Koronabirusaren ondorioz, Bizkaiko Bertsozale elkarteak irailera atzeratuko du Bizkaiko Bertsozale Txapelketarako sailkapen fasea, eta hori ere zalantza puntuarekin, ez baitute ziurtzat ematen irailean ere egin ahalko denik. Erabakia azaltzeko bidalitako oharraren arabera, "denborak" esango du orduan ere egin ahal izango den edo ez. Bizkaiko Txapelketa urrian egiteko asmoari eusten diote, halere; "printzipioz", zehaztu dute.
Guztira hirurogei bertsolarik eman dute izena Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria den sailkapen fasean kantatzeko. Egun gutxi batzuk barru ziren saioak egitekoak, baina atzeratu egingo dituzte kantaldiak. Antolatzaileek hamar saio zituzten aurreikusita, bost egunetan, eta sei bertsolari ziren haietako bakoitzean aritzekoak. Bertsolariek puntuazioaren arabera lortuko dute txapelketan parte hartzeko txartela.
Urrian, txapelketako kanporaketak
Txapelketa hasitakoan, urrian, sei kanporaketa egingo dira lehenik. 2016ko txapelketako finalista guztiek izango dute aukera fase horretan sartzeko, eta horren arabera erabakiko da aurreko sailkapeneko zenbat bertsolarik izango duten aukera txapelketan aritzeko. Lehen sei kanporaketak egin ostean, hiru finalaurreko egingo dituzte, eta 2018an finalista izandako bertsolari guztiek izango dute aukera orduan sartzeko. Eta hiru saio horietako puntuazioaren arabera erabakiko da, azkenik, finalean izango den zortzikotea.