Irail mugitu bat, Zuloak ixteko

Irailaren 27an egingo du azken emanaldia iazko Zinemaldian izenburu bereko filmarekin ezagutarazitako taldeak

Fermin Muguruza, ezkerrean, Zuloak taldeko lau kiderekin, atzo, Donostian: Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa, Ursula Strong eta Koldo Soret. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Aurretik pentsatu eta iragarri bezala, bizialdi laburra izango du Zuloak taldeak, Donostiako Zinemaldiaren iazko ekitaldian Fermin Muguruzaren Zuloak filmaren bitartez bere burua ezagutarazi ostean pantailatik oholtzetara jauzi egin zuen rock bandak. Urtebete eskaseko bizialdia zehazki, irailaren 27an egingo baitu azken emanaldia —aurtengo Zinemaldiaren egunetan beraz— Donostiako Egia auzoko Gazteszena aretoan. Azken agurreko kontzertu horren aurretik irail mugitua izango dute, ordea, taldekideek, Bilboko Izar & Star jaialdian parte hartu, Japonian lau emanaldiko bira bat egin eta Polonian ere jotzeko asmoa baitute. Orotara 63 emanaldiren ondoren itxiko du bere ibilbide oparoa Zuloak taldeak.

Izar & Star zikloaren barruan bihar ariko da Zuloak, Bilboko Campos antzokiko Kupula aretoan. Ziklo horretako emanaldietan, taldeak beste kantari edo talde bat hautatzen du, haren kantuen bertsioak eskaintzeko. Zuloakeko taldekideek The Runaways aukeratu dute, aho batez, oso gertuko sentitzen duten taldea delako. The Runawaysen sei kanturen bertsioak emango dituzte. Japoniako birako lau emanaldiak irailaren 11, 13, 14 eta 15ean egingo dituzte Fermin Muguruza Kontrakantxako hainbat musikariz osatutako Asthmatic Lion Sound Anti-Systemekin batera, Tokion, Aichin, Ishikawan eta Niigatan hurrenez hurren. Poloniako emanaldia irailaren 21ean izango da, Ladek Zdrojen.

Azken agurreko emanaldia, irailaren 27an Gazteszenan egingo dutena, berezia izango dela iragarri dute taldekideek, eta festa handia bihurtzeko osagarririk ez zaio faltako. Zuloaken aurretik Fermin Muguruzaren Asthmatic Lion Sound System eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldea ariko da, Zuloak taldeko bi kidek osatua: Ursula Strongek eta Koldo Soretek. Beren emanaldirako kantu zerrenda berezia prestatuko dute Zuloak taldeko kideek.

Proiektu baten sorrera

Irailaren 27ko emanaldian, proiektu baten amaierarekin batera, proiektu horretatik jaiotako beste baten sorrera irudikatu eta gauzatuko dela nabarmendu zuen atzo Fermin Muguruzak, Zuloak taldearen azken emanaldien aurkezpena egitean.

Zuloak izeneko «tresna trasmedia» oso esperientzia positiboa izan da Muguruzaren ustez. Tresna horrek hainbat arlo edo atal izan ditu: filma, taldearen zuzeneko emanaldiak eta soinu bandarekin osatutako diskoabatez ere; haietako bakoitzakbere autonomia izan du eta une jakin batzuetan bateratu egin dira; denek izan dute mugimendu handia, eta horrek erakusten du, Muguruzaren ustez, parte hartu duten guztiek gogoz eta gogotik egin dutela lan, proiektuan sinetsita. Pare hartzaileek Zuloak alde batera utzi eta gero ere, diskoa eta filma hor geratuko dira, eta mugitzen jarraituko dute. Esate baterako, urrian Zuloak filmaren zortzi kopia banatuko ditu Frantzian Floris Filmsbanatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.