Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Irailaren 19an hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Hazparnen

Parte hartzeko aukera zuten 50 bertsolariek eman dute izena, eta abenduaren 20an izango da finala, Iruñean. Ekainaren 17an jarriko dituzte sarrerak salgai. Izena ere aldatuko du, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa deituko da aurrerantzean.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, Bilboko Kafe Antzokian. GORKA RUBIO / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko ekainaren 9a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragarria zuten 2026ko abenduaren 20an izango zela finala, Iruñeko Nafarroa Arenan, eta azken saio horretarainoko ibilbide osoa aurkeztu dute orain. Guztira, hamabost saio izango ditu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak aurten, eta irailaren 19an egingo dute lehena, Hazparnen (Lapurdi). Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gainera, parte hartzeko aukera zuten 50 bertsolariek eman dute izena; bai herrialdez herrialdeko txapelketa bidez sailkatutako 42 bertsolariek, bai eta 2022ko txapelketako finalean parte hartutako zortzi finalistek ere. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ordezkariek zehaztu dutenez, inoiz baino Euskal Herrikoagoa izango da aurtengo txapelketa, gainera. Izan ere, zazpi saio izango ditu lehen sailkapen faseak, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako bakoitzean egingo dute haietako bakoitza. Eta, horrez gainera, izen berria ere izango du txapelketak; hori izango da lurraldetasunari egindako beste keinu esanguratsua. Bertsolari Txapelketa Nagusia izateari utzi, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izango baita aurrerantzean.

Ekainaren 17an jarriko dituzte salgai saio guztietarako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus webgunean, goizeko hamarretan hasita. Bertsozale elkarteko bazkideek merkeago izango dituzte sarrera guztiak, eta, horrez gainera, finalerako sarrerak ere gorde egingo dizkiete, eta ekainaren 24ra bitarte izango dute erosketa hori egiteko aukera.

Bilboko Kafe Antzokian egin dute txapelketaren aurkezpen ofiziala, eta Ainhoa Urien Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldeko kideak, Oier Iurramendi elkarteko koordinatzaileak eta Udane Mugerza txapelketako arduradunak eman dituzte haren xehetasunak.

«Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa bozgorailu handia da, hedadura handikoa, eta ubera uzten duena»

AINHOA URIENEuskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidea

Bere erpinik zorrotzenean azkenean bertsolaritzaren ekosistema osoa txapel bakar batean kondentsatzen duen hiruko baten modura irudikatu daiteke Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Bertsozale elkarteko ordezkariek horregatik nabarmendu dute proiektu ezin zabalago horren mutur bat baino ez dela txapelketa. Eta, horregatik beragatik, lurraldez lurraldeko bertsozale elkarteetako kideekin batera egin dute aurkezpen ofiziala, Bilboko Kafe Antzokian. Ekaitz Elorriaga izan da Arabako ordezkaria, Belate Olabarria Bizkaikoa, Oihana Aranguren Gipuzkoakoa, Nerea Bruño Nafarroakoa, eta, azkenik, Aritz Bidegain ere bertan izan da Ipar Euskal Herriko Bertsularien Lagunak elkartearen izenean. Izan ere, antolatzaileen hitzetan, herrialdez herrialdeko txapelketekin hasitako bidearen «azken zatia» baino ez da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketakoa.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideek gogoratu dutenez, kopuruz, urte osoan antolatzen dituzten bertso plazen parte txiki bat baino ez dute hartzen txapelketako saioek. Baina, aitortu dutenez, kualitatiboki bestelakoa da txapelketak duen eragina. «Txapelketa bozgorailu handia da, hedadura handikoa, eta ubera uzten duena», azaldu du Urienek. Bertsozaletzeko «amu» ere badela gehitu du, bai eta «atxikimendurako tresna» ere, eta euskal kulturaren ekosistema osoan oihartzuna eta eragina dituela ere esan du. «Sortzen duen irrikaren eta eragiten duen lurrikara ederraren jakitun gaude».

Aurten ere hiru fase izango ditu txapelketak, eta lehen fasean izango da nobedade nagusia. 2022ko txapelketak baino saio bat gehiago egingo dute aurten. Sei izan beharrean, zazpi izango dira lehen faseko saioak oraingoan, eta, horri esker, Euskal Herriko zazpi lurraldeetara zabalduko dira lehen faseko kantaldiak. Txapelketan parte hartzen duten bertsolarien kopurua ere handitu du horrek, eta lurraldetasuna kontuan hartuta hartu dute erabaki hori ere. Orain arte baino bi bertsolari gehiago sailkatu dira bai Arabako txapelketatik, bai Nafarroakotik eta bai Xilabatik ere, eta, beraz, herrialdez herrialde sailkatutako 42 bertsolari arituko dira lehen saio horietan kantuan.

«Bertsolaritza tradizioa da, ondarea da, baina batez ere abangoardia da»

OIER IURRAMENDIEuskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea

Finalaurrekoak helduko dira gero, eta bi itzuli izango dituzte. Lau saio izango dira lehen itzulian, eta, orotara, 24 bertsolari arituko dira kantuan, guztira. Lehen faseko saio bakoitzeko irabazleak zuzenean eskuratuko du sailkapen txartela, eta puntuazioaren arabera hautatuko dira gainerako hamarrak. 2022an finalista izandako zazpi bertsolariek bigarren fase horretan hasiko dute txapelketa, eta, beraz, haiekin batera osatuko da 24 bertsolariko taldea. Zehazki, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi eta Sustrai Colina izan ziren 2022an finalistak.

Gero, finalaurrekoen lehen itzulian kantuan arituko diren horien arteko hemezortzi pasatuko dira bigarren itzulira, eta bi itzulietan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da zer zazpi bertsolari arituko diren finalean Maialen Lujanbio egungo txapeldunarekin batera.

Bertsolari gaztea eta berria

«Bertsolaritza tradizioa da, ondarea da, baina batez ere abangoardia da». Iurramendik hitz horiekin definitu du bertsolaritza aurkezpenean, eta, hain zuzen ere, berritasun zantzuak igar daitezke kantuan arituko diren 50 bertsolarien zerrendari erreparatuta ere. Izan ere, Aitor Mendiluze da txapelketan parte hartuko duen bertsolaririk adintsuena, 51 urterekin, eta Eki Manteo, berriz, gazteena, 21 urterekin. Bi mutur horien artean, 34 urteko batezbestekoa dute parte hartzaileek, eta haien arteko hemezortzik, gainera, lehen aldia izango dute txapelketa nagusian —kantuan arituko direnen %34k, alegia—.

Hamalau kidek osatuko dute gai jartzaileen taldea, eta, guztira, 21 epailek ere hartuko dute parte. Horrez gainera, txapelketa antolatu ahal izateko elkarteko boluntarioek egiten duten lana ere nabarmendu dute antolatzaileek.

Plazaz plaza ez ezik, sarearen bidez ere izan ahalko dute zaleek txapelketaren berri. Saioz saio kantuan arituko direnen informazioa bilduko du www.bertsozale.eus orrialdeak, esaterako, eta txapelketari buruzko bestelako datuak, sailkapenak eta albisteak ere bilduko dituzte. Horrez gainera, www.bertsoa.eus orrialdeak ere saioz saioko bertsoaldiak, zuzeneko emanaldiak eta elkarrizketak ere jasoko ditu. Eta finalaurreko saio guztiak zuzenean ikusi ahalko dira hala www.bertsoa.eus orrialdean bertan, bai eta ETB4 telebista katean eta www.eitb.eus orrian ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE