Ikusezina erakutsiz

'Ama Lur' Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukertek egindako filma proiektatuko dute, gaur, Donostiako Antzoki ZaharreanEuskadiko Filmategiaren 35. urteurrenaren harira antolatutako azkeneko ekintza da

Igor Susaeta.
Donostia
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Transmititzen zuen zerbait film hark. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariaren ustez, poza, sorpresa eta emozioa sentitu zuen jendeak, Ama Lur Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek zuzendutako dokumentala estreinatu zenean, 1968an. «Ikusten ari ziren ordura arte ikusi gabe zeukaten zerbait». Ikusezina erakutsi zuten irudi haiek, beraz. Donostiako Antzoki Zaharrean proiektatuko dute, gaur, 20:00etan hasita, eta Euskadiko Filmategiaren 35. urteurrenaren harira antolatutako programazioko azken ekintza izango da. Joan den astean Victor Erizeren El espíritu de la colmena eta LaMorte Rouge filmak eman zituzten Viktoria Eugenia antzokian, eta zinemagileak hitzaldi bat eskaini zuen.

Filmategia eratu zuten bost kideetako bat zen Peio Aldazabal, eta instituzioaren zuzendaria ere izan zen sorreratik 2010era. «Esanahia berezia» dauka Ama Lur-ek harentzat. Pelikula 1968ko uztailaren 10ean estreinatu zuten, Viktoria Eugenian, XVI. Donostiako Zinemaldian. «Zentsurarekin arazoak izan zituela-eta, estreinaldiari nolabaiteko boikota egiteko deia egin zuten». Baina filmak Zinemaldian erakutsi eta ordu eta erdi geroago ematen zituzten Astoria zinema aretoan. Hango proiektatzailea zen, hain justu, Aldazabal. Gogoan du «baimen berezi bat» zuela pelikulak eta 1.500 ikuslek bete zituztela jarlekuak egun hartan. Handik lau hilabetera, azaroan, «lizentziarekin» heldu zen filma Principe antzokira, eta «arrakasta handia» eduki zuen. «Hilabete batez-edo egon zen ikusgai. Sesioak eta borrokak eduki nituen jendearekin, Principen proiektatutako kopia eta Astoriakoa diferenteak zirela esaten zutelako batzuek. Baina ez zen egia».

Ama Lur-ek Aldazabal hunkitu zuen. «Pelikula hark ematen zuen zure herrialdea ezagutzeko aukera... Hunkigarria zen zure herrialdearen ohitura eta historia ikusi ahal izatea...». 3.000 pertsonak egindako ekarpenei esker finantzatu ahal izan zuten proiektu «zoragarri» hura. Filmategiaren lehen zuzendariaren ustez, Larrukertek egindako lanari esker dokumentalaren audioa eta muntaketa «harrigarriak» ziren.

«Euskal zinemagintzarentzat mugarria» izan zen film hura, Fernandezen iritziz. Baina, eduki duen «eragin estetikotik haratago» doa Ama Lur-ek zinemagintzari egindako ekarpena. «Euskal herritar bat pantailan azaltzen zen aldi bakanetan haren erretratu karikaturizatu bat egiten zela-eta, etsita azaltzen zen Koldo Mitxelena 50eko hamarkadan egiten zituen kritiketan»

Arazoak zentsurarekin

Existitzen den kopia bakarra emango dute gaur. Inoiz ezin izan dituzte berreskuratu zentsuratutako zatiak. Debekatu zieten, esaterako, pertsonaia batzuk —Pio Baroja eta Miguel Unamuno, kasurako— egileek nahi bezala aurkeztea. «Eszena espainoleko berritzailea gisa azaltzen da aurrenekoa, eta Salamancako Unibertsitateko errektore gisa bigarrena», azaldu du Aldazabalek. Audioan «España» hitza hiru aldiz erabiltzera behartu zituzten, eta baita bukaera aldatzera ere. Gernikako arbolaren inguruan azaltzen da kamera, egun eguzkitsu eta argi batean; berez, ordea, elurtuta behar zuen arbolak. «Propaganda separatista saihestu nahi zuten. Zentsoreen asmoa zen Espainiako probintzia baten edertasuna azaltzen zuen lan bat bezala aurkeztea, filma, berez politikoa zenean», argitu du Fernandezek. «Andaluziako Ama Lur bat egitea proposatu zieten», gehitu du Aldazabalek, umorez.

Osasun eta agenda arazoak direla eta, Filmategia sortu zutenetatik Juan Jose Almuedo eta Aldazabalek baino ezin izango dute aurkeztu, gaur, Antzoki Zaharrean, ikusezina erakutsi zuen filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.