Irati Gorostidik 'Arcoiris 82' erakusketa aurkeztu du, iraganeko «bizipen multzo bat»

Gorostidiren 'Aro berria' film luzeko material argitaragabea du abiapuntu erakusketak. Gaurtik urtarrilaren 6ra bitarte egongo da ikusgai Tabakaleran.

Irati Gorostidi 'Arcoiris 82' erakusketaren inaugurazioan, gaur Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Gorostidi 'Arcoiris 82' erakusketaren inaugurazioan, gaur Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2025eko irailaren 11
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1980ko hamarkadan Nafarroan ezagun egin zen Arco Iris komunitatea da Irati Gorostidiren Aro berria filmaren ardatza. Donostiako Zinemaldian estreinatuko du egun gutxi barru, hilaren 20an, eta, haren material argitaragabea oinarritzat hartuta, Arcoiris 82 erakusketa zabaldu du Donostiako Tabakaleran. Komunitate horretako irudiak erakusten dituen bideo instalazio bat aurkeztu du artista eta zinemagileak, eta argazkiak eta bestelako dokumentu batzuk ere bistaratu ditu.

Gorostidik urteak igaro ditu Arco Iris komunitatearen inguruan ikertzen, eta horren fruitua da filma. Garai hartako langile mugimenduan jarri du fokua, eta «gertatutakoaren gogoeta bat» da, haren esanetan. Azaldu du komunitatea batez ere bertan eskaintzen zituzten ikastaroengatik egin zela ezagun: «Ikastaro haiek milaka pertsona erakarri zituzten. Jende talde handiak trantze eta katarsi egoeran sartzen ziren». Gorostidiren gurasoak bertatik igaro ziren, eta, haiei galdetuta, artxiboko irudiak eta dokumentuak deskubritu zituela azaldu du. Hortik hasi zen sorkuntza prozesua.

Filma modu «oso berezian» grabatu dutela adierazi du. Dokumentu eta irudi horietatik abiatuta, lantalde osoa ibili da horiek berregiteko lanetan, askotariko prozesuen bidez: «Irudi horien inguruko gogoeta egin dugu kolektiboki. Ondoren, ikastaroen prozesu hori berregin dugu, han erabili zituzten tekniketatik hasita. Erakusketan, hain justu, bizipenetan jarri dugu arreta».

«[Arco Iris komunitateko] Ikastaroen prozesu hori berregin dugu, bertan erabili zituzten tekniketatik hasita. Erakusketan, hain justu, bizipenetan jarri dugu arreta» IRATI GOROSTIDI Artista eta zinemagilea

Txandaka proiektatzen diren pantaila anitzeko bi bideo-instalaziok osatzen dute erakusketa: Marathon eta Samsara. Bigarren hori filmazioan egindako argazki sorta batek lagunduta erakutsiko da, Arco Iris komunitatearen artxibo materialarekin batera. Elkarrizketek eta errekreazioek osatzen dituzte piezak, eta agerian uzten dute filmaketa prozesuan antzezpenaren eta esperientziaren arteko muga lausotu egin zela: «Pertsonaien larruan jarri ziren aktoreak, eta haien benetako emozioak azaleratu ziren». Hori dela eta, antzezpenetan parte hartu dutenen gorputz eta testigantzetan murgiltzeko ibilbide bat eskaintzen du erakusketak.

(ID_15306801) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-09-11, Donostia Irati Gorostidiren erakusketa Tabakaleran: \'Arcoiris 82\'. 11-09-2025, Sa...
Irati Gorostidik erakusketan jarritako zenbait argazki. GORKA RUBIO / FOKU

Gaurtik urtarrilaren 6ra bitarte egongo da erakusketa ikusgai, Tabakalerako lehen solairuko bigarren erakusketa aretoan. Gainera, erakusketa osatzen duten jarduera programaren barruan, Tabakalerak Gorostidiren filmei buruzko zinema ziklo bat antolatu du. Horrez gain, filmaren inguruko saio bat ere antolatuko dute, eta zuzendariak bere azken filmaren sorkuntza prozesua azalduko du —oraindik ez dute zehaztu noiz izango den—.

Gorostidiren ibilbidea

Zinemagile nafarrak ibilbide luzea du zinema arloan, eta Tabakalerarekin lotura estua izan du ibilbide horretan. 2020. urtean euskal emakume zinemagile hasiberriei zuzendutako Noka programan parte hartu zuen, eta 2022an bere Anekumen proiektua Tabakaleraren, Donostiako Zinemaldiaren eta Elias Kerejeta Zine Eskolaren Ikusmira Berriak egonaldi programan hautatu zuten.

Gorostidiren fikziozko lehen film luzea Aro berria den arren, honako lan hauek egin ditu aurretik: Pasaia bitartean (2016); Euritan, Arantza Santestebanekin batera zuzendua (2017); Unicornio, (2021); San Simon 62, Mirari Echavarriarekin (2021), eta Contadores (2023). Azken hori Cannesko Kritikaren Astean eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.