Kritika. Literatura

Iraganaren puskak

Hasier Larretxearen 'Guztia urruntzea da' liburua.
Hasier Larretxearen 'Guztia urruntzea da' liburua.
2026ko martxoaren 22a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emari handiko idazlea da Hasier Larretxea, argitalpen ugarikoa; hamar liburutik gora biltzen ditu hogei urte eskaseko ibilbidean. Batik bat poesiari emana, gaztelaniaz zein euskaraz argitaratu du. Guztia urruntzea da du izenburu bere poema liburu berriak, Susa argitaletxearekin ateratako estreinako lanak. Oinordetzaren eta norbere identitatearen arteko norgehiagoka da gai nagusia, gai errepikakorra Larretxearen obran. Iraganeko uretan murgildu da autorea, haren puskekin zer egin hausnartzeko.

Poetak bere buruari egindako galderez beteta dago liburua. Iraganari begira, bere identitateari neurria hartu nahian ari da. Min bat, galera bat sumatzen da liburu osoan zehar, eta hustasun horren oihartzunean desegiten dira poetak egindako galderak. Zalantzak dira, beldurrak akaso, galde tonuan baino ahoskatu ezin daitezkeen aitorpen erakoak. «Sua itzaltzen bada,/ itzulerako bidea kausituko dugu?» azkenengo galderaren inguruan dantzatzen dira gainerakoak. Eta irakurleak bere buruari galde diezazkiokeenak: «Zer geratzen da behiala izan ginenetik?», «ba al da zerbait erreskatatzerik garai batean uko egindako herentziatik?», «etxerik bada?».

Batzuetan balirudike ezezkoan dagoela Larretxea, izenburuak gaztigatu bezala, guztia baita urruntzea. Eta «oroitzea/ sator zuloekin/ tupust egitea» delako. Beste poema batzuetan, berriz, etxea ezin berreskuratzeak sortutako zurztasuna igarri daiteke; alegia, iraganeko aingura galdu izanak piztutako etorkizunarekiko larrimina. Edo, bestela esanda, lur ezegonkorrean pausoa kokatu erabakitzeko ziurtasunik eza. Ildo itxaropentsuagoa ere antzematen da, azkenik, posible balitz bezala iraganaren puskak identitate gaurkotuan txertatzea. Hori ez ote den, izan ere, identitatearen nolakotasuna bera. Iraganaren galbahetze bat etorkizunerantz, zatikatu eta badaezpadakoa.

Hiru atal nagusitan banatuta dago liburua. Sumatu daiteke haurtzarotik helduarorako halako ildo narratibo bat, maila sinbolikoan betiere. Lehenengo ataleko poemak gehiago lerratzen dira deskribapen patxadatsura —metaforak ugariak izan arren— eta indar espresibo handiagokoak dira gainerakoak, bortitzagoak nolabait. Liburuaren alderdi interesgarrienetako bat da Larretxeak herentzia —edo etxea, edo familia, edo erroak— eta naturaren artean planteatutako jokoa. «Zer da herentzia, zer ortzia?», dio azkenengo bertsoetako batek eta bien arteko joko lauso eta malenkoniatsutik hazten dira poemak. Emankorra da paisaien, tokien eta identitatearen gurutzaketa. Hala ere, ez dira egoki ustiatzen poemetako hainbat sinbolo eta maiztu samarrak suertatzen dira beste batzuk. Aipatu lausotasuna, hortaz, antzutasun bihurtzen da zenbaitetan, baliabide poetikoen aldizkako kamustasunagatik eta esaera jakin batzuen errepikapenagatik. Ez da poema guztien kasua, haatik. Tarteka ale ederrak ere uzten baititu Larretxeak, imajina argietan bermatzen denean batez ere.

'guztia urruntzea da'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!