Hilberria

Iñaki Garcia Erguin margolaria hil da

XX. eta XXI. mendeetako euskal pinturaren erreferente eta berritzaile izatea aitortu izan zaio margolari bilbotarrari. 91 urte zituela zendu da.

Iñaki Garcia Erguin margolaria, Bilboko Colon galerian 2005ean egin zuen erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iñaki Garcia Erguin margolaria, Bilboko Colon galerian 2005ean egin zuen erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2025eko abenduaren 12a
16:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

1934an sortu zen Iñaki Garcia Erguin, Bilbon, eta hiri bereko Arte Ederren Eskolan egin zituen ikasketak. 1958an bere lehen estudioa zabaldu zuen sorterrian, eta Madrilen sari bat ere jaso zuen urte berean. Hainbat bidaia egin zituen bai Frantziara bai Espainiara, eta 1960an bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen, Bilbon.

Handik urtebetera, beka bat lortu, eta Munichera (Alemania) jo ahal izan zen, ikasketetan sakontzera. Bertan ezagutu zuen espresionismo alemaniarra, zeinak bere lengoaia piktorikoan eragin nabarmena izan zuen. 1960ko urteetan hainbat erakusketatan parte hartu zuen, bai Euskal Herrian bai Europan barrena, eta hamarkadaren amaiera aldera AEBetara, Kanadara eta Mexikora ere bidaiatu zuen, besteak beste. 1966an Emen artista bizkaitarren taldea sortzeko lanetan aritu zen; adierazpide berriak bilatzeko eta euskal margogintza berritzeko xedea zuen talde horrek.

Hurrengo hamarkadetan nazioarteko hainbat erakusketatan parte hartzen segitu zuen, eta hainbatetan saritu zizkioten lanak. Abstrakziora maiz jo izan zuen, eta bere koadroetan paisaiak, jaiak eta tradizioak sarri irudikatu zituen. Kolorearen erabilera adierazkorragatik eta teknikekin, testurekin eta materialekin etengabe esperimentatzeagatik nabarmendu zen. Operarako eszenografiak eta enkarguz ondutako muralak ere sortu zituen, baita 1998an Athleticen mendeurreneko logotipoa diseinatu ere.

Bizkaiko kostaldeko portuak behin baino gehiagotan eraman zituen bere koadroetara. Horren lekuko da Ondarroa artelana (1974), besteak beste; Bilboko Itsasmuseumek joan den azaroan hartu zuen margolana, Obra Gonbidatua programaren harira, Bilboko Arte Ederren Museoaren eskutik, eta uda bitarte izango da bertan ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.