Ibilbide luzeko erreferenteak ariko dira BBK Music Legends jaialdian

Bihar eta etzi egingo da jaialdia, Bilbo Arenan. Besteak beste, Alan Parsons, Lita Ford, Samantha Fish, The Dead Daisies eta Sex Museum ariko dira oholtza nagusian. Errobi euskal taldea ere oholtzara igoko da.

Errobi musika taldearen irudi bat, iaz Donostian, Adarra saria jaso osteko kontzertuan. GORKA RUBIO / FOKU
Errobi musika taldearen irudi bat, iaz Donostian, Adarra saria jaso osteko kontzertuan. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko ekainaren 12a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Bi egun mitoekin». Hala dio BBK Music Legends jaialdiko kartelak. Ekitaldiari legends hitza gehituta aitortza egiten diete bertan parte hartzen duten taldeei, baina hitza jarrita bakarrik presioa ere jarri zuen bere gain jaialdiko antolakuntzak. Nola edo hala, behartuta daude rock, blues eta soul munduan ibilbide luzea egin duten aurpegi ezagunak kontratatzera, eta horixe egin dute aurten ere. Hala ere, talde berriagoei ere egin diete tartea aurten. Dekker Events musika sustatzaileak antolatzen du, eta bihar eta etzi egingo da jaialdia, Bilbo Arenan.

Jaialdiak zortzigarren aldia du, eta aurtengoan Alan Parsons, Lita Ford, Samantha Fish eta Sex Museum ariko dira zuzenean, besteak beste. Nazioarteko hainbat izen handi igoko dira oholtzara, baina Euskal Herriak ere izango ditu bere ordezkariak: Ziraun, Los Retros eta Errobi taldeak. Azken talde horretako partaide den Anje Duhaldek ez du lehen aldia izango BBK Music Legends jaialdian. Izan ere, 2019an bakarka aritu zen kantuan. Garai hartan, Sondikako Ola zentroan (Bizkaia) egiten zen jaialdia.

Bihar lau kontzertu izango dira agertoki nagusian, 18:30etatik aurrera. Samantha Fish gitarrista eta abeslari estatubatuarrak abiatuko du eguna. Guns N' Roses taldeko Slash gitarrista ezagunarekin eta The Rolling Stonesekin aritu izan da. Baina bakarka ere egin du bere bidea, rocka eta bluesa uztartuz. Duela hilabete eskas argitaratu du bere azken lan luzea: Paper doll.

Sex Museum talde espainiarra, berriz, ezagun zaharra da Euskal Herrian. Lau hamarkadako ibilbidean hainbatetan aritu dira bertan. Movida madrileña mugimenduaren baitan sortu zen taldea, eta geroztik haien estiloa asko aldatu da. 40. urteurrenaren harira, bira betean daude espainiarrak, eta disko berriko aurrerapen kantuak ez ezik, abesti ezagunenak ere joko dituzte.

Are ibilbide luzeagoa daukate Rita Ford eta Blue Öyster Cult talde estatubatuarrek. Emakumez osatutako The Runaways taldeko partaide izan zen Ford 70eko hamarkadan, baina berehala ekin zion bakarkako jardunari. Hala aritu da gaur arte, hamahiru urteko atseden bat tarteko. Haren ibilbide profesionalean aitortza ugari jaso ditu bere musikagatik eta emakumeek musikan duten rola aldatzeagatik.

Antzeko zerbait gertatzen da Blue Öyster Cult taldearekin. Hard-rocka jorratzen duten taldeen artean sona handienetakoa duen taldea da New Yorkekoa. Erreferente dira askorentzat, eta 25 milioi disko baino gehiago saldu dituzte mundu osoan. Askoren memorian iltzatuta gelditu dira (Don’t Fear) The Reaper (Agents of Fortune, 1976), Godzilla (Spectres, 1977) edo Burnin’ for You (Fire of Unknown Origin, 1981) abesti mitikoak. Taldeko sortzaileetatik Buck Dharma eta Eric Bloom soilik daude taldean gaur egun.

Parsons kartelburu

Etziko egunari dagokionez, Alan Parsons da kartelburua. Duela hiru urte zen bertan jotzekoa, baina osasun arazoak tarteko, ezin izan zen aritu. Orduko arantza aterako du bihar. 70eko hamarkadan hasi zen musika egiten, baina 80ko hamarkadan iritsi zitzaion ospea, batez ere Eye in The Sky(1982) lan luzeari esker. Gerora, musika teknikari gisa are ezagunagoa egin zen, besteak beste, The Beatlesekin eta Pink Floyd taldeekin lan egin ostean. Bakarkako ibilbideari dagokionez, 2019an argitaratu zuen azken lana: The Secret.

Erik Bibbek ere emango du kontzertua bihar. Blues eta folk estiloetan maisua da, eta 50 urteko ibilbidean berrogei disko inguru argitaratu ditu. Bere musikaren bitartez, egungo gertakariei buruzko pentsamenduak eta bere esperientziak islatzen ditu. Iaz argitaratu zuen bere azken lan luzea, In the real world.

Australiako The Dead Daisies taldeak hard-rocka jorratzen du. Gainerako taldeak baino gazteagoak dira, 2013an atera baitzuten izen bereko lehen lan luzea. Geroztik, beste hamar argitaratu dituzte bata bestearen atzetik, eta arrakasta handia eskuratu dute mundu osoan.

Errobi izango da agertoki nagusira igoko den euskal talde bakarra.Anje Duhalde eta Mixel Ducau 1973an elkartu ziren bikotea osatzeko, eta bost disko argitaratu zituzten: Errobi (1975), Gure Lekukotasuna (1977), Ametsaren bidea (1979), Bizi-bizian (1978) eta Agur t’Erdi (1985). 1985era bitarteko ibilbidea egin zuten, eta, gerora, nola Duhaldek hala Ducauk beren bidea egin dute musikan. Baina joan den urtean iragarri zuten Errobi izenarekin berriro elkartzeko asmoa zeukatela. Donostia Kulturak ematen duen Adarra Saria ere jaso zuten iaz.

Bestalde, kanpoaldean kokatu duten Voodoo Child agertokian kontzertuak izango dira bihar eta etzi. Colajets, Sonic Trash eta Head Holes taldeak ariko dira bihar, eta etzi, berriz, Ziraun, The Cherry Booppers eta Los Retros.

Jaialdirako sarrerak eskuragai daude oraindik, BBK Music Legendsen webgunean. Egun bakarreko sarrera 80 euroan eskuratu daiteke, eta bi egunetako bonua, berriz, 125 euroan. Gainera, 14 urtetik beherako gaztetxoek ez dute sarrerarik ordaindu behar adin nagusiko norbaitekin badoaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.