Iban del Campo zinemagileak Le Festival 5 Sur 5 jaialdian parte hartuko du

Belgikako La Lovieren hamar minutuko dokumentala grabatuko du, eta jaialdiaren azken egunean emango dute

2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Iban del Campo zinemagilea (Arrasate, 1971) Le Festival 5 Sur 5 jaialdian parte hartzeko aukeratu dute. Arrasatearra Belgikako La Loviere dokumentalgileen egoitzan da joan den ostegunetik irailaren 22ra bitarte, eta tarte horretan hamar minutu inguruko dokumental bat grabatuko du. Harekin batera dira, lan berbera egiten, Europako kultur hiriburuetako beste lau zinemagile ere, eta guztien filmak jaialdiaren azken egunean proiektatuko dituzte. Bost aste, bost zinemagile eta bost film orotara, beraz.

Del Campo esperientziaren nondik norakoak kontatzen ari da limbusfilmak.blogspot.com.es blogean. Dioenez, oraindik «esponja fasean» da, norabait eramango duten zantzuen bila, «oraindik jazo ez den hilketa baten ikerketa lanean».

'Jet lag' sentsazioa

Circo Raluy izan zen Del Campok eginiko lehen filma. Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean ikasi zuen dokumentalgintza, eta hainbat hedabidetako errealizadore lanetan aritu zen gero. Ondoren, Lo bakarrik (2007) zuzendu zuen Harkaitz Canorekin batera. New Yorkeko unibertsitatean ikasi zuen 2008an, eta jet lag sentsazioarekin dabil egun, hegazkinetara igo gabe ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.