Hogei ikuskizun aurkeztuko dituzte 'DA! Pro' topaketan, azaroaren 24an eta 26an

Musikaren eta haurrentzako ikuskizunen arloko sortzaileentzat eta programatzaileentzat da. Azaroaren 24an izango da haur ikuskizunen gainekoa, eta 26an musika arlokoa. Programatzaileek azaroaren 23ra arteko epea izango dute izena emateko.

'DA! Pro' topaketan aurkeztuko diren ikuskizunetako bat. DURANGOKO AZOKA
'DA! Pro' topaketan aurkeztuko diren ikuskizunetako bat. DURANGOKO AZOKA
garbine ubeda goikoetxea
2026ko azaroaren 12a
16:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarazko ekitaldiak kultur programazioan aintzat hartzea eta kulturgileen lana Euskal Herrian barrena zabaltzea. Horiexek ditu xede nagusi DA! Pro topaketak, eta bi egun eskainiko dizkiote langintza horri, Durangoko Azokaren aurretik; zehazki, azaroaren 24a eta 26a. Hala, musikaren eta haurrentzako ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileak, profesionalak eta programatzaileak elkartuko dira Durangon (Bizkaia), aurten zortzigarrenez. Gerediaga elkarteak, Musika Bulegoak, Berbaro elkarteak eta Bizenta Mogel liburutegiak antolatzen dute topaketa, BBK fundazioaren babesarekin.

Aurreko urteetako jardunbide bera izango du topaketak: sortzaileek jai antolatzaileen, euskara teknikarien, liburutegietako dinamizatzaileen eta kultur arloko gainontzeko profesionalen aurrean aurkeztuko dituzte euren proposamenak, ikusle izango diren profesional horiek eskaintza ezagutu eta egokiera aztertzearren. Programatzaileek azaroaren 23ra arte izango dute izena emateko aukera, www.durangokoazoka.eus atariko izen emateen atalean.

Dozenaka ikuskizun

Berbaro elkarteak antolatuko du haur ikuskizunen arloko topaketa. Azaroaren 24an izango da, Bizenta Mogel liburutegian. Askotariko diziplina eta formatuak uztartzen dituzten hamar proposamen erakutsiko dituzte bertan Ortzi mugaren bi aldeak (Ameli ipuin kontalaria), Hitzekin jolasean (Taulelak Antzerki Taldea), Bertso jasa bat-bateko jolasa (Lanku), Otsoko eta Xixili (Lanku), Desberdinak gara eta harro gaude (La Enananaranja), 3 Elementu – 360ºko esperientzia murgiltzailea (Hodei Produkzioak), Nai Malabarista (Nai Imaginazioak), Ameztu antzerkia - Ipurbeltz (Nai Imaginazioak) eta Kay robot (Ameztu antzerkia). Denak ere 3 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoentzako lan artistikoak dira. Nolanahi ere, horietariko batzuk adin tarte zabalagoetara egokitzeko modukoak izango dira.

Musika arloko topaketa, berriz, Musika Bulegoak antolatuko du. Azaroaren 26an izango da, San Agustin kulturgunean. Topaketetan parte hartzeko interesa agertu duten 24 proiektuen artetik hamar hautatu dituzte antolatzaileek: Andrea Goikolea, Ane Martija, Azax, Bakelite, Bafi etxeko loturak, Gar, Garazi Esnaola, Lanbro, Mirari eta Rig3l artistenak.

Proposamen horien estiloei dagokienez, popa eta pop-rocka dira nabarmenenak (%41,7). Metala da hurrengoa (%25), eta atzetik datoz hiri musika (%8,3) eta folka (%8,3).

Musika Bulegoko ordezkari Ruth Manzanok musika topaguneren balioa berretsi du: «Proiektu berriak ikusgarriago egiteko eta profesionalekin harremanak sortzeko aukera paregabea da. Horixe da elkarlan honen baliorik handiena: gure musika eszenaren etorkizuna eraikitzen laguntzea, sortzaileei aukerak zabaltzea». 

Sorkuntza ardatz

Sorkuntzaren atzean dagoen lanari arreta berezia jarri dio aurtengo Durangoko Azokak, bai eta programatzaileei eta teknikariei ere. Haien lanaren garrantzia balioetsi du Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak: «Kultura herritarrengana ailegatzeko lan garrantzitsua egiten dute». Halakotzat jo du Durangoko Azoka bera ere: «Kulturaren jaialdi gisa aldarrikatzen den heinean, ohiko egunez harago hedatzea eta tokian tokiko kultur garapenerako baliagarri izatea dagokio Durangoko Azokari». Halaber, «euskara indartzeko bide» gisa definitu du kultura.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA