Igor Arzuaga musikaria hil da

Instrumentu asko jotzeko gai zen, eta horrek aukera zabaldu zion musika estilo, molde eta formatu ugaritara egokitzeko. Exkixu taldean eta Mikel Urdangarinekin aritu ostean, bakarkako bidea hobetsi zuen. Musikaz harago, poesia ere landu zuen.

Igor Arzuaga. BERRIA
Igor Arzuaga. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2026ko urriaren 20a
21:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunez liburu denda batean lan egin, eta gauerdiko orduak sormenerako gordetzen zituen Igor Arzuagak, duela hamar urte, Nire begiak diskoa plazaratu berritan. Halaxe aitortu zion komunikabide honi: «Bada goizeko hiruretan esnatzen nauen indar ikusezin bat; ordu horietan ez dago zaratarik, ematen du mundua geldi dagoela, eta bakarrik sentitzen naiz, baina oso bakardade gozoan. Baserri batean bizi naiz, gainera, eta ordu horietan pianoa jota ez dut inor gogaitzen. Neurria hartu diot horri: nire denbora nire sorkuntza beharretara egokitzeari». Laudion (Araba) sortu zen, 1976an, eta gaur hil da, euskal eszenan aski estimatua izan den diskografia oparoa utzita.

Umetatik izan zuen musikarako deia. «Entzumen totala dudala esan izan didate beti: soinu bat entzun eta nota batekin automatikoki lotzen dut, alegia. Baina, batez ere, umetatik entzun dut ama etxean pianoa jotzen». 13 urterekin hasi zen bere lehen kantuak sortzen, eta 18 urterekin Gernikako kaleetan trikitia jotzen zebilela fitxatu zuten Exkixu taldekoek. Bide hori agortuta, Mikel Urdangarinekin batera aritu zen. Eta hori utzita, bakarkako bidea hobetsi zuen. 2002an argitaratu zuen lehen diskoa: Argi izpi bat. 25 urte zituen. Orduz geroztik, diskografia aberatsa osatu zuen: Smog (2004), El perro corredor (2007), Lagun eroa (2008), Unibertsoa gu (2008), Una cabra en la escalera (2009), Encima del caballo (2009), Mara mara (2011)  —Luis Vil musikariarekin—, Experience (2013), Llegará (2013), Menditik jaitsi ginen (2020), Ekaitza ostean (2021), Eider laukotea (2025).... Musika tresna asko jotzeko gai zela erakutsi zuen horietan guztietan. Besteak beste piano, baxu, gitarra, aho soinu, akordeoi eta teklatu jotzaile gisa ageri da Arzuaga disko horietan.

Komunikaziorako tresna zuen musika Arzuagak, eta probokazioa hartzen zuen tresna gisa horretarako. Euskal eszenako outsider-tzat hartu zuten behin baino gehiagotan, eta hein batean ulergarria iruditzen zitzaiola adierazi zuen hark: «Outsider bat naiz dagoen panoraman ez naizelako irabazlea, baina ez dut halakoa izan nahi; gozatzen dut musika egiten, lagun minak ditut musikari asko, eta, outsider-a izan arren haien artean, maitatua sentitzen naiz».

Gaztea zela, eskizofrenia diagnostikatu zioten, baina nahiago izaten zuen gaitza aipatu gabe utzi; «ez beldur kontuengatik, baizik eta estigma ez areagotzeko». Geroztik, musika eta poesia batik bat, baina marrazkiak, gogoetak eta bestelakoak ere landu zituen «errebeldiarako bide modura».

Askatasun grinak gidatzen zuen haren lana: «Gauzak nire erara esaten ditudanean sentitzen naiz ni aske, ez dogmatikoki edo joera bati jarraikiz esatean. Nire eraginak zeintzuk diren badakit, baina ez naiz horien atzetik abiatzen; sortzen dudanean, haietaz ahaztu beharra dut. Ez dut esango sortzea terapia bat denik, baina, bai, bizirik sentitzeko modu handi-handi bat».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA