Inaxitoren hirugarren abentura, ipuinean eta DVDan

Trikuharrik eta Lankuk bi euskarritan argitaratu dute 'Galtzagorriei to, Inaxito!' haurrentzako bertso antzezlana

Trikuharri eta Lankuko kideak, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Haurrak bertsolaritzara hurbiltzeko, hiru bertso antzerki sortu ditu Trikuharri taldeak zortzi urteotan. Euskal Herrian barrena 250 emanalditik gora egin dituzte 2003tik hona Gorka Tolosa, Ibai Esoain eta Xabier Sukia taldeko kideek, haurrak bertsoekin gozaraziz. Inaxito izan da hiru ikuskizunetako protagonista. Inaxitoren ametsak lanarekin munduko kulturak erakutsi zizkieten haurrei; 1,2,3... Inaxito-n, umeen sormena lantzea hartu zuten helburu; eta Galtzagorriei to, Inaxito! ikuskizunarekin, euskal mitologiaren munduan murgildu dituzte. Azken hori ipuinean eta DVDan jasota argitaratu dute orain, Lankuren laguntzarekin.

Trikuharri taldeko kideek idatzi dute obrako testua, eta ipuinean ere antzerkiaren moldeari eutsi diote, Alaitz Olaizolaren laguntzarekin. Alai Zubimendik ondu ditu ilustrazioak. DVDan, berriz, bertso antzezlanaren emanaldia osorik edo atalka ikus daiteke. Inprobisazioari ere lekua egiten diote ordubete inguruko emankizunetan. Zarautzen iaz egindako emanaldia jaso dute DVDan, baita Oiartzunen, Landarbasoko kobazuloetan egindako grabazioak ere. Horiekin batera, Inaxito, Galtzagorriak, Lamia, Basajaun eta ikuskizuneko beste hainbat pertsonaia aurkezten dituzte. Eta joko interaktibo bat ere prestatu dute, haurrak bertsoen oinak asmatzera jolas daitezen. Bost eta hamabi urte arteko haurrentzat dira lanok.

Bai ipuina bai DVDa, Lankuren webgunean (www.lanku.com) eta liburu dentetan jarri dituzte salgai. Ikuskizuna zuzenean ikusteko aukera izango da aurrerantzean ere. Hilaren 15ean egingo dute hurrengo emanaldia, Gernikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.