Eric Toledano eta Olivier Nakacheren Intouchables komedia «biziak» itxiko du Donostiako Zinemaldiaren aurtengo ekitaldia, antolatzaileek jakinarazi dutenez. «Ezer partekatzen ez duten eta bizitza ulertzeko oso ikuspegi ezberdinak dituzten bi pertsonaren arteko ezusteko adiskidetasun harremana» du ardatz Intouchables-ek. Ohikoa den moduan, jaialdiko azken filma sail ofizialean baina lehiaketatik kanpo emango dute, aurrenekoa bezala —Juan Carlos Fresnadilloren Intruders— eta Asier Altunaren Bertsolari bezala.
Istripu baten ondorioz tetraplegikoa den gizon aberatsa da filmeko pertsonaia nagusietako bat; bestea, hura zaintzeko kontratatutako langilea, gizonezkoa hori ere. Zaintzailea Parisko auzo txiroetan bizi den immigrantea da, kartzelatik irten berria. François Cluzet eta Omar Sy dira aktore nagusiak, gizon aberatsaren eta zaintzailearen rolean, hurrenez hurren. Audrey Fleurot, Josephine de Meaux eta Clotilde Mollet dira filmeko beste aktore batzuk.
Eric Toledanok (Paris, 1971) eta eta Olivier Nakachek (Suresnes, 1973) osatutako tandema film laburren arloan nabarmendu da batez ere orain artean. Les petits souliers film laburrarekin Ikusleen Saria irabazi zuten biek Parisko Zinema Jaialdiaren 1999ko ekitaldian. Hala ere, Intouchables haien laugarren film luzea da; Je prefère qu'on reste amis (2005), Nos jours hereux (2006) eta Tellement proches (2009) dira aurretik zuzendu dituztenak.
'Intouchables' Frantziako komedia «biziak» itxiko du Zinemaldia
Eric Toledanok eta Olivier Nakachek zuzendu dute, François Cluzet eta Omar Say aktore nagusi harturik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu