Orain artean batez ere besteren liburuak aurkeztea egokitu izan zaio Maialen Berasategi Catalan idazle, itzultzaile eta BERRIAko Euskara taldeko kideari. Makina bat idazleren lanak euskarara ekartzeaz arduratu da: Carole Pateman, Monique Wittig, Nancy Fraser eta Walter Benjamin, esaterako. Gaur, ordea, rola aldatzea egokitu zaio; «galdu samarra nabilela aitortu behar dut», aipatu du. Izan ere, Erreplika nobela kaleratu berri du Berasategik Susa argitaletxearekin; lehen nobela du. Hala ere, izen-abizenez aurretik kaleratua badu beste liburu bat, Eskuan beti zerbait (Balea Zuria, 2021), Donostia Kultura poesia lehiaketa irabazi zuena.
Mara Meleiro da liburuko protagonistetako bat, unibertsitatean dabilen neska gazte bat. Eskoletako batean, irakasle batek idazle garaikide baten inguruko lan bat egiteko eskatuko die Meleirori eta haren ikaskideei, eta protagonistak Maria M. Mullerren inguruan egitea erabakiko du. Ibilbide luzeko idazlea da Muller, eta batez ere egunerokoak argitaratzeagatik egin da ezagun. Meleirok gutun bat idatziko dio idazleari, eta horrela hasiko da bi pertsonaien arteko harremana. Itsasertzeko etxe bakartu batean bizi da Muller, eta ikaslea eta idazlea han elkartutakoan hasiko da dena. «Hor hasiko da benetako festa. Nolabaiteko ispilu joko bat hasten da orduan», kontatu du Berasategik.
Erreplika 1990eko hamarkadan girotuta dago. «Berehalako mezularitzaren eta kablerik gabeko entzungailuen ordez, walkman bat eta gutun idatziak ageri dira», azaldu du Itziar Ugarte Susako editoreak. Egileak hirugarren pertsonan ondu du istorioa, eta zortzi ataletan banatu. Editorearen hitzetan, bi protagonistek elkarri idatzitako gutunak topatuko ditu irakurleak narrazioan, baita Mullerrek argitaratutako testuen pasarteak ere. «Idazle baten eta idazlegai baten bizikidetza deskubrituko du irakurleak; bizitzaren eta kontakizunaren arteko bizikidetza», gaineratu du.
Errepikatzen den erreplika
Berasategik aitortu du liburua idazten amaitzean bururatu zitzaiola lanaren izenburua, eta, behin hori topatuta, konturatu zela kontakizunean hainbatetan errepikatzen zela erreplikaren kontzeptua. Kontatu duenez, hiru adiera izan ditzake erreplika hitzak: artelanen kopiarena, lurrikararen errepikapenarena, eta argudio bati kontra egitearena —«nahiz eta oraingoz ez dagoen Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota»—. Hain zuzen, nobelarako lehen adierari tira egitea erabaki du egileak. «Dizipuluak maisua miresten du, baina zenbateraino funtziona dezake inoren erreplika izaten saiatzeak?», bota du idazleak.
«Marak eta Mariak aitzakia oso polita eman didate irakurketaz eta idazketaz aritzeko ez ezik literatur sistemez pixka bat gogoetatzeko ere»
MAIALEN BERASATEGI Idazlea
Bestalde, egilearen ustean, erreplika orok bitasun «interesgarri» bat du atzean: erreplika batek jatorrizkoa kopiatzen badu, hari leiala dela uste da, baina bestalde, erreplika bat zerbait faltsua ere bada. Leialtasun eta faltsutasun horren dikotomian eraiki du Berasategik istorioa; Meleirok eta Mullerrek kontakizunen bidez deskubrituko dute elkar: «Marak [Meleirok], zehazki, hasieran Mariaren [Mullerren] liburu eta egunerokoetatik dauka Mariaren berri, baina gero, harengana pertsonalki hurbiltzen denean, aukera izango du ikusteko zenbateraino ziren egiazkoak edo sinesgarriak kontakizun horiek». Egilearen ustez, irakurleak berak erabaki beharko du zer bertsio den fidagarriena; jolas bat izango da. Zehazki, jolas hori bera izan omen da liburua idazteko pizgarri nagusietako bat.
Baina erreplikaren kontzeptuaz gain, badira eleberrian jorratzen diren beste gai batzuk ere; horietako bat da leialtasunarena. Pertsonaia nagusien zein bigarren mailakoen eskutik azaltzen da leialtasuna, egileak esplikatu duenez. Beldurra da beste auzietako bat; «bi aldaera nagusitan: hiltzeko izua, eta bizitzeko izua ere bai». Eta, beldurrari lotuta, bakardadea ere topatuko du irakurleak. Bi protagonistak oso bakartiak dira —Meleirok «Bakardadearen Jainkosa» izendatzen du Muller—, eta bakardadean oinarritu dituzte euren pertsonalitateak. Nahiz eta liburua 1990eko hamarkadan girotuta dagoen, bakardadearena gaur-gaurko gai bat dela uste du Berasategik: «Iruditzen zait badagoela mania bat gaur egun besteren eta munduan gertatzen diren gauza guztien irudia norberaren islatzat jotzekoa».
Literatura
Liburuko bi protagonistak literaturazaleak dira, eta literatura oso presente dago kontakizunean. Ugarteren ustez, beste garai batzuetako literatura jaso du egileak: «Aurretik idatzi den horren guztiaren kontzientzia dago. Horren gozatua hartzetik idatzitako nobela bat da». Berasategi: «Marak eta Mariak aitzakia oso polita eman didate irakurketaz eta idazketaz aritzeko ez ezik literatur sistemez pixka bat gogoetatzeko ere». Ezer berririk plazaratu ez duela ere gaineratu du idazleak, baina eztabaida horiek interesgarriak direla beti hala ere.
Nahiz eta Erreplika idazteko lana «oso serio» hartu duen, aldi berean jolas bat ere izan dela esan du egileak; jolasak noraino zeraman deskubrituz ondu duela eleberria. «Kasik esango nuke txantxetan-benetan idatzitako liburu bat dela». Hasieratik argi izan du umorea eta ironia erabili nahi zituela, baina karikaturan erori gabe, eta pertsonaiei benetakotasuna emateko asmoz.