Antzerkia

Identitatea eta erroak oholtza gainean

Bilboeszena Artistak Egoitzan bekaren fruitua izan da Paula Gironiren 'Enbor(r)rak' antzezlana. Herriko jaietako egun batean kokatu du, eta herriko plaza da agertoki nagusia. Bilboko Pabiloi 6 gunean emango dute bihar, Emergenteen Zikloaren barruan.

Harreman konpainiaren 'Enbor(r)rak' antzezlanaren irudi bat. PABILOI 6
Harreman konpainiaren 'Enbor(r)rak' antzezlanaren irudi bat. PABILOI 6
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko otsailaren 13a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sustraiak, adiskidetasuna, dantza eta bizikidetza. Horiek guztiak batu, eta «ospakizun» bihurtu ditu Enbor(r)rak antzezlanean Paula Gironik (Gorliz, Bizkaia, 1996). Hain zuzen, «kultura ezberdinen arteko elkarbizitza» ospatu nahi izan du egileak. Besteak beste, identitateari eta erroei buruz hitz egiten du obran, tradizioak ardatz hartuta. Bihar aurkeztuko du, Bilboko Pabiloi 6 gunean, 19:30ean.

Bere bizipenek gidatu dute antzerkigilea lana osatzerako garaian. «Betidanik sentitu izan dut gure kulturarekiko gatazka, gorrotoa eta arbuioa egon dela. Madrilera bizitzera joan nintzen, eta ez dakit nire familiak bizi izandakoagatik izan den, baina hiri horrek betidanik eragin izan dit atzerakoa». Bertan urte batzuk igaro eta gero, ostera, aurreiritzi batzuk «aldatu» egin zaizkiola adierazi du. «Iragana ahaztu gabe, bizitza bizitzen hasi naiz». Hori abiapuntutzat hartuta, bizikidetza eta errespetua «ospatzeko nahia» aspalditik izan du Gironik. 

Euskal Herriko jaiegun batean kokatu du istorioa; herriko plazan, zehazki. Janaria eta edaria presente daude, eta, pertsonaien arteko elkarrizketez gain, dantzak eta musikak protagonismo handia dute. Proposamenak, baina, badu berezitasun bat: publikoa ere antzezlanaren parte da. «Hasieratik egon daiteke publikoa oholtzan. Ikusleekin batera muntatzen dugu eszenografia: aulkiak jartzen ditugu eta bertan esertzen dira. Gurekin daude une oro». Zuzendariak adierazi du «garrantzitsua» dela harentzat publikoa presente egotea: «Bizikidetzari eta partekatzeari buruz ari gara; beraz, beharrezkoa da pieza ikustera datorrena ere haren parte sentitzea, eta ahotsa izatea». Hainbat errealitate islatzen ditu lanak eta, hortaz, norbere iritziak eta sentimenduak «agerian» gera zitezen saiatu da egilea. Are gehiago, gaur egungo munduaren «isla» ere izan daiteke haren ustez: «Zerikusi handia du hainbat lekutan gertatzen ari denarekin. Istorio jakin bat kontatu dut antzezlanean, baina askok ikus dezakete euren burua bertan islatuta». 

«Bizikidetzari eta partekatzeari buruz ari gara; beraz, beharrezkoa da pieza ikustera datorrena ere haren parte sentitzea, eta ahotsa izatea»

PAULA GIRONI Antzerkigilea

Zuzendaria ez ezik, aktorea ere bada Gironi, eta oholtzan izango da antzezlanean. Beste bi lagun izango ditu alboan: Sahara Peña eta Daniel Guerro. Eta hirukotearekin batera, Alvaro Mansillak ere parte hartuko du emanaldian; jai giroa jartzeaz arduratuko da, musikaren bitartez, eta ikusleen artean egongo da, horiek «xaxatzen». 

Peñak eta Guerrok euskaraz hitz egiten ez duten arren, obraren zuzendariak argi utzi du hori ez dela arazo izan; izan ere, elkarrizketetan haiek gaztelaniaz hitz egiten dute, eta Gironik euskaraz erantzun. «Jendeak euskara ulertu ez arren, arazorik gabe ulertzen da istorioa. Gainera, interesgarria iruditzen zait gure hizkuntza ulertzen ez duen norbaitek antzezlana euskaraz entzutea».

Bilboeszena Artistak Egoitzan bekaz baliatu zen antzerkigilea lana osatzeko. Hortaz, 2023an jarri zuen martxan, Bilbon, eta Madrilen bukatu, handik urtebetera. Bilboko BAD jaialdian estreinatu zuen, eta, ordutik aurrera, hainbat lekutan aurkeztu du lana.

Emergenteen Zikloa

Ikasketak zirela eta, duela zortzi urte Gorliztik Madrilera joan zen Gironi. Lan gehienak bertan ondu dituen arren, Euskal Herrira itzultzeko aukerak ere izan ditu urteotan; Enbor(r)rak lanarekin, bereziki. Pabiloi 6 gunearen Emergenteen Zikloaren barruan aurkeztuko du obra, bihar. Antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, «panorama eszenikoa birdefinitzen ari diren sortzaileei ahotsa ematea» da zikloaren helburua. Antzerkigilearentzat aukera «oso ona» da bertan parte hartzea, «etxera itzultzea baita» harentzat: «Sentimendu mordoa daude etxekoen bueltan, eta itzuli egin nahi dut, baita artistikoki ere».

Igandera bitarte iraungo du zikloak, eta, Enbor(r)rak obraz gain, beste hiru proposamen bildu ditu aurten. Clara Chaconen Nadie sabe lo que sufre un caracol antzezlana izan zen lehena agertokia hartzen, atzo. Gaur, ostera, Lan Nenas konpainiaren txanda izango da: Ane Saguesek eta Cristina Tomasek Manual para dos cuerpos desorientadxs aurkeztuko dute. Eta etzi, Libe Estebaranzek emango die itxiera emanaldiei, Mina espazio lanarekin. Sortzaile horiekin guztiekin batera bere obra aurkeztea aukera «paregabea» dela uste du Gironik, bereziki, «esperientziak partekatzeko eta sare bat egiteko».

Bestalde, Pabiloi 6ko Gazte Konpainiak antolatuta, Konpainia Emergenteen I. Topaketa. egingo dute bihar. Arte eszenikoen inguruko «elkarrizketa eta hausnarketa sustatzea» da topaketa horien helburua. Aretoan bertan izango da bilkura, 10:30etatik 13:30era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.