Imanol Agirre: «Euskaldunok bigarren mailako hiritarrak gara Bilbon»

Bilboko Udalak euskara sustatzeko lan handiagoa egin dezakeela esan du Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendari artistikoak.

Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendari artistikoa. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendari artistikoa. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko otsailaren 14a
15:30
Entzun

Protokolozko ekitaldia izan da jaialdiaren aurkezpena. Horregatik, Imanol Agirre Loraldia jaialdiko zuzendari artistikoa ez ezik, bertan izan dira jaialdia babestu duten hiru erakunde publikoetako ordezkariak ere: Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailburua eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Euskara sailburua. Eta protokolozko giro horretan esan dituelako izan dute pisu berezia Agirrek Bilbon euskarak duen egoeraz emandako iritziek. «Bigarren mailako pertsonak gara euskaldunok hemen, Bilbon».

Hamar urteotan hiria eta jaialdia aldatu direla igarri ote duen galdetu diote kazetariek, eta orduan etorri da gogoeta. «Hiria ez da asko-asko aldatu, sentitzen dut. Oraindik jarraitzen dugu antzinako martxan». Eta, hain zuzen ere, martxa hori handitu beharraz aritu da Agirre. Eta eman du datu zehatz bat ere. «Euskaldunok konpromiso gehiago eskatzen dugu. Bilbok ez du euskararen ordenantzarik, Iruñeak bai. Eta 40 urte baino gehiago pasatu ditugu. Bilbo oraindik geldirik dago euskarari dagokionez».

Esker ona

Agirrek esker ona ere adierazi nahi izan die jaialdia sustatzen duten erakundeei. «Jaialdiak izan duen aldaketarik handiena iraunkortasunarena da, eta hiru erakundeen babesari esker lortu dugu hori». Agirrek gogoratu duenez, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak babestu zutelako hasieran, eta gero Eusko Jaurlaritza batu zaielako. «Iraunkor dago, etorkizunari begira gaude, eta eroso egiten dugu lan».

Agirrek hitza hartu aurretik egin dituzte ordezkari publikoek euren adierazpenak. Bilboko Udalak bere buruari hiri «%100 euskalduna» lortzeko helmuga jarri diola esan du Inunziagak. Loraldiak Bilbo euskararen «epizentro» bilakatzeko egiten duen lana txalotu du Arrizabalagak Bizkaiko Aldundiaren izenean. Eta, euskal kultur emanaldi «erakargarriak» antolatzeko egiten duen lana ez ezik, jaialdiaren egitasmo publiko eta pribatuen arteko lankidetza eredua ere laudatu du Zupiriak, Eusko Jaurlaritzarenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.