Ipar Euskal Herriko argitaletxeek 35 berritasun izango dituzte Durangon

Mahai berezia jarriko dute Durangoko Azokan seigarrengoz, Gerediaga eta EKEren hitzarmena oinarritzat harturik

Durangoko Azokako Ipar Euskal Herriko txokoa osatuko duten ordezkariak Gerediaga eta EKE tarteko. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Guztira, 35 disko, liburu eta DVD. Hori dute aurtengo Durangoko Azokarako uzta Ikasek, Agorilak, Maiatzek, Gatuzainek, ZTK-k eta Elkarren Ipar Euskal Herriko adarrak. Ez dira guztiak espresuki Durangoko Azokarako argitaratuak, baina guztiak aurtengoak dira. Denak mahai lerro berean elkartuko dituzte azokan, azken bost urteetan bezala, azokaren antolatzaile Gerediaga eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) arteko elkarlana dela tarteko. Elkarlan horrek argitaletxeei erakusmahaia erdi prezioan lortzeko aukera ematen die, eta beren argitalpenak ezagutarazteko bide berriak.

Azoka garaian berean, Plateruenean eta Ahotsenean aldizkatuko dira musikari eta idazleak. Hasiz abenduaren 6an, 15:00etan,Eric Dicharryrekin. Hormatik Hormaraino (Maiatz) aurkeztuko du. Eta bururatzeko, Etxart ahizpen kontzertua, abenduaren 8an,13:00etan. Tarte horretan, sei autore aldizkatuko dira. Besteak beste, Emilio Lopez Adan BeltzaETAren estrategia armatuaren historiaz (Maiatz) ariko da.

Berritasunak berritasun, berez, argitaratu lanek ez dute deus ikustekorik elkarren artean, ez bada, lurraldetasuna, hau da, lana argitaratu duen argitaletxea Ipar Euskal Herrikoa izatea. Horrek ez du erran nahi han elkartuko direnik Ipar Euskal Herriko artista guztien lanak. Adibidez, Lekorne du bilgune Willis Drummond taldeak, eta A ala B laugarren diskoa kaleratu du, baina Bidehutsekin. Badira Ipar Euskal Herrikoak ez diren artista batzuk ere tartean. Urtzi Urkizu lezoarrak Kezka bat gutxiago poema liburua Maiatzekin argitaratu du. Mugak ez direla behin ere argi azaltzen duen beste puntu bat ere bada. Elkarren Ipar Euskal Herriko adarra Elkar argitaletxearen mahai nagusiaren barne izanen da. Eta, lehen aldiz, Seaska elkartuko zaie bere egutegien saltzeko.

Argitaratu diren lanak hurbilagotik begiratzen badira, urte bukaera honetan haur literaturak leku berezia daukala erran daiteke. Ikasek hiru liburu ekarriko ditu Durangora. Batetik, Olentzero, Haize Othondok moldatu liburua, Claude Labaten idatzia oinarritzat harturik. Grimmen Elur Zuri, Luixa Giltzuk itzulia eta Jean Louis Davantek euskaratu Ilurre kixkur eta hiru hartzak. Gatuzainek Geraldine Collet eta Lunaten Nik badakit egiten ekarriko du Durangora, Jone Josieren itzulpenarekin. Eta ZTK argitaletxeak Amaia Hennebutte-Millarden bi lan, Begi blue disko liburua barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.