urteotan eta batik bat COVID-19aren izurriteaz geroztik sumatu dituen «sintomei» begiratuta ondorioztatutako batzuk. «Negazionismoa, konspirazioa, plandemia delakoa pandemia garaian; arrazoiak hondoa jo du, eta egia krisian dago. Arrazoia baztertu egiten da horietan guztietan, eta emozioei heltzen zaie».
Ezaxolakeria garaile
Joera horren sintomak eta kausak, biak jaso ditu saiakeran Urangak, eta gaur egungo adibide ugarirekin hornitu ditu azalpenak. Gainera, emozioen gailentzea ez ezik, beste hainbat fenomeno ere sarri identifikatu ditu ikerketan: hitzontzikeria edo berbontzikeria da horietako bat. «Egiarekiko ezaxolakeria» gisara definitu du hori, zehazki. «Gezurra eta berbontzikeria ez dira gauza berbera; batak ondo diseinatutako plan bat behar du, besteak ez».
Marina Yers influencer eta eduki sortzailearen kasua ekarri du hizpidera Urangak, adibide gisara. Kasu ezaguna da harena. «Influencer hau zuzenekoetan xelebrekeriak egiteagatik eta esateagatik egin da famatu. Eta kontuan har dezagun Tiktoken 3,5 milioi jarraitzailetik gora dituela», gogoratu du egileak, haren soslaia emateko. 2020an egin zuen eztanda Yersen auziak: zuzeneko bideo batean, esan zuen urak «deshidratatu» egiten duela, eta, hori argudiatzeko, azpimarratu zuen hala ez balitz «ur botiletako etiketetan adierazia» legokeela urak hidratatu egiten duela. Urangaren iritziz, egia-ostearen adibide garbia dira tankera horretako kasuak. «Yersen kasuan, horrek erakutsi zuen berdin zitzaiola egia zein zen. Auskalo nondik atera zuen datu hori, baina berdin-berdin bota zuen; hori da berbontzikeria».
Beste zientoka adibide ere zerrenda daitezkeela iradoki du Urangak, segidan. Donald Trump AEBetako presidentea aipatu du, kasurako. Uranga: «Argi eta garbi esaten digu egia ez zaiola axola. Soilik botatzen du behar duen mezua, egia izan edo ez, bere helburuak lortzearren». Dioenez, horretan oinarritzen da populismoa batez ere, eta, izatez, hitzontzikerien bitartez emozioetara heltzeko gaitasunagatik dauka populismoak halako arrakasta. «Minduta dauden horiengan, bereziki».
«Bizi duguna ez da erlatibismoa; omen dauden egia guztiak ez baitaude maila berean. Konspiranoikoarentzat berea da egia bakarra, eta besteak ez ditu errespetatzen»
MITXELKO URANGA Idazlea
Bestalde, egia bat eta bakarra ez delako argudioa sutsuki nabarmentzen dutenei buruzko gogoetak ere jaso ditu Urangak lanean. «Esaten digute egia objektiboa ez dela existitzen, eta onartzeko egia asko daudela eta norberak duela berea». Ordea, autorearen esanetan, erlatibismoa aldarrikatzen dutenetako asko izaten dira, preseski, arrazoiari edo zientziari loturiko argudioak guztiz baztertu eta eztabaidatzeari ere uko egiten diotenak. Talde horretan kabiarazi ditu, besteak beste, «negazionistak» eta «konspiranoikoak».
Ondorioetara helduta, gaur egungo garaia deskribatzeko manera bat plazaratu du Urangak, zorrotz. Errealitatea zein ez den argitu du aurrena: «Bizi duguna ez da erlatibismoa; omen dauden egia guztiak ez baitaude maila berean. Konspiranoikoarentzat berea da egia bakarra, eta besteak ez ditu errespetatzen». Eta, kontrara, xehe azaldu du zer gailentzen den, haren ustez: «Emognosia», emozioen bidezko ezagutza, alegia. Horra hor liburuaren abiapuntua eta helmuga: egiaren bilaketan emozioak gailentzen direlako ideiaren azpimarra. Baina dei bat ere badakar liburuak berarekin, aurkezpenean azpimarratu dutenez: autokritikarakoa.