Artean liburuak oraindik kaxetan zituztela hasi dira bertaratzen literaturazaleak Zarauzko (Gipuzkoa) Literaturia jaialdira. Lege Zaharren plazan jarritako karpan egin dute azoka, eta jendetza bildu da larunbatean. Donejakue bidea egiten zebiltzan erromes eta turista kuxkuxero batzuk ere izan dira tartean, baina azken horiek sartu orduko irten dira, Literaturia jaialdia Doinuele sarearen barruan antolatutako euskara hutsezko plaza delako. Eta desio hori adierazi dute parte hartzaileek elkarrekin izandako solasaldi informaletan ere: «Hala jarrai dezala!». Hamabost argitaletxek jarri dute postua aurtengo liburu azokan, baina ezustekoak ere izan dituzte, eta antolatzaileak mahaiak jarri eta jarri aritu dira. Tasio Gorrotxategik, esaterako, hirugarren urtea izan du jaialdiko lantaldean, eta bikaintzat jo du aurtengo aldiak izan duen harrera. «Inoiz baino argitaletxe gehiago izan ditugu, eta mahaiekin muga-mugan izan gara. Seinale ona, hori ere».
Ikusi gehiago
Mejillon Tigre kolektiboak gaztetxoentzako idazketa tailerrarekin abiatu da larunbateko egitaraua. Aurrez eman behar zen izena, eta hamabost lagunentzako lekua zuen tailerrak. Gorrotxategik kontatu du duela aste batzuk bete zutela ezarritako kopurua: «Eskaera gehiago jaso ditugu, baina bete egin da ezarritakoa». Bete da idazketa tailerra, eta bete liburu azoka. Oier Etxebeste Alberdania argitaletxeko kidea liburuz gainezka zeuden postuetako baten atzealdean egon da, bertaratutakoei zer irakurri emateko prest: «Plaza hau aukera paregabea da gure uzta erakusteko, eta, batez ere, sektoreko jendearekin iritziak eta sentsazioak partekatzeko». Gogorarazi du nobedadeak urte osoan izaten dituztela, eta Zarauzko plazak, adibidez, udaberrian argitaratutakoak aurkezteko balio diela. Liburu denden garrantzia azpimarratu du, eta Zarautzen egonik, espresuki, Garoa liburu dendaren lana azpimarratu —iazko Literaturia jaialdian omendu zuten—.
«Normalean ez gara azoketan ibiltzen, baina Literaturia ez da soilik azoka, euskal literaturaren inguruko gauza zabalago bat da. Horregatik etortzen gara: bat egiten dugulako hemengo helburuekin»
XABI SALABERRIA 1545 argitaletxeko kidea
Etxebestek mahaikide izan ditu 1545 eta Denonartean argitaletxekoak. 1545eko kide den Xabi Salaberriak bigarren aldia du Literaturia jaialdian: «Normalean ez gara azoketan ibiltzen, baina Literaturia ez da soilik azoka, euskal literaturaren inguruko gauza zabalago bat da. Horregatik etortzen gara: bat egiten dugulako hemengo helburuekin». Haur eta gazte literaturaz lepo bete dute haien mahaia, eta berdin egin dute Denonartean argitaletxekoek ere. Unai Pascual da argitaletxearen sortzailea, eta, esan duenez, gustuko du haurrek liburu bat hartzean jartzen duten aurpegiari behatzea: «Salmenta gehienak liburu dendetan egiten ditugu, ezinbestekoak dira guretzat, baina, noski, ezin haurren aurpegiei erreparatu. Gainera, haur eta gazte literatura egiten dugunez, ez ditugu sare sozialak erabiltzen. Azoka hau da gure sare soziala». Euskal Herriko lehen pop-up albuma izan dute esku artean: Irene Iruretaren Flysch.

Karparen bestaldean egon da Katakrakeko Hedoi Etxarte, ia-ia lau zatitan banaturik: «Aldi berean gaude Iruñeko Kale Nagusiko liburu dendan, Gaztelu plazako liburu azokan hamar egunez, Madrilgo liburu azokan eta hemen». Haren hitzetan, «gizakiak berezko» dituen kezka horiei erantzuna emateko nahi adina liburu dituzte eskuragarri; migrazioari, sexualitateari edo klima aldaketari buruzkoak, esaterako. Baita munduko literaturako lan nabarmenen euskarazko bertsioak ere. Gainera, labetik atera berria den nobedade bat ere izan dute Zarautzen salgai: Jon Alonsok euskaratutako Cesare Paveseren Zure bazterrekoak liburua. Zehaztu duenez, hori datorren astean helduko da liburu dendetara. Irakurleei dagokienez, Etxartek aipatu du bereziki gazteak bertaratzen zaizkiela: «Gazteak eta emakumeak. Ikuspegi kritiko bat dutenak, politikoki kokatuak batzuk, eta beste batzuk, ez horrenbeste».
Zarautzen eman dute larunbata 1545, Denonartean eta Katakrak argitaletxeetako ordezkariek, eta hurrengo asteburuan Ziburuko (Lapurdi) azokan ere elkartuko dira.
Liburu aurkezpenak
Ahotseneak prestatutako gunea ere izan du azokak. Bertan egin dituzte liburu aurkezpenak, eta Amaia Aranzeta izan da lehen saioan. Argitaratu berri duen Bihotzaren izkin batetik (Maiatz) poema liburuaz aritu da egilea, eta, azaldu duenez, besteak beste, Charles Bukowski izan du lana idazteko erreferentzietako bat. Esan du liburuan, besteak beste, barneko elkarrizketak, hiriaren dekadentzia eta «jaiotzetik existentzia honetan bizitzera kondenatua dagoenaren egoera» lantzen direla. Idazleak aspalditik hartzen du parte Senperen urtero argitaratzen den Hatsaren poesia bilduman, eta han izan zuen Ainara Maiaren berri. Elkarrekin aritu dira biak oholtza gainean.

Pol Guasch idazle katalanaren Bihotzean napalma (Txalaparta) euskaratu du Ibai Sarasua zarauztarrak, eta sorterrian izan da liburua aurkezten. Erabat identifikatuta sentitu da idazlearekin, nobelaren protagonistarekin, gaiekin, hizkuntzarekin, eta abarrekin. Liburuak maitasunaren eta indarkeriaren arteko mugetan arakatzen duela kontatu du: «Pol Guaschek erabat asmatu du bizitzaren alor desberdinetako hierarkiak irudikatzen». Protagonistak hizkuntza gutxitu bat hitz egiten du, eta nobela bera katalanez idatzia dago. Horrek lagundu egin du itzultzailea, eta «lizentzia» bat ere hartu du: «Bai, nik ere egin dut. Hitanoa erabili dut. Kasu honetan, harreman sexu afektiboen hierarkia irudikatzeko». Liburuaren pasarte bat irakurtzen bukatu dute aurkezpena. Pluralean. Aiora Enparantzak katalanez irakurri du, baxu, eta Sarasuak pasarte bera irakurri du euskaraz, biak aldi berean. Entzule bat baino gehiago zuzenean joan da Txalapartaren postura, liburua jada begiz jota.
«Literaturiak ezin du oharkabean pasatzen utzi Armiarma atariak 25 urte bete izana»
ITZIAR IRURETAGOIENA Literaturiako lantaldeko kidea
Eguerdiarekin batera omenaldia egin diote Armiarma.eus atariari: «Literaturiak ezin du oharkabean pasatzen utzi Armiarma atariak 25 urte bete izana». Halaxe adierazi du Itziar Iruretagoiena jaialdiaren antolatzaileetako batek, eta egindako lanarekin esker onez, segidan, Manu Urbietak sortutako oroigarria eman dio Patxi Gaztelumendiri. Eskerrak bueltan emateko, Gaztelumendik ekitaldirako espresuki sortutako ipuin bat irakurri du.
Musika eta beste
Presente izan da beste efemeride bat jaialdian: iaz hogei urte bete ziren Lurdes Iriondo abeslaria hil zela, eta egitarauaren parte izan da horren harira sortutako Lurdes Iriondo. Isilarazitako ahotsa ikuskizuna. Jon Martinek osatu ditu testuak eta bera da errezitatzaile. Baina musika ere ez zaio falta: Gari Amundarainek, Ainhoa Ansak eta Irati Odriozolak gitarra jo dute saioan, eta azken biek ahotsa ere jarri dute. Martin gustura irten da emanalditik: «Arrakasta 70 urteko emakumeengan du bereziki, eta amaieran hunkitzen dira batik bat. Denboran bidaiatu izanaren irudipena izaten dute askok, eta pentsatu nahi dut erreparazio historiko moduko bat ere sentitzen dutela». Kasu honetan, hunkituta bi noranzkoetan, Martini ilusio berezia egin baitio Literaturia jaialdian jasotako adierazpen batek: «Lurdes eta Xabier harro egongo liratekeela. Horixe esan didate». Belaunaldi berriengana iristeko erronka ere jarria zion Martinek bere buruari, eta uste du lan hori oraindik egiteko dagoela. «Berariaz gazteentzako zerbait sortu beharko da Lurdes Iriondo ezagutarazteko, ze helburu hori bete gabe sentitzen dut oraindik».

Amaia Elizagoien Ameli ipuin kontalariak Ongi etorri helduentzako ipuin kontaketa egin du arratsaldean: «Oso kontaketa polita izan da, eta jende anitz bildu da. Entzuleek gurekin egin dute bidaia: Baztandik (Nafarroa) ibili gara, Getariatik (Gipuzkoa), Pirinioetatik...». Bidaia Oronozko (Nafarroa) taberna batetik abiatzen da, Amelik bertan egin baitzuen lan gazte zelarik: «Bertan bizitakoak eta istorioak berreskuratzen saiatzen naiz». Baina kontakizunarekin batera, Itziar Olague ere aritzen da biola, pianoa eta gitarra jotzen, hitzaren eta musikaren arteko «elkarrizketa» batean. «Saiatzen gara helduek ipuinen gainean dituzten aurreiritziak ahantz ditzaten. Ipuina bidaia kolektibo bat da, eta modu kolektiboan saiatzen gara denok barruan dugun entzuteko gogo hori pizten», azaldu du Amelik.
Biharkoa du azken eguna Literaturia jaialdiak: Itzulpena: ezinean, ekinean elkarrizketa musikatua egingo dute Santa Klara komentuan, 11:30ean. Arratsaldean, berriz, Klera ikuskizuna ikusi ahal izango dute 6 eta 12 urte bitartekoek, Modelo aretoan, 16:45ean.