Sidney Prescott (Neve Campbell) beste herri batera joan da bizitzera, eta beste bizitza bat eraikitzen hasi da bertan. Lasaitasun hori, baina, mamu aurpegia duen hiltzaile batek apurtuko du: Ghostface-k. Scream sagako lehen filmetik atzetik dabilkio hiltzailea, eta, ordutik, Prescotten beldurrik handiena da bere familiari eta inguruko jendeari min egitea. Zoritxarrez, errealitate bihurtu da kezka hori; izan ere, bere alaba (Isabel May) da hiltzailearen hurrengo helburua. Beraz, alabari gerturatzen zaion pertsona oro arriskuan egongo da.
Iragan korapilatsua izan du Prescottek, eta horrek zaildu egin du alabarekin duen harremana. Izan ere, amak ez dio txikitako kontuez hitz egin nahi alabari, baina alabari ezer txarra gertatzerik ere ez du nahi. Horretarako, hiltzaileak gauza bat egiteko eskatuko dio amari: iraganari aurre egitea, eta alabari kontu horien berri ematea.
Hiltzaileari aurre egin nahian, Campbellek aspaldiko lagun bat izango du ondoan: Gale (Courteney Cox). Zuzendariak emandako elkarrizketa batean, honela definitu ditu bi lagunak: «Aurrera egiten dute zer gertatuko den pentsatu gabe. Indarraren eta ausardiaren adierazle dira biak ala biak».Â
Beldurrari eutsita
Kevin Williamsonek beldurrezko filmen zerrenda luze bat osatu du bere zuzendari ibilbidean. 1996. urtean egin zuen beldurrezko lehen filma: Scream. Handik urtebetera atera zuen bigarrena: Scream 2. Horrela, guztira, Scream sagako zazpi film ondu ditu, azkena aurten. Hortik kanpo ere, ildo bera duten beste hainbat beldurrezko film egin ditu.Â
30 urte horietan, hainbat aktore izan ditu bidelagun zuzendariak. Horietako bat da Campbell, Prescott protagonista antzezten duena. Zuzendariari egindako elkarrizketa berean zera adierazi zuen aktoreak: «Oso dibertigarria izan da 30 urtez pertsonaia bera antzeztea, hark izandako eboluzioa ikus baitezakezu. Sidney izugarria da. Bere paperean sartzea beti da dibertigarria». Cox ere —Gale pertsonaiarena egiten du— sagako lehen filmetik dago bertan.
Saga horretaz gain, Williamsonek beste hainbat lan ezagun ere egin ditu; horietako bat da The Vampire Diaries telesaila. 2009. urtean hasi, eta 2017. urtera arte iraun zuen. Zortzi urtean zortzi denboraldi filmatu dituzte —171 kapitulu guztira—. Neska gazte bat bi anaiez maitemindu da, baina ez daki banpiroak direnik. Hori da istorioaren abiapuntua. Nina Dobrev, Ian Somerhalder eta Paul Wesley dira hiru protagonistak antzeztu dituztenak.
'Scream 7'
Zuzendaria: Kevin Williamson. Gidoilariak: Kevin Williamson eta Guy Busick. Aktoreak: Neve Campbell, Courteney Cox, Isabel May eta Jasmin Savoy Brown. Herrialdea: AEB. Iraupena: 114 minutu. Estreinaldia: gaur Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'JEAN VALJEAN'
Zuzendaria eta gidoilaria: Eric Besnard. Aktoreak: Gregory Gadebois, Bernard Campan, Alexandra Lamy eta Isabelle Carre. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: ostiraletik aurrera Hego Euskal Herrian ere ikusi ahal izango da.
Hemeretzi urteren ostean, kartzelatik irten da Jean Valjean (Gregory Gadebois). Preso egoteak hainbat ondorio izan ditu harengan, eta animalia arriskutsu bat bihurtu da. Aterpe bila dabilela, apaiz batek bere etxean geratzeko eskaintza egingo dio. Jaso duen harrera onak erabat harritu du, eta erabaki egin beharko du jarrera basatia izaten jarraitu, edo beste bide bat hartu.
'CHERS PARENTS'
Zuzendaria: Emmanuel Patron. Gidoilariak: Emmanuel Patron eta Armelle Patron. Aktoreak: Andre Dussollier, Miou-Miou, Arnaud Ducret. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian.
Alicek (Miou-Miou) eta Vincent Gauthierrek (Andre Dussollier) hiru seme-alabei deitu diete zerbait esateko. Haiek okerrena espero dute, eta urduri doaz. Gurasoek esateko dutena zera da: loteria irabazi dutela. Baina ez dute seme-alabei zentimorik ere emateko asmorik. Sekretuak mahai gainean jarriko dituzte, eta tentsio uneak biziko dituzte.Â
'ISLAS'
Zuzendaria eta gidoilaria: Marina Seresesky. Aktoreak: Ana Belen, Manuel Vega, Eva Llorach eta Jorge Uson. Herrialdea: Espainia. Estreinaldia: ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Amparo (Ana Belen) da filmeko protagonista, erretiroa hartu berri duen aktore bat. Paradise hotelera joan da; iragan loriatsua izan zuen, baina urteen poderioz, hotel horren arrakastak behera egin du. Amparok Tonirekin egin du topo bere egonaldian; 20 urteko gazte bat da, eta bi egunetan jabetuko dira uste baino antzekotasun gehiago dituztela.