Intruders filmak zabalduko du Donostiako Zinemaldiaren 59. ekitaldia. Juan Carlos Fresnadillo espainiarrak zuzendu du, eta Clive Owen, Pilar Lopez de Ayala eta Daniel Bruhl aktoreek jokatu dituzte rol nagusiak, besteak beste. Gidoia Nicolas Casariego idazleak idatzi du, eta ingelesez filmatu dute. Hori baino lehen, Intacto eta 28 semanas después filmak zuzendu zituen Fresnadillok, beste batzuen artean.
Gizakiaren «mamuetatik ernetzen den unibertso bisuala» maite du zuzendariak, eta maitasun horren «aldarria» egin nahi izan du filmean, mehatxuzko presentzien pean bizi diren bi familiaren istorio paraleloak kontatuz.