Ironiaz, txerrien erraietatik

Portugalen, Italian, Grezian eta Espainian arteak krisi ekonomikoari buruz egin duen gogoeta du aztergai Artium museoaren 'PIGS' erakusketak.Hogei artistaren bilduma zabala prestatu dute

Avelino Salaren Gimme shelter obra, Artiumen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Krisi ekonomikoaren lexikoak ekarri duen akronimo doilorrena da, zalantzarik gabe, PIGS. Portugal, Italia, Grezia eta Espainia herrialdeen hasierako letrak elkartuta —ingelesez— sorturiko laburdura erruz erabili du prentsa anglosaxoiak Europako gaixo ekonomikoak izendatzeko, atzean zeukan hitz joko gordina ezkutatzeko ahalegin handirik gabe. Ingelesetik zuzenean itzulita, txerriak dira PIGS.

Euroaren krisian sakondu ahala, bolo-bolo ibili zen terminoa. Artium museoko arduradunei ere gogoeta eragin zien. «Esparru artistikoan, kulturan horrek guztiak nolako eragina izango zuen pentsatzeari ekin genion», azaldu du Blanca de la Torrek. Ideia hori izan zen oinarria atzo aurkeztutako PIGS erakusketan, zeinak De la Torre bera duen komisario.

Erabaki formalak hasi baino lehen hartu behar izan zituzten. Krisiaren joanean, beste I letra bat gehitu zitzaion akronimoari: Irlandarena. Haatik, herrialde hura alde batera uztea erabaki zuten Artiumen, eta beste lau herrialdeetako artisten bilduma osatzea lehenetsi zuten. Komisarioaren ustez, aukeratutako lau herrialdeek badute iragan loriatsu bat, baina une jakin batetik aurrera gutxietsi izan dituzte. «Ez da soilik ekonomia edo krisia; herrialde horiei ezarritako klixe andana bati buruz ari gara». Gutxiago lan egitea edo beti parrandan ibiltzea, beste askoren artean.

Europaren barruan «intrakolonialismo» kutsu bat hartzen dio jarrera horri De la Torrek. Europa iparraldeko herrialdeek hegoaldekoak gutxiesteko bide bat izan da, eta krisiaren inguruan hartu diren erabaki ugari justifikatzeko erabilitako narrazioaren zutabeetako bat izan da.

Koprodukzio luzea

Lau bat urte dira erakusketak lehen urratsak egin zituenetik. Nazioartera begiratzea erabakita, beste zentro batzuen lankidetza lortzen ahalegindu da Artium, baita lortu ere. Koprodukzioan laguntzaile izan ditu Portugalgo Portoko Galeria Municipal, Greziako Salonikako arte garaikidearen zentroa eta Balear uharteetako Es Baluard zentroa. Portoko alkate Rui Moreira Gasteizen egon zen erakusketaren aurkezpenerako.

Bilduman, hogei artistaren lanak elkartu dituzte. Arte garaikideko zentro-museoaren ipar aretoa beteko dute maiatzaren 15era arte.

Hari nagusia krisia bera izan liteke, baina hortik abiatuta artista gehienek nahiago dute botereari, merkatuari edo erakundeei eta haien erantzukizunari begira jartzea. Instalazioak, bideoa, collagea, pintura eta argazkia tartekatzen dira piezetan.

PSJM bikotearen eta Jose Maria Duranen artean sortutako Total market proiektu zabal baten parte da, esaterako. Anarkokapitalismoaren ideia hartu, eta ideologia totalitario baten ezaugarriekin irudikatu dute. Bideo eta instalaziotik aparte, entsegu liburu bat ere prestatu dute.

Erakusketaren izenburuarekin lortura zuzena duen beste erantzun ironikoa Santiago Sierrarena da. Iberiar penintsularen mapa erraldoi bat janariarekin sortu, eta, literalki, txerriei jateko eman zien. Bideo batean du emaitza grabatua. Azkenean, jatorriko mapa erabat desitxuratuta ageri da. Alegoria bat da. «Txerri kapitalistak gai dira herrialde osoak suntsitzeko, inolako zigorrik gabe», artistaren hitzetan.

Greziatik, berriz, kultura klasikoaren sinboloekin jokoa egin du Bill Balaskas artistak, Partenoiaren irudia oinarri hartuta, eta Avelino Salak estatua, Polizia eta artea jarri ditu harremanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.