Azken hamarkadotan sarritan eman digute hedabideek hizkuntza baten azken hiztunaren heriotzaren berri. Baita euskalki batena ere, inoiz. Hizkuntza baten azken hiztuna ezustean agertzea, ordea, harrigarria bezain pozgarria da, eta oso gutxitan gertatzen da. Are gutxiago, hizkuntza hura duela berrehun bat urte hiltzat eman zenean. Hori gertatu zen Argentinan Blas Jaime jauna, chanĂ¡ hizkuntzaren hiztuna berau, ezagun egin zenean. Geroztik hogei bat urte joan dira, eta astiro izan den arren, albistea hedabide nagusietara ere iritsi da.
Blas Jaime, 1934an Nogoyan (Entre RĂos) jaioa, urte luzez bizi izan zen sinetsita nonbait chanĂ¡ hiztun gehiago egongo zirela. Hirurogeita hamar urte bete zuenean, alabaina, beste chanĂ¡ hiztunik ez zegoenaz jabetu, eta chanĂ¡ zekitenak bilatzeari ekin zion eskualdean. Ez zuen inor ere aurkitu. Bitartean, hizkuntzalari batek Blas Jaimerengana jo zuen egiaztatzeko ustezko hiztun hura ez zebilela gezurretan. Hizkuntzalaritza arloan ohikoak diren irizpideei jarraiki, laster geratu zen argi chanĂ¡ zela Blas Jaimek egiten zuena. Gainera, haren mintzoa bat zetorren XIX. mende hasieran apaiz batek egindako chanĂ¡ hizkuntzaren hiztegi txikiak zekarrenarekin. Hain zuzen, Damaso Antonio Larrañaga Pires apaiza (1771-1848), euskaldun baten semea, izan zen chanĂ¡ hizkuntzaren hiztegi bakarraren egilea.
Blas Jaimeri amarekin eta amonarekin bizitzea suertatu zitzaion haurtzaroan. Hizkuntzaz gain, bere herriaren elezaharrak, ohiturak, bizimodua, ogibideak, sinesmenak... ikasi zituen haiengandik. Baina galdera da zergatik eman ote zen chanĂ¡ hizkuntza hiltzat. Hitz egiten zekitenak bi mendeetan zehar izkutatu zirelako, harik eta guzti-guztiek, batek izan ezik, beren hizkuntza galdu zuten arte? Gainbehera horretan, hizkuntza ezezik, beren jatorria ere ukatuko zuten; beren burua, alegia.
Nola iritsi ziren chanĂ¡ herrikoak egoera horretara? Ameriketako herriek kolonizatzaileengandik jasandako zapalkuntza gogoan hartuta, ez da asmatzen zaila zer zela-eta jokatu zuen horrela chanĂ¡ herriak: izuaren eraginez. Aski ezagunak dira garai hartako sarraskiak bertako herrien kontra. Hasieran, chanĂ¡ herria, beste asko bezala, etsaien aurrean bere burua salatzearen beldur ibiliko zen; geroago, lotsa nagusituko zen haien artean, zuriak baino gutxiago zirela sinetsarazi baitzitzaien. Orain ere gertatzen dena.
ChanĂ¡ herria arrantzatik bizi zen kolonizatzaileak heldu zirenean, ur bazterretik gertu, Parana eta Uruguay ibaiei loturik betiere. Charles Darwinek han gertatutako pasadizo bati buruz idatzi zuen bere egunkarian (1839an argitaratua), Beagle izeneko itsasontzian munduan zehar bidaiatzen ari zenean. Darwinek «gizateriaren izenean» egin zuen behin protesta ikusi zuelako nola gobernuko soldaduek bertakoen talde oso bati, ehun eta hogei bat lagunek osatua, heriotza eman zioten, hotz-hotzean, inori bizitza barkatu gabe, ez gizonei, ez emakumeei ez eta umeei ere. «Basati haiek» ume asko izaten zutela erantzun zioten Darwini eta, beraz, denak hiltzea besterik ez zegoela.
Hizkuntzez gain, herriak ere jo ohi dira «desagertutzat» herrialde bat azpiratu ondoren. Aski itsusia da esatea herri oso bat hil dela kolonizatzaileek ekarritako birusek edo gaixotasunek jota, edota borrokaldietan; hala eta guztiz, beti izaten da onuragarria, garaileen ikuspegitik, jatorrizko herriei heriotza-agiria ahal den azkarren egitea. Batik bat, lurraldeei buruzko aldarrikapenak saihesteko. Hilek ez dute eskubiderik. Museoetan, laborategietan eta unibertsitateko antropologia sailetan izan daitezke aztergai, onenean.
Ildo beretik, Huellas vivas del indocubano (Indokubatarraren aztarna biziak) 2007ko liburuak, adibidez, ongi erakusten du Kubako jatorrizko bizilagunen zenbait ondorengok, garai batean desagertutzat eman baziren ere, iraun egin dutela iristen zailak diren tokietan, esklabotzatik ihes egindako afrikarren ondorengoekin batera.
Miraritzat har daiteke Blas Jaimek, inguruan beste hiztunik izan gabe, ama-hizkuntzari eutsi izana. Bada, Blas Jaimeren agerpena jendaurrean Jesukristo berpiztu ondoko agerraldia bezalakoa izan da. Agidanez, chanĂ¡ mintzoak hainbeste luzatu du bere hilzoria lurpean non, Lazaro ez bezala, inork hilkutxa irekitzeko eskatu gabe, plazara jalgi den hil eta berrehun urte geroago. Aukera bikaina dago orain chanĂ¡ herriari zor zaion aitortza egiteko, bai eta gehienetan erabat txokoraturik, sakabanaturik eta pobrezian bizi diren Argentinako jatorrizko beste gizataldeei ere.
Agidanez, chanĂ¡ mintzoak hainbeste luzatu du bere hilzoria non, Lazaro ez bezala, inork hilkutxa irekitzeko eskatu gabe, plazara jalgi den hil eta berrehun urte geroago
Zeregin horretan dihardu, nekaezin, Blas Jaime jaunak, bere hizkuntza eta jakintza irakasten eta toki guztietara zabaldu nahian. Ez du bihotza galdu, bihotz hitzari Rikardo Lehoibihotzaren izenari dagokion esanahia emanda. Euskaraz ere egon da bihotz hitzaren adiera hori. Bihotza, izan ere, ausardiaren eta etsigaitzen izaeraren adierazlea izan da, Balendi Deunaren eguneko ospakizunak eta arrosa koloreko salgaiak gailendu baino lehen. Xalbador bertsolariak, berriz, hizkuntza herriaren bihotza dela esan zuen. Gaur, euskara eta bihotzak ahultzen ari diren honetan, herriak, zoritxarrez, animo, animatu eta desanimatu lehenesten ditu, bihotza erori, bihotza galdu, bihotza galarazi, bihotza eraiki, bihotza jaso eta antzekoen gainetik.