Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka

Ikus-entzunezko sortzaileen hitza autobus baten estalpean

Atzo zabaldu zituen ateak Irudienea gune berriak; galegoz eta euskaraz egindako lanak izango dira bertan

Haurrek berentzako lanak ikusi zituzten atzo Irudienean. CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI PRESS.
Durango
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Euskal kultur sorkuntza gero eta formatu gehiago hartzen ari da aintzat, eta ikus-entzunezkoa sekulako indarra hartzen ari dela nabarmendu du Aiert Goenaga Gerediagako ordezkariak. Aurten lehen esperimentua egin dute. «Hasi berri dugun Irudienea hazia da, eta hurrengo urteetan basoa izatea espero dugu», gaineratu du. Izan ere, 46.Azokaren gune berrietako bat dugu hori. Ahotsenearen karparen ondoan aparkatuta dagoen autobus handi baten barruan emango zaie estreinakoz hitza ikus-entzunezko sortzaileei.

Azokaren izena

Euskarazko hamar film labur, bederatzi musika bideo eta lau dokumental izango dira ikusgai 40 lagunentzako egokitutako autobusean. Hortaz gain, bederatzi zinema zuzendari, bost musika talde eta idazle-kazetari bati ahotsa emango die guneak euren sorkuntza lanen inguruan azalpenak eman ditzaten. Gerediagak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin elkarlanean sortu du Irudienea. «Euskararen normalizazioa da gure helburua, eta pozarren gaude gune berri honen parte izateaz», azaldu du Manuel Moreno Topaguneko kideak. Azokak azken urteotan izan duen bilakaera ikusita, «Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azoka euskal kulturaren plaza bihurtu da. Horregatik uste dugu izena aldatu beharko geniokeela», adierazi du. «Garapen naturala izan da eta poztekoa da. Ahotseneak azken lau urteetan erakutsi du jendea datorrela liburu edota diskoren bat erostera, baina baita horren sortzaileekin zuzeneko aurrez aurreko harremana izatera ere». Euskal Herria txikia eta euskaldunak gutxi izanik, txikitasun horrek abantailak badituela gaineratu du. «Kulturgileak, hartzaileak eta eragileak aurrez aurre lanean egotea, igurtzi hori, eskertzekoa da».

Uzta oparoa iruditan

Euskaraz sortutako iraupen laburreko film eta ikus-entzunezkoen artean aipagarri Lekeitioko Zine Bileran Benito Ansola beka jaso duten David Zabala lekeitiarraren Ohe azpiko zera eta Joseba Uberuaga gernikarraren Izena duena laburrak. Atzo izan ziren ikusgai. Gaur goizean, Gose, Sparteens eta Esne Beltza taldeek euren bideoklipen aurkezpena egingo dute Irudienean. Euskaraz egindako bi dokumentalen emanaldi bereziak ere egingo dira. Arratsaldean, Bertsolari emango dute, Asier Altuna zuzendariaren azalpenek lagunduta. Bihar, Gotzon Elortza getxotarrak 60ko hamarkada hasieran sortu eta Euskadiko Filmategiak aurten zaharberritutako euskarazko hiru dokumentalak izango dira ikusgai. Egilea bertan izango da. Horrez gain, eguerdian Zeluloidezko begiradak liburuaren aurkezpena egingo da, Mikel Garcia Idiakez egilea eta Jon Garaño, Juanba Berasategi, Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendarien parte hartzearekin. Euskal zinemaren ibilbidearen gainean arituko dira. Arratsaldean, iraupen laburreko zortzi ikus-entzunezkoren emanaldiaren ostean, solasaldia izango da Mikel Zatarain, Angel Aldarondo eta Maialen Sarasuaren artean.

Azken bi urteetako galegozko ikus-entzunezko produkzioa ere ezagutzeko aukera emango du Irudieneak. Jatorrizko bertsioan eskainiko dira eta filmak euskarazko azpidatziekin. Digna rabia dokumentala ere aurkeztuko da bihar, hainbat hizkuntzatan grabatu eta euskaraz azpidatzitakoa, Francoren garaiko emakume galiziarrei buruzko dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.