Honekin egin nahi duzuna. Donostia Kultura Poesia Sariketaren bederatzigarren aldian gailendutako lanaren izenburua ez ezik, zirikatzeko modu bat ere bada hori. Hala dio, behintzat, Itziar Agirre Sagaseta egileak (Donamaria, Nafarroa, 2001): «Gogoeta eta buruhauste aunitz paratu dut liburuan, barneko korapiloa laxatu dut, baina ez dut erantzun bat. Irakurlearen esku dago orain. Hartu, eta gogoak ematen diona egin dezala». Agirreren lehen liburua da, eta Balea Zuria argitaletxeak plazaratu du.
Ikusi gehiago
Liburuaren «koherentzia», «oreka» eta «arriskurako joera» nabarmendu zituen sariketako epaimahaiak. Artean ziren Itxaro Borda, Eli Tolaretxipi eta Balea Zuria argitaletxeko editore Aritz Gorrotxategi. Orain, plazara atera berri dela, besterik ere nabarmendu du editoreak: «Liburua berezia da, apustu bat baita gogoetari eta paisaiari leku egitea, gorputza gehiago jorratzen den garai honetan». Harremanez ere mintzo da liburua, paisaiari lotuta beti, eta, hain zuzen horregatik, garrantzi handia hartzen dute gauzek. Hiruzpalau aipatu ditu editoreak, tartean etxeak, paretak edota «nongotasunaren zentzua»; eta bereziki nabarmendu du zeruak hartzen duen dimentsioa: «Aspaldi da ez nuela zerura begiratzen duen poeta gazterik topatzen. Baina Itziarrek [Agirre] begirada jaso eta zerua bilatzen du zenbait poematan. Ez du zentzu espiritualean egiten, baizik eta liburu barruan dagoen mugen inguruko diskurtsoaren parte bezala. Etxeen eta pareten moduan, zerua ere mugen labirintoan sartzen du».
«Itziarrek [Agirre] begirada jaso eta zerua bilatzen du zenbait poematan. Ez du zentzu espiritualean egiten, baizik eta mugen inguruko diskurtsoaren parte bezala»
ARITZ GORROTXATEGIBalea Zuria argitaletxeko editorea
Egileak darabilen hizkera ere liburuaren bereizgarritzat hartu du Gorrotxategik: «Ez du ukitu lokala emateagatik bakarrik egin. Atxagaren aipu bat dakarrela kontuan hartuta, esango nuke Obabakoak-en efektua lortzen duela; hau da, lokaletik abiatu baina unibertsaltasunera doan testu bat da». Hortaz, Donamariako eta Malerreka ibarreko hizkera, paisaia eta jendea mundura ateratzeko abiapuntua lirateke Agirrerentzat.
«Zer deitu etxe»
Gorrotxategirentzat «patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazio moduko bat» izaten da idazleekin editore gisa egiten duen lana. Hain zuzen, tirabira horren testuinguruan ekarri du hizpidera liburuaren izenburua: «Berak proposatutakoa moldatu genuen azkenean, baina pena pixka bat hartu nuen, testuan bertan agertzen den pasarte bat ere gustuko nuelako nik: Zer deitu etxe. Habitataren eta lekuaren definizio ona da».
«Konturatu nintzen iruditeria antzekoa zela denetan, nahita egin ez nuen arren. Poema solte horiek lotu nituenean, gai horretaz gehiago idazteko gogoa sortu zitzaidan»
ITZIAR AGIRREPoeta
«Betidanik» idazten duela aitortu du Agirrek; poema solteak, ordea. Lehiaketara aurkezteko aukera suertatu zitzaionean, «hari moduko bat» aurkitu zien ordura arte idatzitakoei: «Konturatu nintzen iruditeria antzekoa zela denetan, nahita egin ez nuen arren. Poema solte horiek lotu nituenean, gai horretaz gehiago idazteko gogoa sortu zitzaidan». Zehaztu du halere: «Bada gehixeago markatuta dagoen gai bat, denboraren krisian oinarrituta baitaude poema asko. Baina denetarik dago».
Poemak idaztea «natural» ateratzen zaiola aipatu du idazleak —«barrendik ateratzen den zerbait da»—, baina ez du baztertzen narratibarako bidea. Egun euskara irakaslea da Iruñeko Arturo Kanpion euskaltegian.
Poesia eta Pentsamendua batuko dituzte Donostian ekainaren 18an
Donostia Kultura Poesia Sariketako aurreko aldietan bezala, Imanol Larrinagaren koadro bat jaso du Agirrek, 1.000 euroko diru sariarekin eta liburua argitaratzeko aukerarekin batera. Baina izan du bestelako onurarik ere bere lehen argitalpenari esker, Poesia eta pentsamendua errezital musikatuan parte hartuko baitu ekainaren 18an, Donostiako Viktoria Eugenian.
Agirrerekin batera, beste lau lagun arituko dira:
- Miriam Reyes poeta, itzultzaile eta ikus-entzunezkoen sortzailea izango da errezitatzaileetako bat (Ourense, Galizia, 1974). Espejo negro bere lehen poema liburua argitaratu zuenetik (2001), esperimentazio formala, poesia, performancea eta ikus-entzunezkoak uztartu ditu bere ibilbidean.
- Uxue Juarez irakasle eta idazlea ere bertan izango da (Iruñea, 1981). Etxe bat Husaviken (2025) du argitara emandako lan berriena.
- Gorka Erostarbe (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977) BERRIAko kazetari eta Badok musika atariaren koordinatzaileak Auzokinak poema liburuarekin egin zuen jauzi literaturara, iaz, eta hori bera izango du eskuartean errezitalean.
- Elena Sanchez (Barakaldo, Bizkaia, 1967), idazle, poeta eta literatura irakasleak osatuko du parte hartzaileen taldea. Kaleidoskopioak (2022) eta Epilogorik gabe (2024) poema liburuen egile da. Hainbat sari jaso ditu bere ibilbidean, besteak beste Iparragirre, Blas de Otero - Angela Figuera eta Lauaxeta sariak.
Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik sortu zuten Poesia eta pentsamendua ekitaldia, 2008an.