'ATZERAKARGA'
Idazlea:Â Fermin Etxegoien.
 Argitaletxea: Pamiela.
Â
Hitz bakarrekoak dira Fermin Etxegoienen orain arteko nobela izenburuak. Bosgarrena du Atzerakarga, nobelagintzan jadanik ibilbide sendoa egin duen seinale. 2009ko Autokarabana saritu hartatik hamabost urtera itzuli da Pamiela argitaletxera, tarteko hirurak Ereinen eman eta gero. Hogeitaka urteko Mikel izeneko gaztea da nobelako protagonista. Umoregilea, bilbotarra, unibertsitate pribatuko Zuzenbide ikasle alfertua, jeltzaleen semea. Sexualitate askekoa. Mikelen ibilerei jarraituko die kontakizunak. Telebista publikoko umore saio batean ari da lanean, eskarmentu handiko euskal komiko baten gidaritzapean. Han bizitakoak, guraso dibortziatuekiko harremana zein Lenice emakume transarekiko maite kontuak aletuko dira kapitulutan zehar.
Ideiaz, burutazioz eta teoriaz betexeak egon ohi dira Etxegoienen nobelak. Fikzio arruntekoak dira forman, pertsonaia eta hari narratibo argiarekin, alegia; baina saiakeraren eragin nabarmena dute. Sarritan pertsonaien ahotan jarrita saiakera kutsuko pasarteok. Kasu honetan umoregile beteranoa da ezin konta ahala hausnarketen igorle: euskararen auzi katramilatsuez, euskaldunon identitateaz, euskal telebista publikoaren geroaz, eta abar. Gogoetok ez dira soilik teoriaren mailan adierazten, testuaren estiloan bertan ere gorpuzten baitira, umoregile beteranoaren zirtoen bitartez gehientsuenetan, perpausen ordenatik hasi eta hitz-joko eta hiztegiaren zabartzeraino. Hizkuntzaren adierazkortasuna eta trinkotzea izanik autorearen obsesio nagusietako bi, apustu garbia dago horiek nobelaren estilora ekartzeko eta, hori horrela, hartu-eman joria ere antzematen da nobelako zenbait ezaugarri eta idazkeraren artean. Esan nahi baita, ondo egokitzen dira erabaki estilistikoak eleberriaren giro urbanoarekin, Euskal Herriaren irudi arrunkeriazkoarekin, sarkasmo eta arinkeria tonuarekin.
Gainjarritako adjektiboak, hitzen sorkuntza, maileguen erabilera eta esaera informala darabiltza erruz autoreak. Idazkera kaotiko samarra antzeratzen du, oldarkorra eta sutsua ere bai tarteka, etenik gabea pasarte batzuetan. Gozagarria da hori zenbaitetan, bizi-bizia denez Etxegoienen prosa, txinpartaduna eta eraginkorra umore punttuetarako. Era berean, aipatu beharrekoak dira idazkeraren aldizkako indar espresiboa zein autorearen sormen linguistikoa. Horrek ifrentzua ere badakar, ordea, batik bat pasarte diskurtsiboegietan. Ez gutxitan nobelaren kartilagoa zurrundu egiten dute pasarteok, erritmo narratiboaren higatzea ekarriz eta, batez ere, pertsonaiok txotxongilo hutsaren mailara hurbilduz. Ez dio beti onik egiten testuari, gainera, adjektibazio uholdekakoak, behartuegia eta zapal samarra suertatzeraino batzuetan.
Edonola ere, gogoeta pizgarri ugari eskaintzen ditu Etxegoienek, estilo biziz egin ere. Lokatza maite du autoreak eta lokatzetan egiten ditu murgialdi irakurlearentzat gozagarriak. Gainera, koherentziaz eusten dio apustu estilistikoari. Eleberri bihurria idatzi du, konplexurik gabea. Hizkuntzaren kargak arintzeko balio diezagula.