Donostiako 74. Zinemaldia

David Perez Sañudoren 'Sacamantecas' filma emango dute Zinemaldiko Emanaldi Bereziak sailean

RTVEk lau gala egingo ditu Donostiako Zinemaldian, haren partaidetza duten filmak aurkezteko. Jose Motaren, Jose Corbachoren eta Manuel Menchonen lanak ere ikusi ahal izango dira Sañudorenarekin batera.

'Sacamantecas' filmeko argazki bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Sacamantecas' filmeko argazki bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko abuztuaren 6a
12:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

RTVEk urtero hainbat gala antolatzen ditu Donostiako Zinemaldian, jaialdiaren babesle ofizialetako bat baita. Gala horietan, hedabideak diruz lagundu dituzten filmak aurkezten dituzte; aurten, esaterako, honako lau hauek erakutsiko dituzte, bakoitza gala batean: Jose Motaren Arriba Tutto, Jose Corbachoren Burundanga, Manuel Menchonen La voz quebrada, eta David Perez Sañudoren Sacamantecas.

Askotariko gaiak jorratu dituzte film horietan, komedia, thriller historiko edota dokumental gisa. Badago Euskal Herrian kokatutako lanik ere; Perez Sañudoren Sacamantecas da hori, eta thriller historiko moduan kontatu du. Zuzendariak III. Karlistaldiaren amaieran girotu du bere hirugarren film luzea, Gasteizen izandako gertakari batean, hain zuzen. «Hainbat emakume itota agertu ziren hiriaren kanpoaldean, eta biktimetako baten ahizpa justizia bila hasiko da», adierazi du jaialdiak ohar bidez. Patricia Lopez Arnaizek antzeztu du Angela Berrostegieta, biktimaren ahizpa, eta Antonio de la Torrek Juan Diaz de Garaio, «nekazari analfabetoa eta kriminala». RTVEren eta EITBk batera egingo duten galan aurkeztuko dute lana, eta Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak sailean parte hartuko du.

Horietaz gain, jada iragarritako bost film ere emango dituzte irailaren 18tik 26ra, RTVEren partaidetza dutenak: Mikel Gurrearen Sants —Sail Ofizialean lehiatuko da—; Daniel Monzonen Ruega por nosotras —Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan emango dute—; Koldo Almandozen Azken agurra; Javier Ginerren Esta soledad —Zuzendari Berriak sailean ikusiko da—; eta Meritxel Collelen Lejos de los arboles —Zabaltegi-Tabakaleran proiektatuko dute—.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA