Gaua. 1930eko hamarkada. Miseriaren eraginez, aldiro bezala, hotzari aurre nola egin asmatu beharrean dira Jauregi sendiko kideak. Baina ekaitz ikaragarri batek itsaslabarreraino eraman die ikatzez betetako zamaontzi bat, eta, beste herritar askok bezala, guardien zaintzari eta naturaren oldarrari desafio eginez, lanparen argitan, zaku gutxi batzuk eskuratzeko saiakera egitera ausartu dira jauregitarrak ere. Hasieratik izango dute zoria aurka, ordea, eta nekez ezkutatu ahalko dute ongi kostata lortutako ikatza. Ramiro Pinilla idazleak 1960an eman zuen argitara istorio hori biltzen duen Las ciegas hormigas eleberria, eta zinemarako egokitu du orain Igor Legarreta zuzendariak (Bilbo, 1973): Inurri itsuak. Euskaraz filmatu dute lana, eta, besteak beste, Urko Olazabalek, Itziar Ituñok, Josean Bengoetxeak eta Miren Gaztañagak osatu dute aktore taldea. Filmak Zinemaldiko Zinemira saila inauguratu du, eta urriaren 9an helduko da aretoetara. Euskal Herritik kanpo ere zabaltzeko osagai asko ditu, baina filma egiteko baliatu duen filosofia bera darabil Legarretak aurkeztu ostekoetarako ere. «Gero gerokoak».
Filmak badu errealismo zikin moduko bat, baina, era berean, tarteka fabula batetik hurbil ere badago. Lapurreta pelikula bat ere bada, baina, era berean, pertsonaia pelikula bat ere bai. Nola bilatu duzu halakoen arteko oreka?
Tonu hori edo oreka hori aurkitzea oso zaila da. Niretzat behintzat. Beti ditut zalantza batzuk, batez ere hasieran, baina filma eleberri baten moldaketa bat da, eta halakoak egitean beti erabaki behar izaten duzu nobelako zer hartuko duzun eta zer ez. Moldaketa dramatikoa da hori, baina, beste aldetik, badago moldaketa estetiko bat ere. Pelikula hau zuri-beltzez egin dezakezu, edo, guk egin dugun moduan, kolorea zentzu dramatiko bat emateko erabiliz. Adibidez, Sabas Jauregiren sonbreruarekin bueltaka ibili nintzen, nobelan hala deskribatzen duelako Pinillak pertsonaia hori, aitak Amerikatik ekarritako sonbreru horrekin. Izan ere, eleberriak badu westernaren aroma hori. Eta zinemarako moldaketa egitean zalantza egin genuen horrekin, sinesgarritasunaren aldetik askoz ere errazagoa izango litzatekeelako txapela bat jartzea. Hor ez dago huts egiteko arriskurik, baina sonbreruaren aldeko apustua egin genuen. Ez dakit. Nik esaten dut kontatzen dena estilizatu egin dugula pixka bat, baina sinesgarritasuna galdu gabe. Sinistu egin behar ditugu pertsonaiak eta haien artean dauden gatazkak. Baina, beste aldetik, pelikula potentea ere egin nahi genuen estetikoki, eta hor egon da, bai, tonuaren erronka.
«Sinistu egin behar ditugu pertsonaiak eta haien artean dauden gatazkak, baina estetikoki pelikula potentea ere egin nahi genuen»
Pelikulak baditu bi zati oso argi. Ikatza lortzeko erronka epikoa, eta hura ezkutatzeko erronka gero. Irudian ere gaua eta eguna, euria eta eguzkia.
Bai, eleberria ere horrela dago idatzita, eta gauza bera egin dugu guk. Lehenengo zatiak badu abentura puntu bat, ikatz hori hartzen eta ezkutatzen saiatzen direnean, eta gero pizten da drama. Zati horretan dago Sabasen eta Josefa emaztearen arteko gatazka nagusia ere; nola kudeatu barruko mina, dolua eta egiten duten bide zail hori. Zalantza izan genuen hasieran, ea nola geratuko zen filma bi zati hain markatu izanda, baina nik uste orekatua dagoela, tragediaren tonua gailentzen baita bi zati horien gainetik, tragedia greko klasikoen moduko euskal erako tragedia bat. Ikusleak hasieratik sentitzen du pertsonaia horiek galtzeko jaio direla.
Sabas Jauregi da kontakizunaren motor nagusietako bat. Etengabe dabil jo eta su lanean. Film osoan, guztira, segundo laurdeneko lo kuluxka bat baino ez diozu onartu, eta orduan ere, justu lokartzear dela, etxeko atea ireki, eta berehala berriz da martxan.
Borondatea da bere superboterea, ze, bere kasuan, superbotere bat da. Nik batzuetan pentsatzen dut Sabas meta-euskotarra dela: langilea, pazientzia handikoa, borondate handikoa, amorerik ematen ez duena, kaskagogorra... Eta, gainera, aurrera jarraitu ahal izateko bere sentimenduak zulo batean ezkutatu behar dituela ikasi du. Berak lana behar du aurrera joateko; horrexegatik dago pelikula osoan etengabe lanean. Baina halako batean ezin du gehiago, lur jota dago, agortua. Orduan azaltzen dira katakumeak, gero Josefa emaztea, eta ondoren apaiza, begirada zorrotzarekin, eta orduan kamera geratzen da bakarrik Sabasekin, eta ikusten da nola ari den jada hurrengo eginbeharrari buruz pentsatzen.
«Pertsonaia hauek guztiak galtzaile izateko jaio dira, baina, agian, badute kendu ezin dieten zerbait: duintasuna»
Ikuslea aretotik artega atera dadin nahi izan duzu?
Pertsonaia hauek guztiak galtzaile izateko jaio dira, baina, agian, badute kendu ezin dieten zerbait: duintasuna. Ez dakit zenbat oztopo topatzen dituzten bidean, baina guztiei egiten diete aurre. Pelikulako lehen planoan itsasertza ikusten dugu, eta nola sartzen diren olatuak hondartzara, eta lehen pertsonaia ere goitik begiratuta ikusten dugu [plano zenital batean], Demiurgoaren begiradatik, eta korrika ikusten dugun lehen inurri hori Ismael izeneko pertsonaia da. Eta bukatzeko ere halako plano zabal bat sortzen dugu, eta, hor ere, bi inurri txiki bezala ikusiko ditugu bi pertsonaiak aldapan gora. Azken batean, pertsonaia hauek sekulako lana egin behar dute bizirik irauteko, baina hori da euren bizitza, eta nik uste dut bestelako bukaera izango bagenu gezurra izango litzatekeela. Eta, hala eta guztiz ere, argia ere badagoela uste dut nik, bai eleberrian eta bai pelikulan ere. Pertsonaia horiek bizirik irauteko duten indarra dago, amore ez ematekoa.
«Nik hasieratik izan dut garbi ez naizela ez linguista ez antropologoa, eta hizkuntzaren koloreari eutsi diogu, bai, baina neke handirik gabe uler zedin ere nahi nuen»
Gazteleraz idatzi zuen eleberria Pinillak, baina zuek euskaraz filmatu duzue lana. Ez da itzulpen ariketa hutsa izan, ordea: pertsonaiak eta haien arteko harremanak zehatzago definitzeko ere baliatu duzue hizkuntza.
Pinillak 1960an idatzi zuen nobela. Pinilla ez zen euskalduna, eta nobela gazteleraz dago idatzita, baina, dudarik gabe, Sabas Jauregi euskalduna izan zen. Kontakizuna argi eta garbi dago Algortan girotuta, eta gu geu ere poliki-poliki joan gara filmerako gure hizkera aurkitzen. Euskara nahiko estandarrean egin genuen lehen bertsioa, eta gero joan gara garaira eta lekura egokitzen. Baina, edonola ere, nik hasieratik izan dut garbi ez naizela ez linguista ez antropologoa, eta, beraz, hizkuntzaren koloreari eutsi diogu, bai, baina neke handirik gabe uler zedin ere nahi nuen.
Estreinaldiaren ondoren, urriaren 9an helduko da filma aretoetara. Esperantza duzu, gero, Euskal Herritik kanpo ere mugituko dela?
Hori da helburua. Nik oso gustukoa dut nire istorioak edo gertu dauden istorioak kontatzea. Ni leioaztarra naiz, eta pelikula Algortan girotuta dago, baina duintasunari buruzko istorio bat ere bada, biziraupenari buruzkoa, eta, beraz, gai oso unibertsala ere lantzen du, pobreziarena, eta zehatzago, pobrezia energetikoarena. Hemendik kanpo ere ulertzen da hori. Horregatik, beti izaten duzu itxaropena, baina gero batek daki: lehia handia dago, eta ez da erraza bidea egitea.