Askotan entzuten da. «Esan egia», esaten dio gurasoak haurrari, bikotekide batek besteari eta irakasleak ikasleari. Egia galdetzen da beti, erantzunak konponbidea, argia edota miraria ekarriko balu bezala. Aitzitik, hori bada egia, zer da, orduan, gezurra? Ezkutatu nahi dena izan liteke, gaizki egindakoa. Edo ez. «Gezurraren alderdi makurra ikusten dugu maiz, baina izan liteke babeslekua ere, mekanismo bat errealitate gordinegiak eramangarriagoak egiteko», adierazi du Aintzane Usandizaga idazleak.
Egia eta gezurraren dikotomiari tiraka, idazleak laguntasuna, iraganeko minak eta memoriaren eraikuntza landu ditu nobela berrian, Esadazu gezurra. Susa argitaletxearekin kaleratu du. Usandizagaren lehen eleberria da; aurretik helduentzako zein haurrentzako ipuin liburuak idatzi ditu, baita album ilustratuak ere.
Luxia eta Laida dira eleberriko protagonistak. Donostiako hondartzan hasten da istorioa. Luxia, iluntzeko bainua hartu ostean, ohartuko da kotxeko giltza falta duela. Bainujantzi hutsean eta igerilariek erabiltzen duten buia laranja eskuan, ezezagun bati sakelakoa eskatu eta buruz dakien telefono bakarrari mezu bat bidaliko dio, Laidari. Hark, bi aldiz pentsatu gabe, kotxea hartu eta Luxiaren bila joko du. Bidean, baina, zalantza egingo du. Haurtzaroko lagunak dira, baina aspaldi moztu zuten harremana.
«Laidak objektibotasunaren bilaketa irudikatzen du, arrazionala da. Luxia, berriz, subjektiboagoa da. Batzuetan ihesean dabilela dirudi, eta hasiera batean nahasi xamarra irudituko zaio irakurleari»
AINTZANE USANDIZAGAÂ Idazlea
Laidak erabaki egin beharko du, txikitako lagunari lagundu, ala buelta eman eta iraganari atea itxi. Igerilaria hondartzan zain eta gidaria kotxean direlarik, istorioak iraganera egingo du salto. Orduan azaleratuko dira ordura arte isilean eramandakoak. «Aspaldiko oroitzapenak eta zauriak azaleratzean, protagonistei familiaren kontakizuneko arrakalak, desengainua, lotsa, esker ona eta biziraupena nahastuko zaizkie», azaldu du Usandizagak.
Bi lagunak dira protagonistak, baina bestelako pertsonaiek ere garrantzia dute eleberrian. Batetik, Garazi dago. Haurtzaroan bi nesken laguna zen, baina nerabezaroan herria utzi eta hirurek osatzen zuten triangelua hautsi egin zen. «Oso presente egongo da liburuan», aurreratu du idazleak, bestelako pistarik eman gabe. Eta beste aldetik, Luxiaren eta Laidaren amak. «Haurtzaroan, amen eragina erabatekoa izango da alabengan, nerabezaroan erabakigarria, eta helduaroan ere kontraesan sakonak piztuko dizkiete», esan du egileak.
Bi ahots, bi ikuspuntu
Liburua bost ataletan dago banatuta. Atal bakoitzaren izenburuak ematen du pista istorioaren hariaz: «1: Biok baldin badakigu; 2: Bioi, jakinda ere, berdin bazaigu; 3: Jakitun eta ezaxola, bistakoa bada nola jokatu; 4: Biok jakitun, ezaxola eta eroso, korapilorik gabe etxeratzen bagara; eta 5: Eroso eta korapiloz aske etxeratu eta sekula honetaz hitz egiten ez badugu».
Biok, bioi, biok. Bi ahotsetako narratzailea da liburukoa. Atal bakoitzak bi azpiatal ditu, bakoitza protagonista baten ikuspuntutik idatzita. Xehetasun txiki batzuek bereizten dituzte bata eta bestea. «Laidarena hirugarren pertsonan dago kontatuta. Luxiari, berriz, bigarren pertsonan hitz egiten dio beste ahots batek. Baina badaude aparteko marka gehiago, adibidez, batean letra etzana erabiltzen da, eta bestean komatxoak eta parentesiak», azaldu du Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak.
«Nobelan ikus daiteke kontakizunek nola baldintzatzen duten elkar ikusteko modua, baina baita norberari buruzko pertzepzioa ere»
LEIRE LOPEZÂ Susa argitaletxeko editorea
Lagun minak izateari utzi eta ezezagun bihurtu diren bi pertsonaia dira protagonistak. Bizitzako erabakiak direla medio, desberdinak dira. «Laidak objektibotasunaren bilaketa irudikatzen du: lurtarra, arrazionala eta errealista da. Luxia, berriz, subjektiboagoa da. Batzuetan ihesean dabilela dirudi, eta hasiera batean nahasi xamarra irudituko zaio irakurleari», zehaztu du Usandizagak. Dena den, ez dira aurkakoak. «Ez dira gaua eta eguna; bata bestea izan zitekeen uneren batean bestelako erabakirik hartu izan balu», argitu du Usandizagak.
Memoria eta begirada ugari
Bi ahotsetatik idatzita, Usandizagak kontakizun bat eraikitzeko moduarekin jolastu du. «Istorioen bertsio desberdinekin jolastu du. Nobelan ikus daiteke kontakizunak nola baldintzatzen duten elkar ikusteko modua, baina baita norberari buruzko pertzepzioa ere», adierazi du editoreak. Narrazioarekin jolasteko, gezurra izan du jostailu Usandizagak, eta hala eraiki du fikziozko memoria bat. «Fikzioak gezurretik eta egiatik du. Are, gezurra ezinbestekoa zaigu memoriak dituen zuloak betetzeko. Errepikapenaren errepikapenez, egia sinesgarri bihurtzen da», esan du idazleak.Â
Horrez gain, eleberriak gai asko ukitzen ditu. Honako hauek dira zerrendatu dituzten gaietako batzuk: familia, adiskidetasuna, iraganeko minen zauriak, zerbaiten parte sentitzeko egarria —eta horrekiko beldurra—, isileko indarkeriak eta oinordetzan jasotako ilusioak eta lotsak. Baina guztien gainetik, begirada. Usandizaga: «Begirada non, noiz eta nola kokatzen dugun, aldatu egingo da ezinbestean ikusten duguna. Baina hautatu ote liteke aldiro nora eta nola begiratu?».