Liburuaren ideiari buruz galdetuta, euskal literaturan umorez eta arin-arin irakurtzen diren liburuetan hutsunea sumatzen zuela adierazi du Iñaki Dorronsorok (Ataun, Gipuzkoa, 1994). Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel eta alboan izan duen Inazio Mujika Iraola editorearen Gerezi denbora aipatu ditu eredu moduan. Liburu horien antzeko lanak faltan sumatzen zituela eta esparru horretan bere ekarpena egin nahi duela esan du idazleak. Gehitu duenez, Bergarako Idazle eskolako Tere Irastortzak eta Pako Aristik animatu dute liburua idazteko proiektuan.
Dorronsororen lehen liburua da Azpijokoa Azpiazun, eta Alfontso detektibe pribatuak eta Miren Arrieta kazetariak elkarrekin egin duten lehen ikerketaren kontakizuna da. Eleberriak gizarte kritika du oinarri, eta, Mujika Iraolaren arabera, «ispilu desitxuratu batetik islatzen du errealitatea». Kontakizunari dagokionez, «bi protagonistek auzo baten eraldaketa urbanistikoaren atzeko aldean dauden interes ilunak, ustelkeria, boterearen manipulazioak eta abar deskubrituko dituzte», esan du editoreak, eta hori guztia bi pertsonaiek duten harreman bitxia tarteko dela. Mujika Iraolak honela definitu ditu Alfontso eta Miren pertsonaia nagusiak, hurrenez hurren: «detektibe pragmatiko zigarrozalea eta kazetari ausart eta zorrotza». Gainera, nabarmendu duenez, egunerokoaren «gatz eta piperrak» kontatzeko moduak liburua «irribarrez eta gogoetaz» irakurtzera bultzatzen du.
«Bi protagonistek auzo baten eraldaketa urbanistikoaren atzeko aldean dauden interes ilunak, ustelkeria, boterearen manipulazioak eta abar deskubrituko dituzte»
INAZIO MUJIKA IRAOLAEreineko editorea
Nobela beltza ohikoa ez den tonu parodikoa erabiliz jorratu du Dorronsorok. Bestalde, liburuaren bereizgarria zer den azaldu du Ereineko editoreak: «Noir generoaren ikur klasikoak hankaz gora ipini dituzte Dorronsororen ironiak eta parodiak». Dorronsorok aitortu du gogoko duela hizkuntzarekin jolastea, «izenburuan ikus daitekeen moduan». Hizkeraren eta pertsonaien karakterizazioaren bitartez, hain zuzen, liburuan sortu duen hiri ilunari kolorea ematen saiatu dela esan du.
Itxuraz nobela beltzetako pertsonaia klasikoak dira bi protagonistak, baina irakurleak ez du Humphrey Bogart bezalako detektiberik aurkituko. Mujika Iraola: «Istorioaren kontalaria autoparodia egiten duen detektibe bat da. Itxuraz Bogarten tankerakoa den arren, hau da, estilo klasikoz jantzia eta zigarroa beti ezpainetan, hizkera zirtolaria du, eta pazientzia gutxikoa da».
«Noir generoaren ikur klasikoak hankaz gora ipini dituzte Dorronsororen ironiak eta parodiak»
INAZIO MUJIKA IRAOLAEreineko editorea
Mirenen eta Alfontsoren arteko harremanari dagokionez, ez da ideala. Hala dio detektibeak liburuaren hasieran: «Kazetariak eta ikerlariok ez gara oso ondo moldatzen elkarrekin. Ura eta olioa bezala, edo behatz txikia eta altzarien ertzak bezala». Horren inguruan, liburuaren editore Mujika Iraolak zera gehitu du: «Bi pertsonaien arteko tirabiren umoreak eta tentsioak erritmo paregabea ematen diote nobelari». Hain zuzen, liburuaren bereizgarritzat jo du Alfontsoren eta Mirenen harremanaren tonu parodikoa ere.
Etorkizunaz baikor mintzatu da Dorronsoro. Mirenen eta Alfontsoren lehen kasua dela zehaztu eta gero, jarraipena emateko asmoa duela esan du.