Literatura

Imanol Irigoien 'Hauts eta huts' poema liburuarekin itzuli da, 37 urteren ondoren

Irigoienek, besteak beste, protesta hitzak eta olerki jostalariak bildu ditu bere bigarren poesia liburuan. Elkar argitaletxearekin argitaratu du, eta kontatu du idazteko prozesuan anaia izan zuela aholkulari nagusi: Joan Mari Irigoien.

Imanol Irigoien 'Hauts eta huts' poema liburuaren aurkezpenean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Imanol Irigoien 'Hauts eta huts' poema liburuaren aurkezpenean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko azaroaren 25a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abisua eman zionean, anaiaren poemez ari zela uste zuen Xabier Mendigurenek, baina ez, ordenagailuaren biltegian gainezka egiten zuten olerki horiek guztiak Imanol Irigoienek berak idatziak ziren. Bada, biltegitik kalera atera ditu argitaratu berri duen poema liburuan, Hauts eta huts lanean. Eta irakurleek gogoz hartu dute argitalpena, 37 urte pasatu baitira azken liburua kaleratu zuenetik: Argiaren barne distantziak (Erein, 1989) poema liburuak Lizardi poesia saria irabazi zuen, baita kritikaren saria ere. Gainera, azken hori anaiarekin batera ospatu ahal izan zuen, Joan Mari Irigoienek jaso baitzuen sari hori bera nobelaren adarrean, Babilonia (Elkar, 1989) liburuarekin. «Anaia Joan Mari zenaren lagun, idazkari eta txofer ibili zen haren azken urteetan, eta beti Joan Mariren itzalean bezala gelditzen zen, baina itzal zenak bere argia ere badu», ziurtatu du Mendigurenek. 

Hauts eta huts liburuak idazlearen «betiko gaiak eta gai berriak» lantzen ditu, baina, editorearen iritziz, sentiberatasuna nagusitzen zaio, bai artearekin, bai gizadiarekin, baita kulturarekin ere: «Errealitatearekin, oro har. Imanol oso pertsona sentibera da, eta sentiberatasun horretatik sortzen du poesia». Eta «humanismo sakon bat» ere igartzen dio idazleari; zehazki, «bere barru-barruko kezkak azaltzen dituena, eta enpatia sentiarazten duena zapalduarekin, sufritzen duenarekin». Are, Mendigurenek beste elementu bat ere gehitu dio liburuan nagusitzen diren gaien zerrendari: poeta-profetaren ahotsa. Hain zuzen, poemetan etengabe azaltzen da poeta hitza: «Poeta horrek profeta itxura hartzen du, ez etorkizuna iragartzen duelako, baizik eta herriaren ahotsa hartzen duelako, eta protesta eta aldarri egiten duelako». 

«Imanol oso pertsona sentibera da, eta sentiberatasun horretatik sortzen du poesia»

XABIER MENDIGURENEditorea

«Erradikalak izan ez gintezen gomendatzen ziguten,/ erradikalak izateagatik hartzen ziguten kargu./ Nola bizi liteke, baina, sustrairik gabe landarea,/ nola bizi zuhaitza?». Gure etxea izeneko poema da idazlearen aldarrien adibideetako bat, eta, horretaz gain, euskarari edo migrazioari buruz ere mintzatu da, besteak beste. Hain zuzen ere, kapitulu oso bat hartzen dute protesta hitzek, baina gehiago ere baditu. Guztira, sei atal ditu liburuak: Erostari, Aldarri, Jostari, Ertilari, Izadi eta Otoizlari. Itzala poema da, adibidez, Jostari atalean azaltzen direnetako bat. Hala dio: «Behin batean/ itzalak ihes egin nahi izan zuen nigandik/ —etsipenez ihesi—. Ihes ene soinaren aterpetik».

Pintura eta poesia

«Anaiak baino ez zituen nire olerkiak irakurri». Koadernoa olerkiz beteta lodi, anaiari erakutsi zion idatzitakoa, eta hark moldaketa batzuk egin zizkien idatzitakoei, «baina gutxi». Bestela, Irigoienek ez du bestelako aholkularirik behar izan bere literatur ibilbidean, eta 37 urteotan ttirriki-ttarraka idatzi ditu poema asko eta asko. Baina idazle izanagatik ere, askok margolaria delako ezagutuko dute batik bat. 1981ean aurkeztu zuen bakarkako lehen erakusketa, Oiartzunen (Gipuzkoa); ordutik, hala bakarka nola taldean, pintura izan du sorkuntzaren ardatza.

«Uste dut egiten ditudan koadroek eta pinturek badutela poesia kutsu bat, hala nahi nuke behintzat»

IMANOL IRIGOIENIdazlea

Eta poesiari pintura erantsi dio, baita pinturari poesia ere: «Uste dut egiten ditudan koadroek eta pinturek badutela poesia kutsu bat, hala nahi nuke behintzat». Ezin adierazgarriago, Irigoienena da Hauts eta huts liburuaren azalean ageri den margolana.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA