Zinema estreinaldiak

Ikasgelan ikasiz

'Favoriten' dokumentalak, Ruth Beckermann zinemagile austriarrak egin berri duenak, Vienako eskola publiko bateko haur talde bat du protagonista, eta hiru urtez erretratatu du haien bilakaera.

'Favoriten' filmeko irudi bat.
'Favoriten' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko maiatzaren 7a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Favoriten Vienako distritu baten izena da. Askotan arriskutsutzat jo izan den langile auzoa da, eta, egun, auzoko biztanleen herenak Serbia, Siria edo Turkiatik datozen migratzaileak dira. Bertan dago Vienako lehen hezkuntzako eskolarik handiena. Haurren %60k ez dute alemana ama hizkuntzatzat, eta lagungarri izan beharko lukeen sistemak ez du hori aintzat hartzen, hezitzaile eta diru falta dela eta.

Ruth Beckermannen azken dokumentalak, Favoriten, aipatu eskolako talde bat du protagonista. Hiru urtez (2020-2023) Ilkay Idiskut irakaslearen gelan aritu da zinemagile austriarra, eta 25 ikasleen bilakaera erakutsiko digu, 7 urterekin hasi eta 10 urte bete artekoa. Gelatik irteten ez den kamerarekin, eta haurren altueran grabatutako plano motzekin, Beckermannek haurren bilakaera erakutsiko du, baina ez soilik ikasgaiei (hizkuntzaren ikasketa barne) dagokienez. Favoriten-eko haurrek gatazkak kudeatzen ikasiko dute, beren sentimenduei buruz hitz egiten, kulturari buruz hausnartzen, erlijio ezberdinekin harremanetan jartzen, helduen balioei haurrenak kontrajartzen eta laguntasuna bizitzen. Ilkay irakasleak gidatuko du bilakaera hori. Matematika, gorputz hezkuntza, alemana… ikasgai guztiak irakatsiko dizkie emakume gazteak hiru urtez, eta haur bakoitzak etxetik dakarren kulturarekin, hizkuntzarekin eta erlijioarekin duen harremanaz hausnartzen duten heinean, komunitate bat bilakatuko dira.

Beckermannek Mutzenbacher dokumentala grabatu zuen 2022an. Han 16 eta 99 urte arteko gizonezkoen casting bat erretratatu zuen. Bere esperientziak kontatzen zituen Vienako prostituta batek 1906an idatzitako eleberri baten testuak irakurri behar zituzten parte hartzaileek kamera aurrean, sexualitateari buruz hausnartzen zuten bitartean. Filmaren grabaketa amaitzean, museo bateko familientzako ekintzez arduratzen zen lagun baten ideia onartu zuen zinemagile austriarrak: haurtzarora hurbiltzea. Favoriten 2024ko Berlinale jaialdiko Encounters sailean estreinatu zuten.

Favoriten Vienako eskola publiko bateko talde baten bilakaerari buruzko filma da. Jatorri, erlijio, kultura, hizkuntza ezberdinak dituzten haurrei buruzko filma. Enpatiaz eta energiaz beterik, haurren zailtasunak nabigatzen saiatzen den irakasle bati buruzko filma. Eta fokua apur bat urrunduz, behar ezberdinak dituzten haurrak haien kaxara uzten dituen herrialde bateko hezkuntza sistemari buruzko filma da.

'FAVORITEN'

Zuzendaria: Ruth Beckermann. Gidoilariak: Ruth Beckermann, Elisabeth Menasse. Aktoreak: Ilkay Idiskut, Majeda Alshammaa, Nerjiss Aldebi, Davut Kaplan, Hafsa Polat, Beid Emini, Dani Crnkic, Danilo Tomic eta Melisa Bulduken parte hartzeekin. Argazkia: Johannes Hammel. Urtea: 2024. Iraupena: 118 min. Herrialdea: Austria. Estreinaldia: Maiatzaren 9an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk

(ID_17461723101955) UNA QUINTA PORTUGUESA
'Una quinta portuguesa' filmeko irudi bat.

'UNA QUINTA PORTUGUESa'

 

Zuzendaria: Avelina Prat. Gidoilaria: Avelina Prat. Aktoreak: Manolo Solo, Maria de Medeiros, Branka Katic. Argazkia: Santiago Racaj. Generoa: Drama. Urtea: 2025.

 Iraupena: 114 min. Herrialdea: Espainia.

Geografia irakasle da Fernando, pertsona lasaia, baina emaztea desagertzeak erabat suntsituta utziko du. Noraezean, beste gizon baten nortasuna ordezkatuko du Portugalgo upategi bateko lorezain gisa, eta, han, ustekabean, jabearen adiskide bilakatuko da, berari ez dagokion bizitza berri batean murgilduz.

'LA LLEGADA DEL HIJO'

 

Zuzendariak: Cecilia Atan, Valeria Pivato. Gidoilariak: Cecilia Atan, Valeria Pivato. Aktoreak: Maricel Alvarez, Angelo Mutti Spinetta, Greta Fernandez. Argazkia: Sergio Armstrong. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 87 min. Herrialdea: Argentina.

Sofia ezkutuko dolu sakon bat gainditu nahian ari da, eta semea etxean hartu beharko du, urte batzuetako kartzela zigorra bete ostean. Aukera paregabea izango da bientzat krimenaren unetik banatzen dituen distantzia gainditzeko.

'ERREPLIKA'

 

Zuzendaria: Pello Gutierrez Peñalba. Gidoilariak: Pello Gutierrez Peñalba, David Aguilar Iñigo, Iñaki Sagastume. Argazkia: David Aguilar Iñigo. Musika: Maite Larburu. Urtea: 2024. Iraupena: 74 min.

Herrialdea: Euskal Herria.

1979an Zikuñagako Ama Birjina desagertu zen, eta bertako biztanleak euren irudi ikonikorik gabe geratu ziren. Hutsune bat horma-hobian. Hutsune kolektibo bat. Hutsuneei buruzko filma da hau. Zuzendariaren aita, Juanmi Gutierrez zinemagilea, duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora igaro ostean, bere filmetara itzuli eta oroimen pertsonaleko ariketa bat egingo du irudiaren bidez, edo hobeki esanda, horien absentziaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.