Antton Olariagak 1977ko irailaren 29an eman zuen argitara Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta. Horregatik, data hori hautatu dute hainbat komikizale eta komikigilek urtero egun horretan Euskal Komikiaren Eguna ospa dadin. Azaldu dutenez, euskarazko komikigintza «sustatzeko eta ikusarazteko» asmoz egin dute proposamena, eta, programa zentralizatu bat antolatu beharrean, egun horrekin bat egiteko deia egin diete Euskal Herriko sortzaile, komikizale, saltzaile, ikastetxe, liburutegi eta erakundeei. Lehen urtea izango dute aurtengoa, baina urtero errepikatu nahi dute egitasmoa. Irailaren 29a, aurrerantzean, benetan bilaka dadin Euskal Komikiaren Eguna.
Olariagaren lanera jo dute eguna iragartzeko kartela sortzeko ere. Hain justu, Erein argitaletxeak argitaratutako Ipurbeltz aldizkariaren lehenengo zenbakiaren azala baliatu dute iragarpenak egiteko, bertan dagoen belearen irudi eta guzti.

Ekainean eman zuten egitasmoaren berri, eta, hedabideetara bidalitako oharrean zehaztu dutenez, hainbat liburutegik, dendak, ikastetxek eta erakundek erantzun diote deiari. Euskal Komikiaren Egunarekin bat egin nahi duten sortzaileei ere, esaterako, sare sozialetan komiki gomendioak egiteko eskatu diete, eta egitasmoarekin bat egiten duten dendei hurrengo astelehenean deskontuak edo opariak egiteko aukera proposatu diete antolatzaileek. Ikastetxeetan komiki tailerrak edo irakurketa saioak egin daitezkeela ere iradoki dute, eta zaleei sare sozialetan komikirik kutunenei buruz zerbait idazteko eskatu diete.
Euskal komikigintza, «oso garai onean»
Antolatzaileen hitzetan, bolada honetan «oso garai onean» dago euskal komikigintza, bai argitalpen kopuruari baita argitaratzen diren lanen kalitateari dagokionez ere. Eta hori gizarteratzeko asmoz ere egin dute irailaren 29a Euskal Komikiaren Egun bilakatzeko proposamena. «Oraindik ere jendartearen parte handi batek ez du ohiturarik komikiak irakurtzeko, edo ez dauka euskarazko komikietan dagoen aberastasun handiaren berri. Ekimen honen bidez gure aletxoa jarri nah dugu euskarazko komikigintza hedatzen laguntzeko».