«2016ko abenduaren 9a». Pintura beltzez eta argi idatzita dator data hori Antonio Lopez pintore madrildarrak Bilboko paisaiari eskainitako bi margolanetako baten eskuineko behealdeko erpinean. Garai haren bueltan aritu zen sortzailea Bilboko Iberdrola dorreko 22. solairuan hiriaren bi margolanak lantzen, eta, bitxia da, baina hiri inguruko mendien eta hiriko eraikinen formak eta siluetak oraindik ere zirriborro hutsa diren arren, margolariak aspaldi utzi zuen zehaztasun osoz betikotuta hiria apenas segundo bakar batez gobernatu zuen hodei zuri monumental baten forma. Eta, hain zuzen ere, oraindik ere bukatu gabe dauden Bilbori eskainitako bi lan horien promesak egiten dio harrera bisitariari Bilboko Arte Ederren Museoak Iberdrola enpresaren arte bildumarekin antolatutako Paraleloak eta meridianoak. Iberdrola bilduma erakusketan. Abuztuaren 30era arte egongo da zabalik, amaitu gabeko hiri bat zaintzen dirudien hodei perfektua ere tartean dela.
Guztira, 400 artelan baino gehiago dauzka Iberdrolaren bildumak, eta haietako 138 jarri dituzte orain ikusgai. Bi gune izango ditu ibilbideak, gainera. Alde batetik, handitze lanen ondorioz, gaur-gaurkoz zabalik dagoen museoaren ataleko solairu guztiak hartzen ditu bildumak, baina horrez gainera, Bilboko Iberdrola dorrean ere ikus daiteke erakusketaren parte den beste artelan bilduma bat ere. Museoaren ohiko ordutegietan bisitatu ahalko da zati nagusia, eta larunbatetan antolatuko dituzten bisita gidatuetan eman beharko da izena dorrearen atarian dauden piezak ikusi ahal izateko.

Luzea eta esanguratsua da erakusketa osatzen duten artisten zerrenda. Zenbait kontinentetara zabaltzen den esparru geografikoa hartzen du kontuan, eta XIX. mende amaieratik hasi eta gaur egunera arte luzatzen da haren tarte kronologikoa. Hor dira, besteak beste, Jorge Oteiza, Anish Kapoor, Elena Asins, Erlea Maneros, Esther Ferrer, Robert Motherwell, Antonio Saura, Anselm Kiefer, Antonio Guezala, Marina Abramovic, Eduardo Zamacois, Antoni Tapies, Mona Hatoum, Eduardo Txillida, David Hockney, Aurelio Arteta, Maria Luisa Fernandez, Ai Wei Wei, Andy Warhol, Angel Bados, Cy Twonbly, Itziar Okariz, Bill Viola, Alexander Calder, Gustavo de Maeztu, Dario de Regoyos, Joseph Kosuth, Dan Flavin, Agustin Ibarrola, Equipo 57, June Crespo, Donald Judd, Pello Irazu, eta Ixone Sadaba. Horiek, besteak beste.
Bakarlari handiak
Bilboko Arte Ederren Museoaren patronatuko kide da Iberdrola duela 25 urtez geroztik, baina duela lau urte hasi ziren erakusketa osatzeko aukera lantzen. Efemeride batek eman die azkenik horretarako aitzakia. Rafael Orbegozo Iberdrolako Lehendakaritzako aholkularia eta arte bildumaren arduradunak gogoratu duenez, 150 urte beteko dira aurten enpresak Bilbon lehenengoz ateak ireki zituenetik, eta, nolabait ere, enpresaren ibilbide hori irudikatzen du haren arte bildumak ere.
Guillermo Zuaznabarrek egin ditu komisario lanak. Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbadore burua da bera, eta oraingoan berak hartu du erakusketa antolatzeko ardura. Iberdrolaren bilduma «artista bakanak» bilduz osatuta dagoela esan du, eta ez taldeen edota mugimendu artistikoen arabera. «Bakarlari handiak» dituela esan du horregatik, eta, hain zuzen ere, bakarlari horiek elkarrekin «kakofoniarik sortu gabe» jartzea izan da haren egitekoa.

Gaika antolatu du ibilbidea, horregatik. Naturari eskainitako gune bat antolatu du, esaterako, bai eta gorputzari, lanari, argiari zein loreei eskainitakoak ere. Edonola ere, zirkularra da ibilbidea. Lopezen Bilboko bi margolanekin hasten baita erakusketa museoko harreran, eta hiriari eta portuari eskainitako areto batekin amaitu.
Dorreko artelanak
Iberdrola dorrean jarraitzen du erakusketak. Propio eraikin horretarako sortutako lau artelan topatuko ditu bisitariak bertan, eraikineko atarian. Dario Urzairen bi pieza ikusiko ditu sartu eta berehala, eta Jesus Mari Lazkanoren natur paisaia erraldoi bat, Cristina Iglesiasen zelosia bat, eta Javier Perezen erretxinazko olibondo baten erreplika ere topatuko ditu barrurago. Espresuki dorrerako pentsatutako lanak dira laurak, baina horietaz gainera, badira, besteak beste, Txomin Badiolaren pieza bat, Asier Mendizabalen bat eta Kenneth Nolanden beste pieza bat ere.
Iberdrolako ordezkariak adierazi duenez, euren bildumako pieza solteak maiz egoten dira ikusgai mundu osoko museoetan, eta, oraintxe bertan, esaterako, Bilboko Guggenheim museoan daude haietako hiru. Alde batetik, bilduma «ezaguna» bilakatzen du horrek, Orbegozoren hitzetan, baina, era berean, osotasunean «oso ezezaguna» ere badela gehitu du. Izan ere, oso-oso gutxitan egoten baitira lan horiek elkarrekin ikusteko aukerak. Bildumari eskainitako bigarren erakusketa baino ez da Bilbokoa, adibidez, eta, Orbegozok gogoratu duenez, duela hamahiru urte egin zuten lehenengoa.