Ipar Euskal Herriko 56 berritasun izanen dira aurten Durangoko Azokan

Ipar Euskal Herriko kultur ekoizpenen katalogoa presentatu du EKE Euskal Kultur Erakundeak, Gerediaga elkartearekin batera. Erakundeen ordezkariek obren orotarikotasuna azpimarratu dute.

Durangoko Azokan izanen diren eragileen argazkia, Baionan, gaur. LORENTXA SARAGUETA
Durangoko Azokan izanen diren eragileen argazkia, Baionan, gaur. LORENTXA SARAGUETA
Xalbat Alzugaray
2025eko azaroaren 21a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herritik 56 berritasun helduko dira Durangoko Azokara aurtengoan: 41 liburu, hamahiru disko, eta bertzelako bi obra. Frank Suarez EKE Euskal Kultur Erakundeko langileak kontatu du hamazazpi egitura —izan diskoetxe, argitaletxe, elkarte...— laguntzen dituztela. Argitaletxeei doakionez, Maiatz, Zortziko, Herrima eta Ikas izanen dira Durangoko Azokan. Diskoetxeen artean, errate baterako, Usopop Diskak, Saroia eta Maita Kulturak haien berritasunak aurkeztuko dituzte.

Urtero bezala, hainbat gunetan presentatuko dira berritasunak, eta horren karietara dozena bat aurkezpen eginen dituztela zehaztu du EKEko kideak. Kontzertuak eta liburu aurkezpenak egiteaz gain, Ibawa kolektiboak Gaua dantza ikuskizuna erakutsiko du. Markel Onaindia Gerediaga elkarteko prentsa arduradunak oroitarazi du Durangoko Azokaren 60. aldiak kulturaren jaialdia izan nahi duela, kultura adierazpide eta formatu ugari izanen direlako bertan.

Suarezek bat egin du ideiarekin, eta Ipar Euskal Herriko orotariko obren presentatzen hasi da. Liburuen artetik, haur literaturan, Maialen Alfarok eta Maiana Itoizek Goazen oihanera liburua aurkeztuko dute abenduaren 7an, Saguganbaran. Zortziko argitaletxeak ere hainbat liburu karrikaratu ditu haurrentzat. Haria argitaletxeak, berriz, Gezurra karrikaratuko du. Bertzalde, Jone Bordatok Elkar argitaletxearekin atera Erroen izerdia liburua presentatuko du, eta, argitaletxe berak bultzaturik, Thierry Truffautek eta Patxi Beltzaizek Ilunpetik argira, ihauteri Euskal Herriko ihauteriei buruzko liburua aurkeztuko dute Talaian, abenduaren 7an.

Maiatzek ere berritasunekin osatuko du bere azokako mahaia. Sabin Oregik, Txomin Peillenen olerki guziak bildu ondoan, Nire olerki guztiak publikatu du, eta hura eramanen dute Durangora. Azken aldizkaria ere eramanen dute, baita Eric Ditxarriren Korrespondentzia liburua ere; abenduaren 5ean Ahotsenean aurkeztuko dute. Euskaltzaleen Biltzarreko Beñat Soule Baiguratik Lapurdira liburuarekin izango da azokan. Bertsozale eta gai emaile gisa izan duen esperientziaz idatzi du lana. Elkarte horrek berak, gainera, Mikel Epaltzak euskarara itzuli Gizatasun arrantzale liburua ere erakutsiko du.

Musika ekoizpenari begira, Karma taldeak Dirudienez diskoa aurkeztuko du Ahotsenean. Jurgi Ekizak Argitzala disko atera berria eramanen du azokara. Ixabe taldearen Zure estoldetan eta Odeiren Goizegi hiltzeko diskoak, berriz, abenduaren 6an presentatuko dituzte Ahotsenean.

Bestelako berezitasunak

Urtero bezala, Seaskak egutegiak salduko ditu Durangoko Azokan. Aurten, gainera, Herri Urrats elkarteak izen bereko ekitaldirako egin kantuen bilduma bat aurkeztuko du, binilo formatuan. Abenduaren 8an, binilo bikoitzaren aurkezpena egiteaz gain, hirugarren maketa lehiaketa aurkeztuko dute, Talaian.

Berezitasunen artean, EKEk lehen aldikotz bideojoko sortu berri bat eramanen du azokara. Bazterka: urik gabeko herria euskal mitologian oinarritu bullet hell motako bideojokoa presentatuko dute Kabian, abenduaren 6an.

Bertzalde, Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz dokumentalari ere balioa eman diote antolatzaileek, abenduaren 6an Irudienean aurkeztua izanen baita. Gainera, Urmenetak Marie Hirigoien eta Pantxix Bidarten Musikaren giltzak liburua ilustratu berri du. Musika formakuntzarako euskaraz eta Euskal Herriko kultur ondarean oinarritu liburu pedagogikoa ere eramanen dute azokara, Giltzaera elkartearen izenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.