Kritika. Performancea

IND delakoa

'Alter nation' performancearen irudi bat. BERRIA
'Alter nation' performancearen irudi bat. BERRIA
Agus Perez.
2026ko apirilaren 9a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'alter nation'

Sorkuntza eta interpretazioa: Idoia Tapia Martinez. Zuzendaritza: Idoia Tapia Martinez, Matxalen de Pedro. Argiak: Max Sanchez. Lekua: Aulestiko Udal aretoa. Eguna: Apirilak 7. 

ADEL jardunaldien barruan izandako Alter nation emanaldian jakin dugu IND siglekin izendatzen dela Identitatearen Nahasmendu Disoziatiboa. Idoia Tapia Martinezek bere performancean azaldu digunez, txikitan jasandako trauma gogor batek eragin ohi du, eta pazienteak bere baitan daramatza nortasun desberdin batzuk, elkarrekin komunikatzen ez direnak eta tentsio edo blokeo uneetan batetik bestera igarotzen direnak, gorputzaren eta portaeraren kontrola hartuz.

Sindromearen existentzia hain da harrigarria non hau idazten dudan bitartean ari naizen pentsatzen beharbada gune espezializatu batean bilatu beharko nukeela informazioa, agian lanaren oinarria asmazio hutsa baino ez delako izan. Zeren eta diferentea litzateke proposamenak gugan eragindako efektua egia izan ala ez izatean, baina bere interesa dauka zalantza zilegi horrek ere.

Kontua da Aulestiko jardunaldietatik hainbat mailatan igarotako artistak —ikasle, irakasle, sortzaile…— oso performance txukun, aurreratu eta ondo eraikia eskaini digula ikusle guztion arreta lehen minututik eta amaitu arte bereganatuz. Tira!, ikusle guztiena ez, hiru eta bost urteko bi neba-arreba sano aspertu direlako emanaldi osoan zehar, artistaren kontzentrazioa eta inguruko ikusleena zapuztuz. Guraso maiteok, noiz ikasiko duzue adin horietako umeak hobeto daudela etxean iluntzeko bederatzietatik aurrera?

Agertokiaren diseinuak hoztasun teknologiko batean murgildu gaitu. Mahai eskematiko batek hartu du protagonismo eszenikoa, eta haren gainean zeuden dispositibo elektronikoak —ahotsak eraldatzeko gailua, nahasketa-mahaia eta beste prozesadore batzuk— ezinbestekoak suertatu dira proposamena burutzeko. Ulertzekoa denez, kableak ere zeuden nonahi, eta haiei ere eman die protagonismo poetikoa performerrak, haiekin zuri-beltzeko itzal proiektatuak eginez eta beste gailu guztiekin batera beraren ustezko identitate nahastu eta disoziatiboa artearen bideetatik irudikatuz.

Youtuberren estiloko hiru uztai-argiekin egindako girotzea delikatua, irudimentsua eta dramaturgiaren parte ezinbestekoa izan da. Zorionak argien diseinugileari. Eta gauza bera esango dugu hitzaldi performatiboa, zientzia dibulgazioa eta bilaketa artistiko sakona uztartu dituen lan eredugarri honetaz. Baina esandako guztia ez zen ezer izango interpretearen gaitasun eszenikoen ezean, eta alde horretatik bikaintasuna erakutsi du gorputzaren adierazkortasunean, ahotsen maneiuan, ahoskera perfektuan eta ikusleria engainutik egiara eramateko trikimailu eszenikoetan.

Amaierarako utzi digu sortzaileak umetako trauma gogor hori zer izan zitekeen azaltzea, eta kanta ezin ederrago baten bidez jabetu gara horren zioaz —beste abestiren bat ere izan da emanaldian—, gerra egoeran bizi diren umeak gogoan hartuz.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA