Literatura

Iragan hurbilaz eta belaunaldien arteko talkaz idatzi du Juan Luis Zabalak ‘Agerre’ nobelan

Konbikzio politikorik gabeko gizon bat da protagonista, eta sentimendu bat gailentzen zaio: errua. Gazteentzako nobela modura aurkeztu dute, baina hori baino gehiago dela azalduta. Ereinek argitaratu du.

Juan Luis Zabala 'Agerre' nobelaren aurkezpenean, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Juan Luis Zabala 'Agerre' nobelaren aurkezpenean, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko maiatzaren 7a
12:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzera jo behar da erroari heltzeko: azkoitiarra da Juan Luis Zabala, baina iltzatuta gelditu zitzaion behin Zumaian (Gipuzkoa) ikusitako eszena bat. Aspaldi egiten zen triatloi bat ikusten ari, eta txirrindulari bat antzeman zuen, bizikletatik jaitsita, andre batekin eztabaidan. Akaso txirrindulariak andrea bota zuelako edo: «Ez nituen entzuten, baina txirrindularia barkamen eske sumatzen nuen, eta andrea zorrotz, errietan». Erruduntasuna iradoki zion eszena horrek Zabalari, eta, hain zuzen, erruduntasuna da argitaratu berri duen Agerre nobela motzaren abiapuntua. Ereinekin plazaratu du, eta gazteentzako liburuen artean kokatu du liburua argitaletxeak. Edo, Inazio Mujika editoreak zehaztu bezala, «gaztelduentzako» liburuen artean.

Zumaiako eszena hartan bezala, Agerre nobelaren azalean ere bizikleta erori bat ageri da —Ivan Landak egin du—. Istorioa hasi bezain laster, protagonistak emakume heldu bat harrapatuko du bizikletarekin, eta hark ez dio barkatuko. Aita-alaba batzuen familian murgilduko da irakurlea: hirurogeitaka urteko aita da protagonista, eta Suedian kriminologia ikasten ari den hogeitaka urteko alaba narratzailea. Kaletarra izanik ere, Agerre baserriaren izenez deitzen diote aitari, baina Urrarrieta deituriko Gipuzkoa erdialdeko herri batean bizi da, bakarrik. Hala, aita-alabek bideodei bidez mantenduko dute harremana. «Ahotsak entzungo ditugu: pentsatzen dutena, sentitzen dutena eta, batzuetan, baita esaten dutena ere —maiz ez baita gauza bera izaten—», azaldu du Mujikak. 

«Abertzalea da, baina ez irakurtzeagatik edo formazioagatik. Abertzalea da inguru abertzale batean jaio delako, euskaldunez inguratuta. Inertzia bidezko abertzalea da, osmosi bidezkoa» JUAN LUIS ZABALA Idazlea

Baina nahastu egingo dira oraina eta oroitzapenak. Protagonistak iraganeko kontuak azalduko ditu, bera gazte zeneko garaiak; finean, ETA indarrean zegoela bizi izandakoa oroituko du, eta bere ikuspegi pertsonaletik kontatu. «Abertzalea da, baina ez irakurtzeagatik edo formazioagatik. Abertzalea da inguru abertzale batean jaio delako, euskaldunez inguratuta. Inertzia bidezko abertzalea da, osmosi bidezkoa», argitu du Zabalak. Hortaz, pixkanaka-pixkanaka «korapilatuz» joango da istorioa, eta geruza desberdinak azaleratuz: «Politika, iragana, gizarte honetan indarkeriak utzi dituen zauriak —oraindik ere nabarmen presente daudenak—, eta abar». Mujikak azaldu duenez, ez da —soilik— harremanei buruzko istorio bat: «Familiatik gizartera egiten du salto, eta gizartetik auzora».  

Erruaren zama astuna

Etakidea zen protagonistak harrapatutako emakumearen semea; tiroketa batean hil zuten, eta lagun mina zuen. «Protagonistari bi aldetatik datorkio beldurra eta erruduntasuna», kontatu du Zabalak. «Gaztetan errudun sentitzen zen ez zuelako beste batzuek adina egiten bere herriaren alde eta ez zelako behar beste solidario herriaren alde dena ematen zutenengatik, baina gero eta gehiago sentituko du beste erruduntasun mota bat ere: ustez herriaren alde ari ziren horiek egindako gehiegikeriak eta krimenak ez salatu izanarena». Barne gatazka horretan, protagonistak gurari nagusi bat izango du: bizikletaz harrapatu duen emakumearen barkamena. 

«Gero eta gehiago sentituko du beste erruduntasun mota bat ere: ustez herriaren alde ari ziren horiek egindako gehiegikeriak eta krimenak ez salatu izanarena» JUAN LUIS ZABALA Idazlea

Nobelan, alabak «ekidistantetzat» jotzen du aita, baina idazlea ez da bat etorri berarekin: «Protagonista ezin da ekidistantea izan gertutasuna sentitzen duelako pertsona batzuekiko, hizkuntza batekiko eta aberri batekiko. Ez dakit inor erabat «ekidistantea» izatea ere posible ote den». Zalantzak igartzen zaizkio protagonistari eta, dena ulertzeko saiakera egiten duen arren, ez da ezeren parte sentitzen. Horrek, idazlearen ustetan, ez du «ekidistante» egiten. Hortaz, «badaezpada» argitu du: «Ni ez naiz ekidistantea, eta nobela ere ez». Dena den, azaldu du ezen, atal batzuek «panfleto» itxura hartu badute, izan dela halako gaien inguruan hitz egitean aipatzen ez diren kontuak aipatu nahi izan dituelako; alegia, «komunikabide nagusietan azaltzen ez den errealitate bat kontatzeko».

Memoria ariketa bat

Liburua hiru ataletan dago bereizia: Errieta, Mesedea eta Susmoa. Beste egile batzuen aipuak daude bakoitzaren hasieran —tartean daude Dolores Gonzalez Katarain Yoyes eta Ramon Saizarbitoria, esaterako—, baina liburuaren hasiera-hasieran dauden hiruk berebiziko garrantzia dute. «Gure historiaren» errepresentazio direla uste du Zabalak: Joxe Azurmendik, Xabier Letek eta Joseba Sarrionandiak esandakoak ageri dira, hain zuzen. Hala, hausnarketarako gonbita egiten du liburuak; besteak beste, presente daude belaunaldien arteko talka eta eskuinaren gorakada. Baina, Mujikaren iritziz, Zabalak galderak egin egiten dituen arren, ez da erantzun errazekin konformatzen diren horietakoa.

«Garrantzitsua da gazteei ondo azaltzea gure gizartean, oraindik ere, latente dabilen indarkeriaren gertaera hori», esan du Mujikak. «Bestela, Espainian gertatzen ari dena gerta dakiguke, frankismoan hobeto bizi ginela uste dutenak egongo direla». Liburuak ez du zeregin makala: memoria egin eta datozen belaunaldiei iraganaren kontakizuna ahalik eta modu konplexuenean azaltzeko helburua du. Edonola ere, irakurtzeko erraza eta erakargarria dela ziurtatu du editoreak: «Agerre ez da soilik irakurri egiten den liburu bat, pentsatzen den liburu bat ere bada, eta halako liburuak, maiz, bukatu ondoren hasten dira». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA