Etxe barrutik ere dokumentatu daiteke kalekoa; leiho baten begiradatik, adibidez. Hala egiten dute Mehraneh Salimian eta Amin Pakparvar zinemagileek Memories of a Window dokumentalean. Irango protesten ondorengo errepresioa jaso dute zinemagileek, herritarrak istilu horiek grabatzen hasi baitziren, bakoitza bere leihotik. Baina emakume batek tiro bat jasoko du grabatzen ari den bitartean; ez da hilko. Eta zinema ikasle baten eskutitz bat jasoko du, zera galdetzen diona: «Hasi al daiteke iraultza leiho atzetik?». Epaimahaiak zera nabarmendu dio filmari: Irango herriak eta «bereziki gazteriak» bizi duen errepresioa irudikatzeko orduan adierazten duen «sentsibilitatea, ausardia eta trebetasuna», baita «garai ilunetatik atera nahi duen indar kolektibo bat» sendotasun «poetikoz» aurkeztu izana ere. Zinebiko sari nagusia jaso du lanak. Iratxe Fresneda, Ana Pelaez, Varya Yakovleva, Alexe Poukine eta Paola Populin izan dira epaimahaikide.
Raul Barrerasen Bitartean, gero filmak jaso du euskal film labur onenaren sari nagusia, eta epaimahaikideek proposamenaren arrisku mailari eman diote garrantzia bereziki: «Errealitateari loturiko zientzia fikzioa umorearekin eta behatze begirada batekin uztartu ditu, eta konbentzioetatik urrun dagoen film bat izan du emaitza». Hain zuzen, Barrerasen filmean etorkizuneko bost ikerlari Euskal Herriko bailara batera joango dira euren garaian desagerturiko keinuak eta emozioak erregistratzera.
1983ko Bilbon kokatu du Daniel Alegretek High River filma. Bilbon, baina ez edonon; zehazki, High izeneko gay klub batean. Gaztelerazko film labur onenaren sari nagusia jaso du, hain zuzen, «denbora luzeegian ezkutatu behar izan duen, eta oraindik leku askotan ezkutuan ibili behar duen komunitate baten desio eta arrisku atmosfera bat kamerarekin modu magiko eta elegante batean» jasotzeagatik. Gainera, gazte epaimahaiaren saria (EHU) ere irabazi du Alegreten lanak.
Anna Mantzarisen Please filmak jaso du animaziozko film labur onenaren Mikeldi saria, «bakardadearen aurrean erakusten duen umoreagatik», eta Elham Ehsasen Forgotten Spaceman filmak jaso du film labur dokumental onenaren Mikeldi saria; baieztatu dutenez, «maisuki eta trebeki» egindako lana delako. Gainera, aipamen berezia egin diote Antoni Grañanaren Nens del Delta filmari, «kamera erabiltzeko duen modu fresko eta trebe jostalariagatik, eta egia den hori erregistratzeagatik, gure haurtzaroaren memoriara eramateraino».
Fikziozko film labur onenaren Mikeldi saria Sabrine Khouryren A Tenderness filmak jaso du, eta, gainera, European Film Academy sariketarako sailkatu da. Epaimahaiak balioetsi du filmak nola islatzen duen bikote baten ziurgabetasuna, jaioterritik urrun etxe bat eraiki eta hezi egin behar dutenean: «Film pertsonal intimoa, samurra eta politikoa da». Eta aipamen berezia jaso du Elisabeth Werchosinen Meteorite filmak, zehazki, Moldaviako herri txiki baten bizitzara «umoretik, samurtasunetik eta poetika bisual preziosista batetik» hurbiltzeagatik.
Zinebi Networking sariak
(H)emen-Mirentxu Loiarte saria Beatriz Larragetaren Si los pájaros cantan filmak jaso du; aldiz, (H)emen saria Irati Elortondoren Atzetik lanak irabazi du, eta Sortzaileak Saria-Aukera Zuriñe Pajaroren La llave filmak eskuratu.
Bestalde, Jone Aranberriaren Erdiko puntua filma nabarmendu dute Bizkaiko Foru Aldundia Saria-Aukera sailkapenean, Goizane Castilloren AT lanak irabazi du El Santo&Ko saria, Leire Deieneren Arraigo filmak Zineuskadi saria irabazi du, eta EITB Ikusleen Saria Aner Etxebarriaren eta Pablo Vidalen Abata lanak jaso du. GazteDoku atalean, berriz, Nara Tytgatek zuzendutako Os tenemos que decir algo filmak jaso du Euskadi saria.
Zinebi Networking Zinema Dokumentalaren Bilboko Foro Profesionalak ere hiru sari eman ditu, bakoitza 10.000 eurokoa. Tamara Garciaren Hauek ez dira orbainak proiektuak jaso du bat, Jesus Pascualen Carrying Espaliú-k beste bat, eta Celeste Rojasen eta Jose Jimenezen Exterra proiektuak azkena. Sariak gaur banatuko dituzte, 19:30ean, Arriaga Antzokian, eta Istvan Szabori omenaldia egingo diote jaialdiaren amaiera ekitaldian.