«Ez dut sekula asmatzen gaiztoa zein den». Ibon Martin idazlearen dohainak zerrendatzen hasita, Xabier Mendiguren editoreak, besteak beste, misterioa sortzeko gaitasuna aitortu dio: «Ondo josten eta askatzen ditu korapiloak». Izan ere, Martinen liburuek sorpresaz harrapatzen dute irakurlea, eta Arima beltz liburuarekin ez da bestela izango. Ane Cestero protagonista duen laugarren liburua da, eta, hain zuzen, baita agur esango diona ere. Jatorrizko bertsioa iazko urtarrilean argitaratu zuen gazteleraz —Alma negra—, eta orain Aiora Jaka Irizarrek itzuli du euskarara, saga bereko beste liburuak bezalaxe. Travel Bug eta Elkar argitaletxeek argitaratu dute elkarlanean.
Martinek badu ezaugarri partikular bat: Euskal Herriko txoko «enblematikoak» erakusten ditu bere liburuetan. Kasu honetan, Bizkaiko meatzeetan murgildu da: Trapaga, Zugaztieta, Gallarta, Ortuella... «Ez tipikoa, ezta turistikoa ere, baina oso berezia den leku batera garamatza», nabarmendu du Mendigurenek. Bertan, hilik agertu da Teresa Etxegarai enpresaria, norbaitek meatze zulo batera botata. Cestero hilketa ikertzen ahaleginduko da, baina oraingoan Ertzaintzatik kanpo, alboratu egin dutelako. Eta, aldi berean, beste misterio bat sortuko da Cesteroren lagun min Juliak, ume lapurtua izanik, bere ama biologikoa topatzen duenean.
«Oso paisaia latza da: bi mila urte egon ziren mendietatik burdina ateratzen, eta horrek kristoren zauriak utzi ditu»
IBON MARTINIdazlea
«Liburu honetakoa nire paisaia bereziena da», aipatu du Martinek. «Oso paisaia latza da: bi mila urte egon ziren mendietatik burdina ateratzen, eta horrek kristoren zauriak utzi ditu. Eta zauri horiek bertan daude; fisikoki igartzen dira, baita jendearengan ere». Hain zuzen, Martinek galderak egiten eta kafeak hartzen jaso ditu liburua osatzeko lagungarri izan zaizkion istorioak, eta, azaldu duenez, bereziki interesgarriak suertatu zaizkio: «XX. mendean milaka eta milaka etorkin etorri ziren lanera. Gaztelako meategietako tradizioa ekarri zuten, eta, beraz, bertan ez dugu euskal mitologia topatuko, Euskal Herriarekin zerikusirik ez duten bestelako kondairak baizik». Kondaira horietako batzuk Antonio Truebak 1882an idatzitako De flor en flor liburutik jaso ditu: «Bertan topatu nuen arima beltzaren kondaira; oso kondaira iluna da». Zugaztietako liburutegian topatu zuen Truebaren liburua, dokumentazio lanak egiten zebilela.
Meatzeak ikergai
Dokumentazio lanak egitea dagokie misterioa idatzi nahi duten idazleei. Martinek azaldu duenez, hori da lehen fasea. Eta horren gainean idatzi behar izaten dute istorioa gero. Haren ustetan, fase hori da dibertigarriena, eta, filmetako detektibeen gisan, bere gela post-itekin bete izan du orain arte: «Nobela osatuta dagoenean post-itak besterik ez da ikusten». Koloreek baldintzatzen dute edukia. Gorriek ekintza adierazten dute, eta, beraz, bakoitza ondo antolatzen saiatzen da, ez dadin soilik istorioaren amaiera kolore gorriz lehertu.
«Gustatuko litzaidake euskaraz idazteko gaitasuna izatea, baina ez dut. Halere, niretzat oso garrantzitsua da liburuak euskarara ekartzea; azken finean, euskara da nire herrialdearen hizkuntza»
IBON MARTINIdazlea
Baina dagoeneko idazten ari da hurrengo nobela, eta oraingoan albo batera utzi ditu post-itak. Ordenagailuko aplikazio baten bitartez ari da lantzen edukia: «Ez du horrenbesteko xarma, baina askoz ere praktikoagoa da». Edonola ere, emaitza da inportanteena, eta Mendigurenek «idazketa freskoa, komunikatiboa, erraza, jendearengana iristen dena eta dotorea» sumatzen dizkio idazleari. Eta, gainera, Martinen iritziz, euskarazko itzulpenak ere «magia» berezia du. Aiora Jaka eskertu du bere liburuak itzultzen egin duen lanagatik, eta liburuaren azken orrietan ere hala utzi dio idatzita: «Jatorrizko bertsioan baino soinu ederragoa dute zurean». Hain zuzen ere, Martinek ilusioa adierazi du euskaraz argitaratu ahal izateagatik: «Gustatuko litzaidake euskaraz idazteko gaitasuna izatea, baina ez dut. Halere, niretzat oso garrantzitsua da liburuak euskarara ekartzea; azken finean, euskara da nire herrialdearen hizkuntza».