Herrialde arabiar eta afrikarretako zinema hauspotzeko helburua du Donostiako Zinemaldiko Zinema Mugimenduan sailak, eta, aurten Egiptoko, Tunisiako eta Marokoko lau film hautatu dituzte, hilaren 24an emango dituztenak. Hala Loftyren Al-Khoroug Lel-Nahar/Coming Forth by Day filmak (Egipto) gaixorik dagoen familiaburua zaindu behar duten bi emakumeren istorioa kontatzen du, amarena eta alabarena, hain justu ere. Kaouther Ben Haniaren Challat Tunes / Challatt of Tunis-ek (Tunisia-Frantzia), ostera, Tunisiako kaleetan ibiltzen diren emakumerik erakargarrienei bizarra egiteko labanaz ipurmamiak mozten dizkien ziklomotor gidari bat du protagonista. Haren indarkeriak emakumeen janzkera aldaraziko du: bakero estu gehiagorik ez, ezta minigonarik ere, eta paseo arduragabeak zer esanik ez. Le Veau D´or/The Golden Calf filma (Maroko-Frantzia) osatu du Hassan Legzoulik, 17 urteko mutiko baten istorioa kontatzen duena. Marokoko Atlas mendikateko herrixka batera bidaliko du aitak Sami, gizon egin dadin. Berak, ordea, Frantziara itzuli nahi du, han bizi den Melanie neska-lagunarekin egoteko. Azkenik, Ahmed Nourren Moug / Waves film dokumentalak (Egipto-Maroko) Hosni Mubaraken erregimenaren hasieran jaiotakoen testigantza ematen du, eta, bereziki, Suez hiriari erreparatzen dio, egiptoar iraultzaren sugar izan zen tokiari.
Proiektuak bultzatzeko
Gisa berean, Zinema Eraikitzen sailak Latinoamerikako zinema bultzatzea du helburu, eta aurtengoan sei lan aukeratuko dituzte orotara: Estanislao Buisel zuzendariaren Asalto a la fábrica de Caloventores (Argentina), Caru Alves de Souzaren De menor (Brasil), Sebastian Lelioren Gloria (Txile), Aaron Fernandezen Las horas muertas (Mexiko-Espainia-Frantzia), Sebastian Sepulvedaren Las niñas Quispe (Txile-Frantzia-Argentina), eta Ana Guevara eta Leticia Jorgeren Tanta agua (Uruguai). Film guztiak hilaren 25ean eta 26an izango dira ikusgai.
Ipar-Afrikako lau film hautatu dituzte Zinema Mugimenduan sailerako
Latinoamerikako sei film aurkeztuko dituzte Donostiako Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sailean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu