Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka

'Hura ez da lekua' ikuskizuna disko eta liburu bihurtuta itzuli da

Antzezlanetik abiatuta, narrazioa, poesia, ilustrazioa eta musika uztartzen dituen lana kaleratu dute

Asier Sarasola, Oier Guillan, Iñigo Ortega eta Idoia Beratarbide. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Badakit zer esan nahi dudan, baina ez dakit nola. Badakit zer ikusi nahi dudan jendearen aurpegian. Baina ez dakit nola. Aurpegi zoriontsu bat marrazteko gai izan. Edonoren isla izateko gaitasuna duen marrazkia egin. Aurpegi bat, keinu bat. Baina ez dakit nola». Eta marrazkia egin du narratzaileak, keinurik egiten ez duen marrazki bat, begiak besterik ez duen aurpegi bat. Modu horretan hasten da Hura ez da lekua, Oier Guillanek, Asier Sarasolak, Idoia Beratarbidek eta Ander Fernandezek ondu eta Txalapartak argitaratu berri duen disko-liburua.Narrazioa, poesia, ilustrazioa eta musika uztartzen dituen objektu berezia eta ikusgarria egin dute izen bereko zuzeneko ikuskizunetik abiatuta. «Baina ez da ikuskizuna gorde duen lan hutsa, hartatik abiatutakoa baizik, sorkuntza berria ekarri duelako», zehaztu du Guillanek.

Hura ez da lekua 2011ko neguan abiatu zuten Errenterian, Korrika kulturalarekin elkarlanean, eta oraindik ere baditu zapaltzeko oholtzak. Hain zuzen ere, abenduaren 9an Durangoko Azokan izango da, San Agustin aretoan.

Hura «sorkuntza kolektiboaren amildegia» bistaratuta egin zuten bezala, disko-liburuak ere espiritu berari jarraitzen dio. Lau lagunen artean egin dute eta bakoitzak bere eskua eta estiloa jarri ditu «taldearen korua» osatzeko. Zuzeneko emanaldietan Iñigo Ortega aktorea gehitzen zaie. Bera da Hura ez da lekua-ko pertsonaia nagusia, liburuan lehenengo pertsonan mintzo dena.

Barne bakarrizketa

«Narrazioa lehen pertsonan idatzitako barne bakarrizketapoetikoa» da Sarasolak dioenez. Pertsonaia nagusiaren osaba hil egin da eta harekin izandako elkarrizketak ekartzen ditu gogora, absentzia horrek eragiten dion minari aurre egiteko. Horregatik, pertsonaia —marrazkilaria baita— saiatzen da aurpegi alaiak marrazten. Irudi guztiak zuri-beltzean marraztu ditu Beratarbidek,salbu amaieran daudenak. «Pertsonaia nagusiaren pentsamenduaren isla dira marrazkiak, hitzak eta musikak», azaldu du Sarasolak.

Ikuskizuneko kantuak, berriz, CD batean bildu dituzte eta bi modutan entzun daitezke, Sarasolak argitu duenez. Batetik, edozein musika disko entzuten den bezala, hasi eta bukatu. Bestetik, narratzaileren pausoei segika. Liburua irakurri ahala kantuak aleka entzun ahal izango baititu irakurle-idazleak.

Zoriontasunari buruzko gogoeta da, finean, Hura ez da lekua. «Zer esaten duten gutaz, zer nola gizartean gauden... Gizarte osoa proiektatzen den zirku intimoa da finean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.