«Ongi etorri gure letren plazara». Juan Ramon Makuso Balea Zuria argitaletxeko kideak esaldi horrekin egin dio euskal literaturarako harrera Itziar Agirre Sagasteta idazleari (Donamaria, Nafarroa, 2001). Agirrek irabazi du aurtengo Donostia Kultura Poesia lehiaketa, Orain zuk honekin egin nahi duzuna lanarengatik. Mila euro eta Imanol Larrinagak egindako koadroa jasoko ditu, eta Balea Zuriarekin argitaratuko du lana ekainean. Euskal letrek beste idazle bat izango dute orduan, eta horregatik egin dio Makusok ongietorria.
Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak antolatzen dute lehiaketa; aurtengoa bederatzigarren aldia da, eta gaur eman dute irabazlearen berri.
Agirre Sagastetak eskerrak eman dizkie sariarengatik. Azaldu duenez, poemak «birziklatuz» sortu du sariketara aurkeztu duen bilduma: «Konturatu nintzen poemek lotura bat eta hari bat zutela. Horrela lortu dut zentzua duen bilduma bat osatzea». Garrantzia eman dio paisaiari, bai eta bere herriari eta bertako hizkerari ere. Inguruko pertsonak izan ditu inspirazio iturri, baina, bereziki, ama eta amatxi. «Liburuko parte garrantzitsu bat nire euskalkia eta nire herriko hitzak izan dira, eta haiengandik ikasi ditut». Egilearen ama aurkezpenean izan da, eta hunkituta entzun ditu alabaren hitzak. Bestalde, testu gehienek denborari eta «denboraren krisiari» erreferentzia egiten diotela ere adierazi du.
«Liburuko parte garrantzitsu bat nire euskalkia eta nire herriko hitzak izan dira, eta amarengandik eta amatxirengandik ikasi ditut»
ITZIAR AGIRRE SAGASTETA Idazlea
Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi izan dira epaimahaiko kideak. Haiek irabazlearen inguruan egindako iruzkinak azaldu ditu Makusok: «Lan koherentea eta orekatua da, baina arriskurako joera ere erakusten du zenbait iruditan eta joskeretan». Bestetik, Agirre Sagastetak naturari eta paisaiari emandako garrantziari ere eman diote balioa. Testuetan nabari den gogoeta maila azpimarratu du epaimahaiak, baita «intimotasunaren eta ingurunearen arteko tentsioa azaleratzen» duela ere. Denboraren inguruko lanketa «maisuki» egin duela iruditu zaie.
Plaza «arrunt beharrezkoa»
Egileak plazaratuko duen lehen lana izango da Orain zuk honekin egin nahi duzuna. Idazleen munduan sartzea konplikatua iruditzen zaio Agirre Sagastetari, eta horrelako sariketek duten garrantzia azaldu du: «Idazle eta sortzaile berrientzat arrunt beharrezkoa iruditzen zait horrelako plazak sortzea».
Makusok azaldu du epaimahaiari geroz eta zailagoa egiten zaiola irabazlea aukeratzea: «Maila handiko lanak jasotzen ditugu». Nahiz eta saritua ez izan, finalista izan den beste lan bati ere aipamena egin nahi izan diote: Letrak, etzanez. Aurten zortzi egileren hamar lan jaso dituzte —parte hartzaileetako batek hiru proposamen aurkeztu ditu—. Gipuzkoakoak dira horietatik gehienak: sei; Bizkaikoa da bat; eta irabazlea, Nafarroakoa. Emakumeak nagusi izan dira —sei izan dira—.
Balea Zuriak Poesia eta pentsamendua ekitaldia antolatzen du urtero, eta haren hamargarren urteurrenean jarri zuen martxan sariketa —2018an, hain zuzen—. Makuso: «Poesiari arnasa eman, eta jende berria erakartzeko asmoz egin genuen». Pasatu dira urte batzuk lehen aldi hartatik, eta argitaletxea pozik dago emaitzarekin. «Jende gaztea animatzen ari da, eta pixkanaka euren ibilbidea egiten ari da. Helburua betetzen ari dela esan genezake».