Hitzen Lihoa jaialdiaren aurtengo aldiak intimitatea izango du ardatz

Antolatu dituzten jardueren bitartez, gogoeta egingo dute intimitatearen eraikuntzak duen rolaren inguruan. Astelehenetik igandera bitarte egingo dute zortzigarren aldia; haur, gazte, heldu eta adinekoentzako moduko ekitaldiak izango dira.

Aurtengo Hitzen Lihoa jaialdiaren aurkezpena. HITZEN LIHOA
Aurtengo Hitzen Lihoa jaialdiaren aurkezpena. HITZEN LIHOA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbat alderdi ditu intimitateak: esaterako, kulturala, kolektiboa eta politikoa. Horiek guztiak arakatuko dituzte Hitzen Lihoaren zortzigarren aldian; ohi bezala, Oiartzunen (Gipuzkoa) egingo dute, azaroaren 10etik 16ra bitarte. Poesian, literaturan, musikan eta filosofian oinarritutako hainbat jarduera antolatu dituzte gai horren inguruko hausnarketak azaleratzeko. 

Intimitate plastikoa pintura erakusketaren bitartez abiatuko dute aurtengo aldia. Helduen Tailerreko margolaritza taldekoek eta 100tzeko sormen taldekoek egin dituzte margolanak, modu librean. Egile bakoitzak mihise zuri baten gainean intimitatea nola islatu duen ikusteko aukera egongo da Landetxeko sarreran, astelehenetik azaroaren 23ra.

Miren Amurizak idatzi du aurtengo manifestua. Aurtengo gaia ardatz hartuta, nahi bezalako formatuan idazteko aukera eman diote antolatzaileek. Asteazkenean aurkeztuko du, azaroaren 12an, 19:00etan, Landetxe aretoko oholtzan. Leire Vargasen poema musikatuaren emanaldia izango da ondoren; Jaime Nieto musikaria ondoan duela, elkarrizketan jarriko ditu poesia eta musika elektronikoa, 45 minutuz.

Haurrek ere izango dute tartea intimitatearen inguruan hausnartzeko. Maitane Nerekan filosofoak bideratuta, Non ezkutatu da nire intimitatea? izeneko jarduera egingo dute, Abaraxka ludotekan, 17:00etan. Horren ostean, helduen txanda izango da. Pote filosofikoa-n murgilduko dira 19:00etan, trago bat eskuetan hartuta elkarrizketa filosofikoak izateko; hori ere Nerekan filosofoak gidatuko du. Ostiralerako, berriz, Analisi intimo bat mahai ingurua bideratuko dute Ula Iruretagoiena arkitektoak, Miren Guillo antropologoak, eta Maider Galardi kazetari eta ikerlariak. Intimitatearen eta harreman sareen inguruan solastatuko dira, 19:00etan hasita, Landetxe aretoan.

Astebururako beste hainbeste jarduera prestatu dituzte. Larunbat goizean, helduentzako Barne-paisaiak tailerra egingo dute, Dejabu konpainiarekin. Norbere begiradatik abiatuta arakatuko dute intimitatea, barneko ahotsak entzun eta beste batzuk deskubritzeko. Gauean, berriz, Izaki Gardenak musika taldeak girotuko du aretoa. 

Literatura ere hizpide

Aurtengo aldia literaturan murgilduta amaituko dute. Igandean, liburu azoka txikiaz gozatzeko aukera egongo da, 10:00etatik 13:30era, Kontzejupean. Aldi berean, Oier Guillan idazleak aurten kaleratu duen Aztitza (Ganbila) liburua irakurtzen arituko dira; hainbat lagunek ozen irakurriko dute testua. Horren ostean, bertso bazkari literarioa egingo dute Guillanen liburuan oinarrituta; 14:00etan izango da, Girizia elkartean. Idazlea bera ibiliko da gai jartzaile, eta Maider Arregi, Unai Iturriaga eta Alaia Martin kantuan. 

Jardueretara joateko gonbidapenak sarrerak.oiartzun.eus webgunean daude eskuragarri. Hala ere, Izaki Gardenak taldearen kontzerturako sarrerak egunean bertan erosi beharko dira, leihatilan. Bestalde, larunbateko eta igandeko ekitaldietarako, aurretik izena eman behar da, hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.