KRITIKA. Antzerkia

Igelak eta baleak

2025eko urriaren 7a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘52 hertz’

Egileak: Garbi Losada, Jose Antonio Vitoria. Euskarazko bertsioa: Bego Losada. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe, Dorleta Urretabizkaia, Martxelo Rubio, Amaia Irazabal. Zuzendaritza: Garbi Losada. Argiak: Xabier Lozano. Jatorrizko musika: Javier Asin. Jantziak: Tytti Thusberg. Non: Donostiako Antzoki Zaharra. Noiz: urriaren 3an.

Igelen eta baleen metafora baliatu du Ados teatroak aukeratu gabeko bakardadeari buruzko bost istorio harilkatzeko: zahar etxera joan nahi ez zuen gizon alargunaren kasua, bertako aisialdiko monitorea den neska gaztearen depresioaren afera, horren laguna den etxegabeko migrantearen bakartasuna, mintzakiderik ez duen emakumearen isolamendua, eta lan itogarriaz gain beste harremanik ez daukan gizonarena. Bistan da gaiak ez direla, berez, komedia bat eratzeko egokiak, baina, Ados onik atera da atakatik tonu gazi-gozoa erabiliz eta pieza umore neurtuez zipriztinduz. 

Ados-ek badu Giza Eskubideak Eszenara izeneko lan-ildoa. Horren harira 2024. urtean Giza Filmoteka deritzon egitasmoan mikrofilmen bilduma osatu dute, betiere, sormenaren bidez bakardade mingarrian bizi direnenen zama arintze aldera. Bada, azken proiektu horrek eta 52 hertz antzezlanak harreman zuzena dute, errodatutako testigantzen isla baita. Horregatik, pertsonaiek hasieratik jakin badakite zer duten eta zehaztu egiten digute, hitzez hitz. Ez da ez garapen psikologikoa ematen, ondo baino hobeto baitakite zeintzuk diren haien gabeziak. Horregatik, publiko bezala, hasieratik ulertu dugu ez genuela espero behar ez ekintza handirik ez tentsio narratiborik, baizik eta gaurko isolamenduaren inguruko testigantza teatrala. Eta teatraltasunean datza, hain zuzen ere, nire ustez, 52 hertz-en meritu handiena. 

Eszenografiak edertasunaren aldeko aukerara jotzen du. Txalotzekoak dira argiak, pertsonaien pasarteetan lortutako sepia kolore-sorta eta horrekin kontrastean baleak irudikatzen diren eszenetako txuri-beltza edota iluntasun landuaren mota ezberdinak. Arropa diseinuak aipamen berezia merezi du, oholtzako elementuen hautaketak errekonozimendu bera merezi duen legez. Poetikotasuna dario eszenografiari zalantzarik gabe, baina bitxia bada ere, ez dut zeinek asmatu duen aurkitzen. Fotogenikoak suertatzen dira momentu asko, eta horrek gaiari dagokion minaren intentsitatea apaltzen eta irensgarriago izaten laguntzen du. 

52 hertz zatika eraikia da, talentuz josita ditu hiru zatitan pertsonaia bakoitzari eskaintzen zaizkion pasarteak. Antzezlan korala izango zelakoan geunden baina garrantzi handiagokoak dira binaka ematen diren eszenak. Aktore beteranoetan Joseba Apaolaza nabarmen egon zen atzokoan, eta gazteen artean Amaia Irazabalek erakutsi zuen bere ahalmen handia. 

Bada balea bat besteek erabiltzen ez duten frekuentzian kantatzen duena. Badira igelak ur beroan kiskaltzen direnak. Lehenbizikoari inork ez dio erantzuten, bigarrenak ez daki garaiz ihes egiten. Atzokoan publikoak eta antzezleek frekuentzia berean izan zuten komunikazio zuzena eta amaierako txaloak bero-beroak izan ziren. Ibilbide luzea izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.