Musika

Inkontzienteari dantzatzen uztea

Belek bere bigarren albuma plazaratu du: ‘Muturrez zerura’. Musika beltzaren eremutik atera gabe, 70-80ko hamarkadetako disco eta funk doinuetarantz egin du musikariak oraingoan, eta zortzi kantu berri bildu ditu diskoan.

Lide Hernando musikariaren bakarkako proiektua da Bele, eta bigarren diskoa atera du: 'Muturrez zerura'. IRATXE ETXEANDIA
Lide Hernando musikariaren bakarkako proiektua da Bele, eta bigarren diskoa atera du: 'Muturrez zerura'. IRATXE ETXEANDIA
Ainhoa Sarasola.
2025eko abenduaren 16a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain bi urte hegaldatu zen aurrenekoz Bele, Lide Hernandoren bakarkako proiektua. Musika beltza lantzeko gogoz abiatu zuen bide berria musikariak, eta Herrari (2024) izan zuen estreinako albuma. Soula eta rhythm and bluesa nabarmendu ziren lan hartan, eta, musika beltzaren zaku oparoan arakatzen segituta, 70-80ko urteetako disco eta funk doinuetara jo du orain, Muturrez zerura disko berrian. Zortzi kantu dantzagarri eta ilun bildu ditu bigarren hegaldatzean, eta aurki ekingo die zuzenekoei; entzuleak dantzan jartzeko asmoz. 

Aurreko diskoa zuzenean aurkezten ibili zen, eta Fermin Muguruzaren nazioarteko biran ere aritu da, baina hori ez da oztopo izan kantu berriak sortzeko. Akaso, alderantziz. «Egia da sortzeko denbora askorik ez dudala eduki, baina, aldiz, inspirazio handia ekarri dit jende berria ezagutzeak, leku berrietara joateak, musika berria entzuteak... Gainera, esango nuke oso lanpetuta nagoen garaietan inspiratuago nagoela, edo behintzat aktiboago, eta gauzak errazago ateratzen direla». 

Hain zuzen, inspirazioari, inkontzienteari hegan egiten utzi dio oraingoan kantuak sortzeko. «Disko honekin ariketa nahiko kontziente bat egin dut inkontzientetik abiatzeko, gauzak gehiegi ez arrazionalizatzeko, ze batzuetan gauza interesgarriak ateratzen dira bide hori irekita». 

«Ariketa kontziente bat egin dut inkontzientetik abiatuta sortzeko; gauza interesgarriak atera ahal dira bide hori irekita»

LIDE HERNANDO 'BELE' Musikaria

Ariketa horretan, «asko meditatu gabeko esaldiak, justaposizio arraroak eta halakoak» etorri izan zitzaizkion burura, eta hala sortu zitzaion izenburua ere, Muturrez zerura. «Gero hasten zara gauzei zergatiak ematen, baina egia da erorialdiaren ideia oso integratuta daukadala; musikari izateak eta publiko aurrean egoteak eroriko asko ekartzen ditu, hor baitaude espektatibak, kritikak... Eta segun nolakoa zaren, horiek izan daitezke bide lau bat, eta posible da zuri gehiegi ez eragitea; edo izan daitezke erorialdi emozional handiak. Nire kasuan, erorialdiak asko dira [barrez], baina saiatzen naiz erorialdi bakoitzak altxaldi bat ere izan dezan, eta oraindik ere indartsuago altxatzen, eta uste dut hortik datorrela izenburuaren ideia».

Diskoak ez du gai bakarra jorratzen, unean uneko inspirazioari segitu baitio une oro musikariak. Baina bada kantuak lotzen dituen haririk: «Banuen gogoa musika dantzagarria egiteko, letra ilun samarrekin. Badaude abesti baikorrak, baina beste batzuek letra nahiko mikatzak dituzte, musikaren aldetik dantzagarriak izan arren». Bigarren abestiak, Sefini-k gorpuztuko luke ondoen diskoaren esentzia, Hernandoren ustez: «Guztietan abesti positiboena da melodikoki, baina letran esaten ari naizena da beste eroriko bat eta utzi egingo dudala hau, nekatzear nagoela...».

Entzuleari hizketan

Intro batek, bonus track batek eta sei kantuk osatzen dute lana, musikariak azaldu duenez. Eta entzuleari zuzenean hitz eginez abiatu du diskoa, gonbidapena ere baden aitorpen batekin: «Zu ere ez bazaude ziur zertarako zauden hemen: ongi etorri!». Hernando: «Ahotsa da nire instrumentu oinarrizkoena, eta gustatzen zait harekin esperimentatzea, jolastea eta gauza ezberdinak egitea. Disko honetan gehiago jo dut hitz egitera abesti batzuetan; ez da rapa, baina bai fraseatzea, eta spoken word estiloko zenbait pasarte daude. Horretan asko dibertitu naiz, errimak idazten, eta grabatzean ahotsa nola intonatu, nola interpretatu probatzen». 

Sefini dator ondotik, musikagintzaren ajeak mintzagai dituena. Eta Itaka sutan segidan, zeinak, amets batetik abiatuta, frustrazioa duen hizpide. Basamortua-n ezkutatzen da diskoaren izenburua —«Herrari ibili naiz, baina ikasi dut muturrez zerura jausten»—, eta gogorarazpen bat ere badakar errepikan: «Zerk ematen dizu bizia, ez ahaztu zer den». 

Ardiak kantuan ere frustrazioak egin du bere tokia, baina Ez naiz fio dator segidan, zeinak dantza eta kolektibotasuna aldarrikatzen dituen —«Ez da mehatxu handiagorik boterearentzat herri oso bat dantzan baino. Ez da arrisku handiagorik zapalduarentzat bakarrik dantzatzea baino»—. Eta Akuilua da hurrena, «guztietan abesti argitsuena», musikariaren ustez: «Dantzarako abesti bat da, zeure buruaz harro egotekoa eta mamuak hiltzera daramana». Azken kantua, Painting Water da denetan desberdinena; gitarra soil baten laguntzaz eta ingelesez kantatzen du Belek. 

 

Bideoklip bana ere egin die Basamortua eta Akuilua kantuei, eta horiei ez ezik, proiektuaren «unibertso estetiko guztiari» garrantzi handia ematen diola azaldu du. Morea eta distira, horra unibertso estetiko horren bi gakoak.

Aurreko diskoa aurkeztu zuen laukote bera ariko da orain zuzenekoetan: Sara Alonso teklatuetan, Maria Antunez gitarran eta baxuan, Iñigo Etxarri baterian, eta Hernando kantuan, baita, tarteka, gitarrarekin ere. «Lortu nahi nuke jendeak dantzatzea eta kontzertuetan gurekin batera ondo pasatzea. Hori da helburu bakarra».  

KONTZERTUAK:

Durangoko 60. Azokan Ahotsenean aurkeztu zuen lan berria Belek, eta beste hainbat zuzeneko iragarri ditu:

  • Bihar: Hondarribia (Gipuzkoa), Itxas Etxea (Iñigo Muguruzaren urtebetetze eguneko festa). 
  • Urtarrilak 22: Bilbo, Kutxa Beltza.
  • Urtarrilak 30: Gasteiz, Izaskun Arrue kulturgunea.
  • Otsailak 6: Legorreta (Gipuzkoa), Herri antzokia.
  • Otsailak 13: Donostia, Dabadaba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.