Artea

Irene Kopelmanek paisaiari buruz gogoetatu du Artiumen paratu duen erakusketan

Argentinako artistak azken hogei urteetan garatutako ikerketa artistikoa eta Arabako Carrias mendiko formazio geologikoetan egindako lan bat biltzen ditu ‘Siluetak eta beste istorio batzuk’ erakusketak.

Irene Kopelman artista bere obra batzuekin, Artiumen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irene Kopelman artista bere obra batzuekin, Artiumen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko urriaren 2a
13:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paisaia ez da ikusten dena bakarrik. Nola begiratzen zaion, nola irudikatzen den eta haren inguruan zer ezagutza sortu den ere bada paisaiaren parte. Ideia horren inguruan egituratu du Irene Kopelman artista argentinarrak Siluetak eta beste istorio batzuk erakusketa. Artium museoko A2 aretoan jarri dute ikusgai, eta 2027ko martxoaren 29ra arte egongo da zabalik. Erakusketak lehen aldiz bildu ditu 2003tik Kopelmanek hainbat testuinguru geografiko eta zientifikotan egindako ikerketak, eta baita Gaubeako (Araba) Carrias mendiko formazio geologikoetan propio egindako lan bat ere.

Kopelmanen (Cordoba, Argentina, 1974) jardun artistikoaren ardatzetako bat naturaren irudikapena da: modernitateak «natura» gisa ulertzen duen horren inguruan aritzen da, eta bereziki paisaiaren nozioa aztertzen du, Europako tradizio piktorikoaren arrastoak kontuan hartuta. Baina Kopelmanen lana ez da paisaia irudikatzera mugatu. Aitzitik, paisaiara bertara hurbildu ohi da tokian tokiko ezaugarriak aztertzeko eta ezaugarri horiek esperientzia artistiko bihurtzeko. Horretarako, ikerketa prozesu luzeak egiten ditu, eta hainbat arlotako adituekin lan egiten du. Formazio geologikoak, ekosistemak eta ingurune jakin batzuk aztertu ostean, marrazkia, pintura, argazkia eta eskultura erabiltzen ditu behaketa horietan sortutako materiala eraldatzeko.

Irene Kopelman-Artium
Irene Kopelmanen pieza bat, egurrez eta brontzez egindakoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Erakusketaren abiapuntu nagusia Carrias mendiaren kareharrizko formazioak dira. Proiektu hori egiteko Arturo Apraiz EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko geologia irakaslearekin lankidetzan aritu da, eta emaitza Araban egindako hainbat ikerketa bidaien ondorio da. 

Hortik abiatuta, tokiko paisaien behaketa eta beste leku batzuetan aurretik egindako ikerketak elkarren ondoan jarri ditu artistak —besteak beste, Alpeetako glaziarrei lotutako lanak—. Testuinguru batetik bestera joanda, paisaiaren eta haren irudikapenaren inguruko galderak berriz formulatu ditu: zer ikusten da, nola begiratzen zaio, eta zer gertatzen da errealitate bat marrazki, argazki edo objektu bihurtzen denean?

Ikerketa eta argitalpena ere ezin dira bereizi Kopelmanen praktikan. Artiumen erakusketak, hain zuzen, lehen aldiz bateratu ditu bi adierazpenak. Batetik, Kopelmanek urteotan egindako argitalpen lan zabala —marrazkiak batez ere—, hainbat poster eta eskultura bat. Eta, horiekin batera, ikerketa prozesu baten aztarnak ere badaude erakusketaren ibilbidean. Aztarna horietako bakoitzean Kopelmanek leku bakoitzean aurkitutakoari begiratzeko modu bat garatu eta bistaratu du. 

Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria da erakusketako komisarioa, eta TEA Tenerife Espacio de las Artes zentroarekin elkarlanean eta Mondriaan Fund Herbehereetako erakundearen babespean ondu dute.

Liburuaren inguruko praktikez, IGANDEAN

Erakusketaren inaugurazioarekin batera, Artium museoak argitalpen praktikei buruzko A Matter of Words topaketa egingo du igandean. Egun osoz, liburu azoka bat eta edizioaren inguruko hitzaldi eta eztabaidak izango dira. Thomas Boutoux eta Alejandro Cesarco dira topaketako komisarioak. Hainbat herrialdetako argitaletxe eta liburu denda independenteek parte hartuko dute, tartean Bilboko Belleza Infinita, Ibarrangeluko (Bizkaia) Caniche Editorial eta Parisko After 8 Books etxeek. Sarrera doakoa da.

 
11:00etan hasiko da topaketa, In Good Company: Every Here and There izeneko saioarekin. Komunitateen sorrera, liburuen banaketa eta liburu denden zeregin soziala izango dituzte hizpide Siddharta Lokanandik (Hopscotch Reading Room), Blanca Sotosek (Mira Look Books) eta Benjamin Thorelek (After 8 Books).

 
16:00etan, berriz, argitalpen praktiken iraunkortasuna eta etorkizuna aztertuko dituzte New Directions saioan. Carlos Copertonek (Caniche Editorial), Mela Davila Freirek, Irene Kopelmanek eta Kristen Vida Alfarok (Silver Press) parte hartuko dute. Erakusketen katalogoak, artisten liburuak, egunkariak eta argitalpen hezigarriak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Topaketaren izena AMAonline museoko plataforma editorialeko atal batetik dator. Testu poetikoak, teorikoak, fikziozkoak eta analitikoak biltzen ditu atal horrek, genero eta idazketa moduen arteko gurutzaketak aztertzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA