Durangoko 60. Azoka

Inoiz baino nobedade eta ekitaldi gehiago izango dira aurten Durangoko Azokan

Guztira, 285 erakusmahai izango ditu Landako guneak, 1.026 nobedade egongo dira eskuragai, eta 273 ekitaldi prestatu dituzte gunez guneko egitarauan. Bi atal berri ere izango ditu: podcastei lotutako Berbategia eta arte ederrei buruzko Atartea.

Durangoko Azokaren aurkezpena, gaur, Durangon. JON URBE / FOKU
Durangoko Azokaren aurkezpena, gaur, Durangon. JON URBE / FOKU
Inigo Astiz
Durango
2025eko azaroaren 19a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Titular borobila utzi du aurtengo Durangoko Azokaren aurkezpenak: 285 erakusmahai, 1.026 nobedade eta 273 kultur ekitaldiko programa kontuan izanda, inoizko daturik baikorrenak izango ditu aurtengo Durangoko Azokak. Hala ere, triunfalismoari izkin eginda eman nahi izan dute datuon berri Durangoko museoan egindako aurkezpenean. «Alor guztietan egon da hazkundea», adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak, baina berehala gehitu nahi izan dio ñabardura. Haren hitzetan, urteko kopuruak baino garrantzitsuagoa da urtez urteko ibilbideak erakusten duen argazki orokorra. Eta hor dagoen goraldia da, haren ustez, inportanteena. «Inoiz baino erakusmahai gehiago izango da aurtengoan, baina ez zait gustatzen kopuru horietan gehiegi katramilatzea, ze datorren urtean gerta daiteke bost erakusmahai gutxiago egotea, eta horrek ez du esan nahi beheraldia egon denik, eta joera orokorra bai izan daiteke nabarmentzekoa; izan ere, pandemiatik hona gero eta gehiago dira erakusmahaiak, ekitaldiak eta nobedadeak, eta hori guztia hazten ari da».

Abenduaren 5etik 8ra egingo dute aurtengo azoka, eta jadanik sarean jarri dute ikusgai programa osoa. Baina, horrez gainera, beste hainbat nobedaderen berri ere eman dute aurkezpenean. Tartean, bi gune berri izango direla iragarri dute, bai eta gauez ekitaldiak izango direla eta garraioan hobekuntzak egongo direla ere.

Bi gune berri

Azokaren parte diren gune guztien ordezkariekin egin dute aurkezpen xehea, eta aurrerantzean azokak beste bi gune izango dituela jakinarazi dute. Podcastei lotutako Berbagailua izango da bata, eta arte ederren inguruko Atartea izango da bestea. Madalenako ermitan kokatuko dute lehenarentzako estudioa, eta, azokak iraun bitartean, egunean hiru saio grabatzeko aukera emango die parte hartzaileei. Arteei buruzko guneak, berriz, Durangoko museoa izango du egoitza nagusia, eta hainbat ilustratzaileren lanak biltzen dituen erakusketa bat ez ezik, ilustrazioarekin lotutako hainbat hitzaldi eta aurkezpen ere hartuko ditu.

Gaueko saioak

Ahotsenean, Szenatokian eta Talaian izango dira gauetako saioak. Abenduaren 5ean, esaterako, Lukiek eta Ezezez taldeen kontzertuak izango dira 23:30ean, Plateruenan. Abenduaren 6an Mirua eta Naxker taldeak izango dira oholtza horretan bertan, baina, horrez gainera, Behe Bandakoek errezitala emango dute Plateruenan, eta bostOK konpainiako kideen emanaldia ere izango da Szenatokian. Abenduaren 7an Formol laborategiak hartuko du Szenatokia guneko oholtza, eta Heriotzak Eduardo du izena emanaldia taularatuko dute; 20:30ean Paul Urkijoren Gaua filmaren emanaldia izango da Irudienean, eta Bittor Kapanaga kulturgilea omentzeko ekitaldia hartuko du Talaia guneak, Gontzal Mendibilen, Xabier Amurizaren eta Joseba Sarrionandiaren parte hartzearekin.

Hobekuntzak garraioan

Beste nobedade baten berri ere eman dute antolatzaileek aurkezpenean. Aurten, egitarauak jarraipena izango baitu Landako guneak ateak itxi ostean ere. Eta badira irisgarritasunari buruzko nobedadeak ere. Antolatzaileek iragarri dutenez, azoka egunetan tren zerbitzu hobea izango da Durangora iritsi ahal izateko. Euskotrenek gaueko trenak ugarituko ditu abenduaren 5ean, 6an eta 7an, eta tren gehiago jarriko ditu Durangalde inguruko herrietatik Durangora joateko ere. Eta, horrez gainera, urtero bezala, zenbait autobus izango dira Iurretako industriagunetik Landako gunera joan-etorriak egiten.

Ahotsenea

Aurten hamazortzi urte beteko ditu Ahotseneak, eta bi gune izango ditu Azokan. Plateruenan egingo dituzte musika emanaldiak, eta Bartolome Ertzillan, berriz, literaturari buruzkoak. Guztira, 34 kontzertu eta 49 liburu aurkezpen hartuko ditu egitarauak. Hain justu, egungo euskal kulturgintzaren bizitasunaren eta belaunaldien arteko harremanen adibide da egitaraua, Gotzon Barandiaran guneko koordinatzaileak azaldu duenez. Eta datu jakin bat ere aipatu du horren froga gisa: Laura Mintegi eta Sara Uribetxeberria izango dira bertan, beren azken lanak aurkezten; Mintegik 1983an abiatu zuen bere ibilbidea, eta Uribetxeberriak aurten argitaratu du bere lehen liburua. «Oso pozgarria da horren belaunaldi ezberdinetako horrenbeste idazle egotea».

Goraldian sumatzen du gunea Barandiaranek. Eta urteen poderioz Ahotseneak musikaren esparruan lortu duen zentraltasuna aipatu du. «Hemen edukiko duten ikusle kopurua ez dute erraz izango hemendik kanpo». Horregatik, Ahotsenea «oso bozgorailu inportantea» dela esan du koordinatzaileak, eta sorkuntzak larrialdi linguistikoan izan dezakeen indarrari buruzko gogoeta egiteko ere baliatu du aukera.

Irudienea

Zugaza zinema izango da aurten ere Irudienea gunearen egoitza nagusia. Eta, Irati Agorria koordinatzaileak zehaztu duenez, aurtengoan, guztira 35 ikus-entzunezko lan hartuko ditu programak. Abenduaren 6an, esaterako, Sara Fantova zuzendariaren Jone, batzuetan emango dute. Akelarre musika taldearen ibilbidea islatzen duen Akelarre: marearen kontra lana ere emango dute abenduaren 8an, eta Irabazi arte telesailaren hurrengo denboraldiaren aurrestreinaldia ere egingo dute egun berean.

Szenatokia

Azken urteetan bezala, Szenatokia guneak antzerki maratoi formatuan antolatu du bere eskaintza. Egunero, hiru konpainiak bina emanaldi egingo dituzte, eta abenduaren 6an beste saio bat ere izango da, laugarrena. 24 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte guztira, eta, besteak beste, konpainia hauek arituko dira gunean: 7 Katu, Ibawa, Gilkitxaro, Lamapatxa, Karrika eta Nabiga.

Kabia

Espazio propioa izango du aurten Kabia guneak, Landako plazan bertan. Han, video-mapping tailerrak eskainiko dituzte abenduaren 5ean, esaterako, eta digitalizazioari buruzko hausnarketa kritikoak ere sustatuko dituzte. Horretarako, larunbatean hezkuntza komunitateari lotutako hainbat egitasmo aurkeztuko dituzte, eta adimen artifizialak euskaraz dituen erronkei buruzko saioak antolatu dituzte iganderako. Horrez gainera, Gamer gela ere izango da, eta rol partidak egingo dituzte.

Saguganbara

Ohiko tokian egongo da Saguganbara aurten ere, eta 25 ekitaldi inguru hartuko ditu, hala nola ipuin kontalariak, musika saioak, tailerrak eta mahai jokoak. Abenduaren 5ean, esaterako, komiki tailerra eskainiko du Eñaut Aiartzaguenak. Abenduaren 6an Potx eta Lotx pailazoen emanaldia izango da, Landako plazan egongo den karpan, eta abenduaren 8an Gora Musikak eta Korrontzik elkarrekin sortu duten diskoa aurkeztuko dute bertan. Baina, emanaldiez gainera, aurten argitaratu diren liburuak lasai ikusi ahal izateko tokia ere jarriko dute gune horretan.

Talaia

Landako guneko Areto Nagusia da Talaia gunearen kokapen nagusia. Nobedadeen aurkezpenak egiten dira bertan, baina aurten ekitaldi berezi batzuk ere izango dira han. Jakin aldizkariak Joxe Azurmendiri eskainitako monografikoaren aurkezpena izango da haietako bat. Esker on ekitaldi bat ere izango da saio hori, eta hainbat sortzaile bilduko ditu. Azurmendiren Manifestu atzeratua poema irakurriko dute denen artean. Abenduaren 8an izango da hori. Horrez gainera, gune horretan bertan aurkeztuko ditu Gerediaga elkarteak IAD etxeak Durangoko Azokari buruz egindako ikerketa soziologikoaren emaitzak ere, abenduaren 7an.

Ikasleak eta gazteak

Abenduaren 5ean Ikasle Goiza izango da Durangoko Azokan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, hamaika izan dira jada parte hartzeko izena eman duten ikastetxeak, eta milaka gazte espero dituzte. Hala, haientzako programazio berezia izango dute gune guztietan.

Larunbatean, bestalde, Gazte Eztanda egingo dute. Horretarako, zenbait ekitaldi prestatu dituzte gazteentzat propio. Zehaztu dutenez, Euskarabentura, Taupa, Euskal Herrian Euskaraz eta Gazte Euskaltzaleen Sarearekin batera diseinatu dute egitaraua, eta, gainera, autobus bereziak ere izango dira Gasteiztik, Iruñetik, Baionatik eta Bermeotik (Bizkaia). Egun berean Durangora joan-etorria egiteko aukera eskainiko die horrek azokara joateko gogoz diren gazteei.

Palestina

Durangoko Azokak palestinarren aurkako genozidioa salatzeko borondatea ere azaldu du. Horretarako, azokan parte hartzen duten guztiei hori adierazten duen pegatina bat jartzeko gonbita egin diete. Eta, horrez gainera, abenduaren 7an geldialdia egingo dute 14:00etatik 14:30era. Tarte horretan ez da aurkezpenik izango, eta elkarretaratze bat egingo dute Landako plazan.

Ordutegia

Iazko eredua mantenduko du Durangoko Azokak aurten ere. 10:30ean irekiko dute Landako gunea egunero, eta 20:00etan itxi. Edonola ere, astelehenean —azken egunean, alegia—, 18:00etan itxiko dituzte ateak.

770.000 euroko aurrekontua

Guztira, 770.000 euroko aurrekontua izango du aurtengo Durangoko Azokak, eta diru horren jatorria ere xehe azaldu dute antolatzaileek. Zehaztu dutenez, kopuru horren %57 erakunde publikoen diru laguntza bidez jaso du azokak, nagusiki erakusmahaien alokairuaren bidez lortzen dute %26, eta babesle pribatuek emandakoa da gainerako %17.

1.026

Zenbat nobedade. Guztira, 175 partaide izango dira Landako gunean, eta 285 erakusmahai jarriko dituzte. Bertan 1.026 nobedade aurkeztuko dituztela adierazi dute antolatzaileek, eta datu hori xeheago azaldu dute. Esan dutenez, nobedade horien artean 694 liburu, musikari lotutako 163 ekoizpen, 30 aldizkari, eta bestelako 139 lan izango dira. Gainera, 273 kultur ekitaldi izango dira, iaz baino 70 gehiago. Gerediaga elkarteko kideek azaldu dutenez, bi arrazoi daude gorakada horren atzean: alde batetik, aurten beste bi gune izango dira, eta, beste alde batetik, gune batzuek beren toki propioa izango dute ostera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.